Helburua lortzeko eguna

Tenerifek Bartzelonan galdu izana baliatu nahi du gaur Osasunak etxean Deportivori irabazi eta maila ziurtatzeko. Miguel Angel Lotinak zuzendutako taldeak hamar partida daramatza irabazi gabe

Iruñea
2010eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Bi baldintza behar zituen Osasunak jardunaldi honetan bertan maila matematikoki ziurtatzeko: Deportivo etxean mendean hartzea, eta Tenerifek edo Malagak ez irabaztea. Malagak gaur jokatuko du San Mamesen, baina Tenerifek atzo jokatu zuen Nou Campen, eta Kanaria Uharteetakoek galdu egin zuten. Bi baldintzetako bat bete da, beraz, baina zailena geratzen zaio orain Osasunari: gaur Deportivori irabaztea. Eta horixe da helburua. Atzo Miguel Angel Lotina Deportivoko entrenatzaileak gogorarazi zuenez, sasoi amaiera bitartean punturik batzen ez badute ere, eutsi egingo diote mailari gorritxoek, baina azken unera arte sufritzeko gogorik ez dute nafarrek, azken bi denboraldietan Ligako azken minutura arte borrokatu behar izan ostean. Gaur amaitu behar du denboraldiak Osasunarentzat.

Deportivok emaitza onak lortu izan ditu Iruñean azken denboraldietan -azken hamabi bisitetan bi aldiz soilik galdu dute galiziarrek Osasunaren zelaian-, baina zalantzarik gabe Deportivori aurre egiteko sasoiko unerik aproposena dirudi: azken hamar partidetatik bakar bat ere ez du irabazi Miguel Angel Lotinak zuzendutako taldeak, eta azken lau partidetan golik ez du sartu, gainera. Lehen itzuli ikusgarria egin ostean Europako postuetan bazeuden ere, bigarren itzulian etengabeko gainbeheran da Deportivo, eta galiziarren bolada txarra luzatu egin nahi du Osasunak, denboraldiko helburu nagusia ziurtatuz.

Gainera, bolada negargarrian izanagatik, Deportivok maila galtzeko arriskurik ez dauka, eta argi dago motibazioari dagokionez, behintzat, Osasunako jokalariak nagusi izango direla gaur. Deportivok ezertxo ere ez dauka jokoan gaur: jaitsiera postuetatik bezain urrun da Deportivo Europan jokatzeko aukera ematen duten postuetatik. Lehen Mailan inoiz izandako boladarik txarrenak gaindituko ditu gaur Deportivok Iruñean galduz gero, baina estatistikak zuzentzeaz gain beste saririk ez dute izango jokoan galiziarrek. Harrobiko jokalariak maila nagusian lehiatzen ikusteko ere baliatu nahi ditu partida horiek Lotinak, eta hori ezer jokoan ez izateak ematen duen lasaitasunak ekar dezake bakarrik. Argi dago Jose Antonio Camachok entrenatutako jokalariak beste grina batekin zelairatuko direla puntuen bila.

Camacho, tentsio eske

«Erabateko lasaitasuna izateko geratzen zaizkigun hiru partidetatik bat irabazi beharrean gaude oraindik, eta bihar [atzo] bertan lortu nahi dugu, ez dugu zain jarraitu nahi», esan zuen atzo Camachok gaur iluntzeko partidaren inguruan. «Deportivok etxeko lanak eginda ditu, baina ez dakit hori guretzat abantaila den ala ez. Lanak bukatu dituenaren lasaitasunarekin eta presiorik gabe ariko dira, eta uzten badiegu, partida ona jokatuko dute. Haiek ez bezalako tentsioa erakutsi behar dugu guk, dena dela, guk ez baititugu oraindik lanak egin, eta horrek nabaritu egin behar du zelaian. Irabazi gabe ere salbatu gaitezke, baina horretarako beste taldeen hutsen zain geratu beharko genuke, eta hori ez dugu nahi», jarraitu zuen gorritxoen entrenatzaileak.

Real Madrilen aurka partida dotorea jokatu zuen Osasunak iragan igandean, baina gaur Deportivori aurre egiteko zelairatuko duen hamaikakoan ez da berritasunik faltako, hala eta guztiz ere. Camachok atzo hamaikakoa erakutsi ez bazuen ere, Santiago Bernabeun jokatutako partidan atseden hartu ostean, Puñal eta Pandiani hasieratik jarriko ditu berriz Osasunako entrenatzaile espainiarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.