Txirrindularitza

Gaur hasiko da Espainiako Vuelta, aurtengo azken itzuli handia

90. urteurrenari Turinen emango diote hasiera, eta Madrilen amaituko da. Jonas Vingegaard da faborito sendoena. Bi etapa jokatuko dira Euskal Herrian, hamargarrena eta hamaikagarrena, eta hiru euskal ziklista ariko dira.

Jonas Vingegaard iaz Espainiako Vueltako etapa batean. TIM DE WAELE / EFE
Jonas Vingegaard iaz Espainiako Vueltako etapa batean. TIM DE WAELE / EFE
2025eko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Vuelta urteko hiru txirrindularitza proba garrantzitsuenetako bat da, Italiako Giroarekin eta Frantziako Tourrarekin batera. Gaur hasiko da aurtengo Vuelta, eta irailaren 14an amaituko da. 90. urteurrena du, nahiz eta 80. aldia izan. Giroa Simon Yatesek (Visma) eta Tourra Tadej Pogacarrek (UAE) irabazi ostean, ikusteko dago irailaren 14an nork jantziko duen maillot gorria.

Ibilbidea

Esprinterrentzat aukera gutxi

Aurtengo azken itzuli handiak 21 etapa izango ditu. Horietariko askok ibilbide lau samarra izango dute, baina mendateren batean amaituko dira, beraz, esprinterrek nabarmentzeko aukera gutxiago izango dute. Gaur hasiko da, Turinen (Italia), eta Madrilen (Espainia) amaituko da irailaren 14an; guztira 3.151 kilometro luze izango da lasterketa. Aurtengo lehen etapa laua izango da. Lehen erlojupekorako, berriz, bosgarren etapara arte itxaron beharko dute ziklistek; Figueresen (Herrialde Katalanak) jokatuko da. Bertan, 24,1 kilometroko taldekako erlojupekoa jokatuko dute, espezialistentzat eginiko ibilbide azkar batean. Banakako erlojupekoaren txanda hemezortzigarren etapan izango da. Etapa hori Valladoliden (Espainia) jokatuko da, eta 27,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. Atseden egunak irailaren 1ean eta 8an izango dira, bederatzigarren eta hamabosgarren etapen ostean, hurrenez hurren.

Aipagarriak dira hamahirugarren, hamalaugarren eta hogeigarren etapak ere. Mendiko etapak izango dira hiru horiek. Hamahirugarrena izango da aurtengo Vueltako etapa nagusia. Txirrindulariek 202,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Cabezon de la Sal eta Angliru artean. Lehen mailako bi mendate igo beharko dituzte Anglirura heldu aurretik: La Mozqueta eta El Cordal.

Hamalaugarrena, berriz, etapa laburragoa izango da, 135,9 kilometrokoa. Hala ere, mendiko etapa izango da. Asturias aldean izango da tropela, eta txirrindulariek San Lorenzoko mendatea igaro beharko dute, eta, ondoren, Farraponako mendatean zeharkatuko dute helmuga.

Hogeigarren etapa izango da aurtengo Vueltako azken mendiko etapa. 165,6 kilometroko etapa horretan, Robledo de Chavelatik abiatuko dira txirrindulariak, eta Navacerradako mendatean amaituko dute etapa. Txirrindulariek orduan izango dute sailkapena iraultzeko azken aukera garrantzitsua. Mendiko lehen etapak, berriz, seigarrena eta zazpigarrena izango dira.

Euskal Herritik ere igaroko da tropela; hain zuzen, hamargarren eta hamaikagarren etapetan. Irailaren 2an Nafarroako Sendaviva parketik abiatuko dira txirrindulariak, eta Belaguako mendatean helmugaratu. Atseden egunaren ostean jokatuko da etapa hori, eta, ibilbidea oro har lau samarra den arren, bukaera gogorra du: lehen mailakoa da Belaguako igoera. Irailaren 3an, berriz, Bilbon hasi eta bukatuko da etapa, 157,4 kilometroko ibilbidea osatu ostean. Besteak beste, Mungiatik, Bermeotik eta Gernikatik igaroko dira ziklistak, eta Bizkaiko begiratokia eta Ganguren igo beharko dituzte.

Bestalde, Vueltan parte hartuko du Israel-Premier Tech taldeak. Horren kontra agertu dira hainbat norbanako eta eragile; Yala Nafarroak eta BDS mugimenduak, besteak beste, protestarako deia egin dute.

Faboritoak

Vingegaard faborito nagusi

2024. urteko Espainiako Vuelta Primoz Roglicek (Red Bull Bora) irabazi zuen. Aurtengoan, ordea, esloveniarra ez da maillot gorriaren lehian izango; izan ere, txirrindulariak arreta Giroan eta Tourrean jar zezala erabaki zuen taldeak. Gaur egungo txirrindularirik onena ere ez da aurtengo Vueltan izango. Frantziako Tourrean emandako erakustaldiaren ostean, Tadej Pogacar esloveniarrak Vuelta albo batera utzi eta atseden hartzea erabaki du.

Gauzak horrela, aurtengo Vueltak faborito nagusi bat duela esan daiteke: Jonas Vingegaard (Visma). Danimarkarra eskarmentu handiko txirrindularia da. Horren erakusgarri dira aurtengo Frantziako Tourrean lorturiko bigarren postua eta 2022an eta 2023an lortutako lehen postuak. Gainera, punta-puntako laguntzaileak izango ditu Vingegaardek: 2023an Espainiako Vueltan lehen postua lortu zuen Sepp Kuss eta Matteo Jorgenson, esaterako.

UAE taldeak, Pogacar izango ez duen arren, talde sendoa osatu du: Juan Ayuso eta Joao Almeida izango dira taldeko liderrak. Ayusok hirugarren postua lortu zuen 2022. urteko Vueltan, eta laugarren postua 2023. urtekoan. Almeidak, berriz, Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen. Frantziako Tourrean erori egin zen, baina Vueltarako guztiz prestatuta dagoela adierazi du.

Maillot gorria eskuratzeko faboritoen artean daude, halaber, Egan Bernal (Ineos), Giulio Ciccone (Lidl-Trek), Felix Gall (Decathlon) eta Antonio Tiberi (Bahrain). Hala ere, Vingegaard, Ayuso eta Almeida dira irabazteko hautagairik sendoenak.

Euskal txirrindulariak

Ordezkaritza urria

Euskal txirrindularitzak hiru ordezkari izango ditu aurtengo Espainiako Vueltan: Mikel Landa (Soudal), Xabier Mikel Azparren (Q36.5) eta Markel Beloki (Education First). Mikel Landa maillot gorria janzteko faborito sendoen artean ez badago ere, murgiarrak Vueltan inoiz lortu duen emaitzarik onena hobetzeko helburua dauka: bosgarren postua. Italiako Giroan izandako erorikotik osatuta dago Landa, eta podiumeko postuetara hurbildu nahi du Vueltan.

Xabier Mikel Azparren donostiarrak badaki zer den Espainiako Vueltan lehiatzea, izan ere, 2021eko eta 2022ko aldietan hartu zuen parte. Horrez gain, aurtengo Italiako Giroan ere izan da Azparren. Bere taldeko liderrari, Tom Pidcocki, laguntzea izango da donostiarraren zereginetako bat.

Markel Beloki, berriz, lehen aldiz ariko da itzuli handi batean. Gasteiztarrak Richard Carapazen tokia hartuko du, ekuadortarra ezin izango baita Vueltan izan, Tourretik kanpo utzi zuen arazo gastrointestinalak direla medio. Belokik Alsaziako Tourra irabazi berri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.