Helburuak guztiz lotzeko garaipena

Athleticek Europako porrota ahaztu nahi du derbian, eta Alavesek emaitza onekin segitu. Osasunak ere gaur jokatuko du, Betisen aurka, eta andaluziarren nekea aprobetxatzeko aukera bikaina dute.

Kike Garcia eta Dani Vivian, baloia eskuratzeko borrokan, joaneko partidan, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kike Garcia eta Dani Vivian, baloia eskuratzeko borrokan, joaneko partidan, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko maiatzaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Athleticek eta Alavesek helburu erabat desberdinak dituzte aurten Espainiako Ligan: bilbotarrek Txapeldunen Ligara sailkatu nahi dute; gasteiztarrek, ordea, Lehen Mailan jarraitzea ahalik eta azkarren ziurtatu. Oraingoz bide onean dabiltza, eta gaur bietakoren batek derbia irabaztea lortuko balu, helburua ia lotuta utziko luke.

Zuri-gorriek eta babazorroek gaur jokatuko dute San Mamesen, 18:30ean (Movistar+). Athleticek ligako bolada onari eutsi nahi dio, eta Manchester Uniteden aurkako porrot gogorra ahaztu. Alavesen kasuan, azken partidetako emaitza onak errepikatu nahi ditu, eta lehen aldiz irabazi San Mames berrian.

Athletic Europa ligatik kanpo geratu zen ostegunean. Ernesto Valverderen taldeak ezin izan zuen joaneko 0-3a irauli. Nahiz eta atsedenaldira 0-1 alde iritsi —Mikel Jauregizarren gol eder bati esker—, Manchester Unitedek beste lau gol sartu zizkion Athletici. Azkenean, 7-1 izan zen emaitza orotara, eta bizkaitarrak finaletik kanpo geratu ziren. 

Kolpe handia izan da bilbotarrentzat: lehen aldiz UEFAk antolatutako lehiaketa bat irabazteko aukera galtzeaz gain, finala San Mamesen jokatzeko aukera ere galdu du, Bilbon izango baita finala maiatzaren 21ean. Gainera, txapelketa hori irabazten duen lehen euskal taldea izatearen aukerak ere ihes egin dio.

Hala ere, Athleticek badaki Manchester Uniteden aurkako kanporaketa ahaztu behar duela eta Espainiako Ligan jarri behar duela arreta osoa. Laugarrena da sailkapenean, 61 punturekin, eta atzetik dauzka Vila-real, puntuz berdinduta, eta Betis, lau puntura. Lau jardunaldiren faltan, abantaila hori mantentzen jarraitu behar du Txapeldunen Ligara ahalik eta azkarren sailkatzeko. Bosgarrena izanda ere, izarren lehiaketara sailkatuko litzateke, baina ez hurrengo urteko Espainiako Superkopara.

Athleticek emaitza onak lortzen jarraitzeko helburua du San Mamesen. Azken bi partidak irabazi dituzte etxean, Rayo Vallecano eta Las Palmasen aurka, eta badakite helburua lortzeko garrantzitsua dela etxean indartsu mantentzea. 

Iñaki Williams, Nico Williams, Oihan Sancet eta Beñat Prados ez dira deialdian egongo. Lehen hirurek ezin izan zuten Old Traffordeko finalerdian jokatu, eta Athleticek haien falta nabaritu zuen. Andoni Gorosabel eta Berenger ere deialditik kanpo daude, zigortuta daudelako bost txartel hori pilatuta.

Aurkari zaila izango du parean, Alaves bolada onean iritsi baita derbira. Azken bederatzi jardunaldietan bi neurketa baino ez ditu galdu Eduardo Coudeten taldeak; eta azken hiruretan garaipen bat eta bi berdinketa lortu ditu. Mendizorrotza garrantzitsua izan da azken bi jardunaldietan, eta babazorroek 1-0 menderatu zuten Reala, eta hutsean berdindu Atletico Madrilen aurka. Gainera, jaisteko postuak gertu dituenez, are motibazio handiagoa izango dute babazorroek derbi handirako.

Gasteiztarrak hamazazpigarrenak dira sailkapenean. Bigarren Mailara jaisteko postua hiru puntura daukate, baina Las Palmasek bere partida galdu zuen ostiralean Rayo Vallecanoren aurka, etxean. Martxan den jardunaldia amaitzean, beste hiru faltako dira soilik liga bukatzeko, eta gutxienez hiru puntu aterako dizkie kanariarrei; berdinduz gero, lau, eta irabaziz gero, sei. Gainera, sailkapenean puntu berdinak izango balituzte, Alaves egongo litzateke aurretik, irizpideek hala araututa.

Jaisteko postuetan dagoen beste aurkariak, Leganesek, gaur jokatuko du Espanyolen aurka, etxean. Madrildarrek Alaves baino lau puntu gutxiago dituzte, eta liga gasteiztarrekin berdinduta amaituko balute, gol aldeagatik erabakiko litzateke postua —oraingoz Alavesek hobea dauka—. Goragoko aurkariek, Gironak eta Sevillak, babazorroek baino hiru puntu gehiago dituzte.

Abdel Abqar da Alavesek min hartuta duen jokalari bakarra. Marokoarrak haustura dauka eskuin izterrean, eta ez da ziur denboraldiko azken partidak jokatu ahal izango dituen. Hala ere, Facundo Garces ondo ari da egiten Abqarren lekuan.

Osasuna, Europara begira

Bizkaitarren eta arabarren arteko derbia bukatu ostean, Osasunaren txanda izango da. Nafarrek Betisen aurka jokatuko dute gaur, 21:00etan, Benito Villamarinen (Movistar+). Andaluziarrak Konferentzia Ligako finalera sailkatu ziren ostegunean, eta gorritxoak Sevillako alde zuri-berdearen festa giroa zapuzteko asmoz joango dira.

Osasuna 11.a da sailkapenean, baina puntuak biltzen jarraitu behar du Europako txapelketetara sailkatu nahi badu. Rayo Vallecano, Mallorca, Celta eta Valentzia dauzka aurretik: lehen biak bi puntura, Celta bostera eta Valentzia gertuen, puntu bakarrera.

Selekzioen geldialdia amaitu zenetik, hobera egin du Vicente Morenoren taldeak. Denboraldia indartsu hasi arren, batez ere etxean, sasoi erdialdea oso kaskarra izan da. Azaro hasieratik apirilera arte partida bakarra irabazi zuten, baina Gironaren aurkako garaipenak arnasa eman zien iruindarrei. 

Azken partida galdu zuen Vila-realen, baina gorritxoak hobeto jokatzen ari da. Vicente Moreno bost defentsako sistema zelairatzen hasi da, eta, ordutik, emaitza hobeak lortu dituzte, eta seguruago dira defentsan. Jon Moncayola da Osasunak min hartuta daukan jokalari bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.