Heineken kopa Miarritzeren amesgaiztoa izanen da denboraldi honetan? Aste bat ere ez da iragan Anoetan Miarritzeren europar ametsa gelditu zenetik. Porrotaren kolpetik altxatzeko denbora izpirik izan ez duelarik, dagoeneko berriz Heineken kopari pentsatzen hasi beharko du Miarritzek. Izan ere, Top14an inor ez dago deus oparitzeko. Aspaldiko sasoi orekatuena izaten ari da. Hiru partida falta dira liga erregularra bukatzeko, eta Miarritzek dena dauka oraindik jokoan.
Hiru partiden ondotik, hirugarren posturaino igo daiteke Agilerako taldea, baina, aldi berean, dena gal dezake eta seigarren postutik kanpo gelditu. Kasu horretan, agur erranen lioke Heineken kopari. Aurkariak ugariak dira: Clermont, Toulon, Perpinya eta Baiona. Laurak ala laurak prest, Miarritzeri aitzina hartzeko eta Europako lehiaketa nagusirako txartela segurtatzeko. Eta aitzinxeago dauden Castres edo Montpellier ere ez dira ahantzi behar, Miarritzek harri kolpe batera baititu. Montpellier hirugarrenaren eta Baiona bederatzigarrenaren artean zazpi puntu eskas daude. Miarritze eta Baionaren artean, berriz, lau besterik ez: garaipen bateko tartea.
Lehia estua
Egoera hain estua izanik, hipotesiak hamarnaka egin daitezke, eta kalkuluetan galtzea aise da. Honakoak Miarritzek baino puntu-alde hobea duela, beste hau makurrago dabilela... Panorama horren erdian, Miarritzek abantaila bat dauka. Gaurko jardunaldia jokatu baino lehen, bera dago lehen sei postuetan sailkatuta eta beraz bere etorkizuna esku artean dauka. Horretarako, baina, bide bakarra dago: gelditzen diren hiru partidak irabaztea.
Bide hori arratsalde honetan hasiko da, Agileran, Briveren aurka (14:30). Sasoi honetan etxean jokatzen duen azken partida izanen du Miarritzek, liga erregularreko azken bi partidak etxetik at jokatuko baititu, Castresen eta Bourgoinen, hain justu. Gaurko partidari begira, baina, joan zen igandeko partidak kaltea eragin du. Hariñordoki, Traille eta Marconnet ez dira zelaian izanen, min hartuta baitaude. Haien eskarmentua gabe egin beharko du Miarritzek. Baina ahaleginak merezi du, saria handia baita: hurrengo sasoian Heineken koparekin amets egiten jarraitzea.
Heineken kopa dago jokoan
Miarritzek Briveri irabazi behar dio gaur Agileran, sailkapeneko lehen sei postuetan jarraitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu