Hegalean eutsi, eta bizkarrera jokatu

Joko landuan oinarritzen da Brugge taldearen estiloa. Hegaletako jokalarien azkartasuna eta buruz burukorako trebetasuna dira taldearen bertute nagusiak. Baloia atzetik jokatuta ateratzean arriskatu egiten dutenez, taldea gaizki kokatuta eta babesik gabe harrapatu ohi dute.

Andreas Skov Olsen, gorriz, baloia jaso nahian, Aarhusen aurkako neurketan. ERNST VAN NORDE / EFE.
Iñaki Berastegi.
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Ronny Deilaren Brugge taldeak bikain ekin dio denboraldiari Europan zein Belgikako ligan. Konferentzia ligan erraz gainditu zituen Danimarkako Aarhusen eta Islandiako Akureyriren aurkako kanporaketak, eta lau jardunaldiren ostean, Jupiler ligako liderra da hamar punturekin, Ganterekin berdinduta. Bi txapelketa horien artean jokatu dituen zortzi neurketetan 27 gol sartu ditu, eta bost baino ez dizkiote egin. Talde horren aurka jokatuko du Osasunak Konferentzia ligako atariko kanporaketa: bihar, joaneko partida, Iruñean; eta hilaren 31n, itzulikoa, Bruggen.

Edonola, Jonas De Roeck (Bartzelona, 1979) Belgikako ligako Westerlo taldeko entrenatzaileak uste du Osasunaren aurkakoa izango dela denboraldiko lehendabiziko «benetako» erronka. «Sasoiko lehen aurkari zaila Osasuna izango da. Akureyrik, adibidez, ez dut uste Belgikako Lehen Mailan jokatuko lukeenik ere. Taldea ondo dago, konfiantza handiz, baina Osasunaren aurkako partidaren ostean ikusiko dugu zein den haren benetako maila. Esango nuke, aurreko sasoian ez bezala, postu bakoitzeko bi jokalari on dituela».

Teknikoki talde «ona eta erasokorra» da Brugge. «Joko landua egiteko jokalari aproposak ditu. Baloia ia beti atzetik jokatuta ateratzen du, arrisku handiak hartuz askotan, baina joko horretan gustura aritzen da. 4-2-3-1 sistema erabili ohi du hasiera batean, baina hegalekoak horren erasokorrak direnez, bi erdiko atzelariak eta euskarrietako bat geratzen dira soilik atzealdea zainduz».

Jokatzeko moduari dagokionez, barrutik jokoa harilkatu ostean, hegaletatik min egiten ahalegintzea da taldearen lehen baliabidea. «Hegaletako jokalariek kanpotik barrura jokatzea nahi dute, hegal guztia atzelariei uzteko asmoz. Nagusiki, eskuin hegalen aritzen den Tajon Buchananekin egiten dute hori, ezker hegaleko Maxim De Cuyper gutxiago igotzen delako. Hori lortzen ez badute, Antonio Nusak eta Andreas Skov Olsenek buruz burukoan duten trebetasuna erabiltzen dute».

Kanpotik jokatzen dutenen lana ez ezik, barrukoen gaitasuna ere azpimarratu du De Roeckek. «Hans Vanaken oso jokalari inteligentea da. Taldeak jokoa sortzeko orduan zailtasunak dituenean, atzerago etortzen da baloia jokatzera, baina Hugo Vetlesenen gisara, beti agertzen da jokaldia bukatzeko». Ferran Jutgla min hartuta dagoenez, Igor Thiago edo Roman Yaremtxuk izaten ari dira taldeko aurrelariak. «Batak edo besteak jokatu, ez dago alde handirik. Area barruan ongi mugitzen dira biak, eta handik kanpo, taldeari jokoa sortzen lagundu ohi diote».

Atzean, zailtasunak

Westerlo taldeko entrenatzailearen arabera, defentsan «ahulagoa» da Belgikako taldea. «Brandon Mechele eta Jorne Spileers bi erdiko atzelari titularrak indartsuak dira, baina mugikortasun apur bat falta zaie. Sufritu egiten dute mugikortasun handia duten aurrelari azkarren kontra». Horrekin batera, De Roecken ustez, erdiko atzelarien eta hegalekoen artean dagoen espaziora jokatuta egin diezaioke min Osasunak Bruggeri. «Baloia galduz gero, Onyedika askotan bakarrik dago zelai erdian. Beraz, baloia azkar mugitzea funtsezkoa izango da Osasunarentzat. Izan ere, Buchananek gutxi begiratzen du atzera, eta baloia berreskuratu ostean hegal horretara azkar jokatuz gero, atzeko lerro guztia tokiz kanpo harrapatu dezakete».

Presio aurreratuaren aukera ere nabarmendu du. «Vanakeni edo Thiagori esker, luze joka dezakete presio hori ez izateko. Mechele ez da eroso sentitzen baloiarekin, eta, presioa ondo eginez gero, baloia oso goian berreskuratu dezake Osasunak, Bruggek irteeran arriskatu egin ohi duelako».

De Roeckeren iritziz, hiru dira, bereziki, zaindu beharreko jokalariak: Nusa, Skov Olsen eta Vanaken. «Vanaken eta Skov Olsen dira taldean eragin handiena duten jokalariak. Skov Olsen osasuntsu badago, liga indartsuago batera jauzia emateko maila dauka. Simon Mignolet atezainaren lana ere ez nuke aipatu gabe utzi nahi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.