Deportivo, Racing, Mallorca eta Osasuna dira Espainiako Ligan 2009-2010eko denboraldiko lehen bi jardunaldietan golik sartu ez duten talde bakarrak. Eta gaur aurrez aurre izango dira azken biak, Mallorcako Iberostar estadioan (Son Moix). Emaitza logikoena hutsekoa dela ondoriozta daiteke, baina argi dago gol lehortea amaitzen ahaleginduko direla bai Michael Laudrupen taldea eta bai Jose Antonio Camachorena. Galtzen duenak jaitsiera postuetan amaituko du jardunaldia, eta, liga hasi besterik egin ez bada ere, inori ez zaio gustatzen sailkapeneko azken postuetan egotea.
Adurizen ordez Fernando Cavenaghi argentinarra fitxatu zuen Mallorcak udan, baina zorrek itota dabil taldea. Besteak beste, Borja Valero, Mattioni eta Mario Suarez galdu ditu Mallorcak uda honetan, aurrelari gipuzkoarraz gain. Iragan sasoian Europako Liga jokatzeko sailkatu baziren ere, Mallorcakoek mailari eustea izango dute orain helburu nagusitzat. Osasunaren aurkari zuzena da Mallorca, beraz. Eta lehorteak lehorte, gola sartzen asmatuta, behingoz partida bat irabazi nahi dute iruindarrek.
Lekic eta Pandiani aurrean
Horretarako bost aldaketa egingo ditu Camachok: Nelsonek Damiaren tokia hartuko du eskuin hegaleko atzelari lanetan; Vadocz euskarriak ordezkoen aulkian utziko du Nekunam; Camuñasen ordez -kili-kolo ibili da-, Masud ariko da ezker hegaleko erdilari lanetan; eta aurrealdean, Soriano eta Arandaren ordez, Pandiani eta Lekic ariko dira. «Datorren asteartean eta igandean beste bi partida jokatu behar ditugu, jokalari guztiengan konfiantza daukat, eta txandakatzeak egingo ditut, jokalarien nekea kontrolatzeko, batetik, eta golak sartzeko dugun ezintasuna zuzentzen ahalegintzeko, bestetik», esan du Osasunako entrenatzaileak.
Dejan Lekic serbiarra izan da sasoi honetarako apustu nagusia, eta Mallorcan hasieratik ariko dira gorritxoen ustezko bi golegile onenak: Lekic eta Pandiani. «Lekic golgilea da, errematatzailea da, eta golak emango dizkigula espero dugu. Buruarekin zein bi hankekin ondo errematatzen du, eta jokalari garrantzitsua da». Camachoren azalpena da hori.
Helburua: golarekin adiskidetzea
Mallorcak eta Osasunak ez dute golik sartu oraindik, eta joera hori aldatzen saiatuko dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu