Futbola

Hegoafrika eta Kanada lehen aldiz sailkatu dira kanporaketetarako

Munduko Kopako A multzoan, Mexiko eta Hegoafrika sailkatu dira final-hamaseirenetarako; B multzoan, Suitza eta Kanada; eta, C multzoan, Brasil eta Maroko.

HEGOAFRIKA. MIGUEL SIERRA / EFE
Hegoafrikako jokalariak, Hego Korearen aurkako garaipena eta final-hamaseirenetarako sailkapena ospatzen. MIGUEL SIERRA / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 25a
09:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko Kopako ligaxkako azken jardunaldia jokatu dute A, B eta C multzoetan. A multzoan, Mexikok 3-0 irabazi dio Txekiar Errepublikari, eta Hegoafrikak 1-0 Hego Koreari. B multzoan, berriz, Suitza 2-1 nagusitu zaio Kanadari, eta Bosnia 3-1 Qatarri. Azkenik, C multzoan, Brasilek 3-0 hartu du mendean Eskozia, eta Marokok 4-2 Haiti. Hala, A multzoan, Mexiko eta Hegoafrika sailkatu dira final-hamaseirenetarako; B multzoan, Suitza eta Kanada; eta, C multzoan, Brasil eta Maroko. Hego Korea, Bosnia eta Eskozia hirugarren sailkatu dira, eta zain egon beharko dute kanporaketak jokatuko dituzten jakiteko.

A MULTZOA

Mexikok bolada onari eutsi dio, eta hirugarren partida irabazi du: 3-0 Txekiar Errepublikari. Javier Aguirrek entrenatutako taldea bikain ari da, jokatu dituen hiru neurketak irabazteaz gain, sei gol sartu baititu partidako, eta bakar bat ere ez baitu jaso. Horri esker, nagusitasunez eskuratu du A multzoko lehen postua, bederatzi puntu bilduta. Hirugarren sailkatu baten aurka jokatuko du final-hamaseirenetan.

Hegoafrika sailkatu da bigarren postuan multzo horretan, lau puntu bilduta. Hori eginda, historia egin du, inoiz ez baitzen sailkatu kanporaketak jokatzeko. Hego Koreari 1-0 irabazita egin du final-hamaseirenetarako urratsa. Kanadaren aurka jokatuko du kanporaketa horretan, igande honetan, 21:00etan. Hain zuzen, bi selekzio horiek lehen aldiz sailkatu dira kanporaketak jokatzeko. Beraz, batek beste mugarri bat ezarriko du.

Hego Koreak, berriz, behetik gora egin du: irabazi egin zuen lehen partida, Txekiar Errepublikaren aurka, baina galdu egin ditu hurrengo biak. Hiru puntu ditu, eta ikusteko dago hirugarren sailkatu diren zortzi selekzio onenetako bat izango den. Txekiar Errepublika, ordea, kanporatua geratu da, puntu bakarra batu baitu.

B MULTZOA

Suitzak behetik gora egin du Munduko Kopan: berdindu egin zuen lehen partida, Qatarren aurka, baina irabazi egin ditu hurrengo biak, Bosniaren (4-1) eta Kanadaren aurka (2-1), hurrenez hurren. Horri esker, laugarrenez jarraian sailkatu da kanporaketetarako. B multzoko lehen postuan bukatu du, zazpi puntu bilduta, eta hirugarren sailkatu baten aurka jokatuko du.

Kanada mugarriz mugarri dabil Munduko Kopa honetan. Bitan hartua zuen parte Munduko Kopan, eta galdu egin zituen jokatutako sei partidak. Etxean, ordea, goia jo du: lehen jardunaldian, aurreneko puntua lortu zuen Munduko Kopa batean; bigarrenean, lehen aldiz irabazi zuen; eta, azkenekoan, nahiz eta Suitzaren aurka 2-1 galdu, lehen aldiz sailkatu da kanporaketak jokatzeko. Hori lortu duen beste selekzio baten aurka ariko da final-hamaseirenetan: Hegoafrikaren kontra.

Kanadak lau puntu lortu ditu, Bosniak bezala, baina aurrea hartu dio gol aldeagatik. Bosniarrek 3-1 irabazi diote Qatarri azken jardunaldian, eta ezusterik ezean, final-hamaseirenak jokatuko dituzte. Qatar, berriz, multzoko azkena izan da, puntu bakarra lortuta. Gaizki aritu da Julen Lopetegik entrenatutako selekzioa.

(ID_16216070) FIFA WORLD CUP 2026
Kanadako jokalariak, final-hamaseirenetarako sailkapena ospatzen. BOB FRID / EFE

C MULTZOA

C multzoan, Brasilek eta Marokok aurreikuspenak bete dituzte, eta biak sailkatu dira final-hamaseirenetarako: zazpi puntu lortu dituzte biek, baina brasildarrak aurretik sailkatu dira, gol aldeagatik. Biek irabazi dute azken jardunaldian: Hego Amerikako selekzioak 3-0 hartu du mendean Eskozia, eta Afrikakoak 4-2 Haiti. Final-hamaseirenetan, Brasilek F multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du, eta Marokok lehen sailkatuaren aurka. Herbehereak, Japonia eta Suedia dabiltza lehia horretan.

Eskoziak hirugarren postuan bukatu du, hiru puntu batuta, eta zain egon beharko du final-hamaseirenetan ariko den edo ez jakiteko. Azkenik, Haitik punturik bildu gabe bukatuko du Munduko Kopa. 52 urteren ostean aritu da. 

(ID_16216598) FIFA WORLD CUP 2026
Vinicius, Brasilen garaipena eta sailkapena ospatzen. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA