Neguko paralinpiar Jokoak Sotxin. Euskal kirolariak. Jon Santacana. Paralinpiar eskiatzailea

«Hemen egonda jada irabazi dut lehen domina»

Bihar hasiko dira Sotxin Neguko Paralinpiar Jokoak, eta han ariko da Jon Santacana, lesio larria gainditu ostean. Laugarren jokoak ditu donostiarrak.

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Neguko hiru paralinpiar joko jokatu dira 2002tik hona, eta guztietan aritu da Jon Santacana, ondo aritu ere: sei domina irabazi ditu, urrezko, zilarrezko eta brontzezko bina. Sotxin (Errusia), ordea, ez du domina jomugan. Bat irabazia duela dio behin eta berriro. Ez da harritzekoa, orain sei hilabete txikitu egin zuen ezker oineko orpazurda, eta gogotik egin behar izan du lan garaiz osatzeko. Aitortu du ez dagoela sasoi betean, baina bai gogoz gainezka.

Lehenik eta behin, zer moduz lesioa?

Ez nago erabat osatuta, ezta sasoi betean ere. Mina dut oraindik.

Hala ere, Sotxira iritsi aurreko azken probetan aurrean egon zara.

Uste baino emaitza hobeak lortu ditugu lehiaketara itzulitakoan. Ia ez dut eskiatu azken hilabeteetan, eta entrenatu ere, gutxi egin dut. Halere, irudipen onarekin itzuli naiz.

Sei hilabete bete ziren atzo ezker oineko orpazurda hautsi zenuenetik. Halako lesio bat osatzeko zortzi hilabete inguru behar izaten dira. Zu, ordea, Sotxin zaude, lehiatzeko prest.

Hala da, eta horregatik diot nik irabazia dudala lehen domina. Hemen egote hutsa lorpen itzela da. Orain sei hilabete, min hartu nuenean sinetsita nengoen amaitu zirela niretzat Olinpiar jokoak. Lan asko egin dut osatzeko denborari bi hilabete kentzeko. Zorionez, lan gogor horrek saria izan du azkenean, hemen egotea. Oso pozik nago. Asko zor diet ere hemen egoteko lagundu didatenei.

Irailaren 5ean izan zenuen lesio larria, Australian entrenatzen ari zinela. Nola gogoratzen duzu min hartu zenuen une hura?

Erritmo aldaketak lantzen ari ginen, eta bat-batean sekulako kolpea nabaritu nuen orpazurdan, norbaitek atzetik ostiko bat eman izan bazidan bezala. Lurrera erori nintzen, eta han geratu nintzen, altxatu ezinik. Berehala konturatu nintzen larria zela, gorputzak berehala antzematen du hori.

Urruti dago Australia. Ez zen samurra izango etxerako itzuliko bidaia.

Imajina dezakezu. Ia egun osoa eman nuen bidaiatzen, eta ia denbora osoa hanka altxatuta eramanez. Lehen mailan bidaiatu nuen, baina bakarrik. Bidaia osoa egin nuen buruari bueltak eman eta eman.

Akabo Sotxi. Zenbat aldiz pentsatu zenuen hori hegazkinean?

Auskalo. Ordurako medikuek bazekiten lesioa oso larria zela, baina ez zidaten ezer esan Madrilera iritsi arte. Hara iritsita jaso nuen kolpea: zazpi hilabete inguru egin beharko nituen lehiatu gabe. Zorionez, bi egun geroago, ebakuntza egin zidatenean jada ez ziren horren ezkorrak. Esan zidaten agian osatzeko prozesua labur nezakeela, eta, ondo bidean, urtarril amaierarako lehiatzeko moduan egon nintekeela. Argia ikusi nuen hori entzundakoan.

Nola jan dizkiozu bi hilabete osatzeko denborari?

Epe biologikoak errespetatu ditugu, eta horri lagun ziezaiokeen guztia erabili dugu. Adibidez, orduak eta orduak egin ditut magnetoterapian, hau da, imanen bidezko terapian. Eta gero, makina bat ordu egin ditut lanean. Zenbait hilabetetan egunero bederatzi ordutik gora aritu naiz errehabilitazio lanean.

Gogorra izan da?

Oso gogorra, batez ere hasieran, lehen epeak oso luze egiten direlako. Gero ere gogorra izan da, gorabehera asko izan ohi direlako; egun batean ondo zaude, eta hurrengoan gorputz osoa duzu minduta.

Zure kirol ibilbideko hilabete gogorrenak izan dira?

Ziurrenik, bai. 2006an ere lesio larria izan nuen Turingo jokoak baino bi hilabete lehenago —ezker hankako berna hezurra eta perone hezurra hautsi zituen—, baina lesio hau okerragoa izan da, egin behar izan dudan ahalegina, sakrifizioa ere handiagoa izan baita. Adibidez, hiru hilabetez egon behar izan dut Zaragozan bizitzen (Espainia), prestatzaile fisiko berezitu batekin behar bezala lan egin ahal izateko. Aste honetan egin ditut kontuak, iazko abuztuan Australiara joan ginenetik hamar egun eskas egin ditut etxean. Hamar egun urte erdian.

Orpazurda txikitu eta lau hilabetera egin zenuen lehen jaitsiera eskiekin. Nolakoa izan zen?

Pozak hogeiminutu eskas iraun zuen, berriro oinazeak sentitu nituen arte. Eskiatzaileok abantaila dugu, oina botan nahiko finkatuta doalako. Nik, esaterako, ezin nuen egin ez korri ez salto. Beste kirol batean ezingo nuke horrelakorik egin. Hala ere, ez da batere erosoa botak orpazurdan egiten duen presioa. Egun askotan ezin nuen ordu erdiz oina botan sartuta izan, mina jasanezina zen.

Zuk gogora ekarri duzu. 2006an ere lesio larria izan zenuen Turinen lehiatu baino bi hilabete aurretik. Orduan proba batean aritu zinen, eta ez zenuen lortu podiumera igotzea. Antzekoa gertatzearen beldur zara?

Orduan baino hobeto nago. Lesio hau larriagoa da, baina orduan baino denbora gehiago izan dut osatzeko. Ez nago bete-betean.

Ehunekoetan hitz eginez gero, nola zaude?

%80an.

Eta %80an egonda, zein da helburua Sotxin?

Helburua hemen egotea zen! Hori zen helburua! Eta hemen egonda, zer? Bada, egunez egun joan nahi dugu, ez dakigu bene-benetan nola gauden. Ondo aritu gara, baina jokoak jokoak dira, eta faktore asko hartu behar dira kontuan. Lehen entrenamendu saioetan ikusiko dugu ea aurrean egon gaitezkeen. Poliki-poliki joan nahi dugu, orain arte egin dugun bezala.

Aurreko hiru jokoetan euskalkirolaribakarra izan zara. Oraingoan, ordea, beste bi kide dituzu: Urko Egea eta Aitor Puertas snowboardlariak. Euskal Herriko paralinpiar kirolarentzat albiste ona da hori.

Berri ona da, zalantzarikgabe. Ahal duten lan onena egin dezatela opa diet, batez ere etorkizunari begira eskarmentua hartzeko. Agian, orain ezingo dute aurrean egon, baina bai hurrengo ekitaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.