Gaztea izan arren, ziklismoan dagoeneko bide luzea egin du Catalina Sotok (Santiago, Txile, 2001). Pistan eman zituen lehen pedalkadak, bikain eman ere; errepidean, dagoeneko bi aldiz ordezkatu du Txile Olinpiar Jokoetan. Hara-hona ibili zen garai batean, 2022an Bizkaia-Durangok fitxatu zuen arte. Bi denboraldi igaro zituen han, eta Laboral Kutxa-Euskadira joan zen hurrena. «Oso pozik» dago bertan. «Behar dudan espazioa eman didate hazi ahal izateko». «Opor infinituak» balitu bezala bizi omen da Euskal Herrian.
Bederatzi garaipen lortu dituzue urtarrilean. Ez dago denboraldia hobeto hasterik, ezta?
Hala da. El Salvadorren bikain aritu gara, eta asko gozatu dugu. Geneukan taldearekin, edozein txirrindularik lor zitzakeen garaipenak. Konfiantza handia emango digu aurrera begira. Niretzat, oso berezia izan da UCI mailako nire lehen garaipena Latinoamerikan lortzea. Han lehiatze hutsa ederra da niretzat, aukera hori oso gutxitan izaten baitut.
Hirugarren urtea duzu Laboral Kutxa-Euskadi taldean. Pozik zaude bertan?
Bai, oso pozik. Familia horren urrun izanda, niretzat oso garrantzitsua da konfiantza eta gertutasuna areagotzen dizkizun talde batean egotea. Gainera, behar dudan espazioa eman didate hazi ahal izateko. Iritsi nintzenetik garapen handia izan dut txirrindulari moduan, eta horrek zerikusi handia du taldeak nirekin izandako jarrerarekin. Iaz beste bi urterako kontratua sinatu nuen, eta aipaturiko hobekuntzan sakontzea da nire helburua. Dugun lantaldeak eta giroak asko errazten du prozesua.
Zu hazi egin zara, baita taldea ere. Aurten, adibidez, automatikoki gonbidatuta egongo zarete egutegiko proba nagusietan lehiatzeko, iaz lorturiko emaitzen sari gisa.
Taldea eta txirrindulariak aldi berean ari gara hazten. Laboral Kutxa-Euskadik oso garbi du zein duen ikuskera: etenik gabe hazi nahi du, modurik onenean, behin eta berriz gauza berriak ikasiz. Lan egiteko dugun modua hobetu egin da, eta, horrez gain, gero eta ziklista hobeak ari gara fitxatzen. Gauza asko batuta lortu da talde hau horrela haztea.
«Txile herrialde txikia da ziklismoan, eta herrikideentzat ederra izan zen ni Frantziako Tourrean ikustea»
Zeintzuk izan dira orain arte Laboral Kutxa-Euskadin bizi izan dituzun momenturik politenak?
Batez ere, lasterketetatik kanpoko momentuak aukeratuko nituzke: adibidez, afalorduan mahaiaren bueltan izaten ditugun solasaldiak; edo autobuseko momentuak, musika ipini eta kantuan hasten garenean. Harro sentitzen zara, noski, emaitza onak lortzen dituzunean; baina uste dut garrantzitsuena, esan ohi den bezala, bideaz gozatzea dela. Hori horrela denean, emaitzak beren kasa etortzen dira.
Iaz, Frantziako Tourrean Txileko txapeldunaren elastikoarekin jardun zinen. Nolako esperientzia izan zen?
Oso berezia. Lehenik, ez zen erraza Txileko Txapelketa irabaztea; herrialdeko ziklista profesional bakarra naiz, eta begirada guztiak nigan nituen. Behin hori lortuta, ametsa izan zen txapeldunaren elastikoa Tourreko ihesaldietan erakustea. Txile herrialde txikia da ziklismoan, nahiz eta orain pixkanaka hazten ari den, eta herrikideentzat ederra izan zen ni Tourrean ikustea. Oso estimatua sentitu nintzen. Adibidez, Frantzian bizi diren txiletar asko bisitan etortzen zitzaizkidan etapak hasi aurretik, eta batzuek opariak ekartzen zizkidaten. Harrigarria izan zen.
Euskal Herrian gero eta sustraituago zaude, Laboral Kutxa-Euskadira iritsi aurretik bi urte egin baitzenituen Bizkaia-Durango taldean.
Bizitzeko toki ederra da. Lehen, oporrak Txileko kostaldean igarotzen nituen beti, eta Euskal Herriko kostaldea oso antzekoa iruditzen zait. Beraz, opor infinituak izatea bezala da [barrezka]. Gaur egun Elgoibarren bizi naiz, eta bizimodua oso lasaia da; Txilen nuena baino dezentez lasaiagoa, Santiago hiriburuaren erdigunean bizi bainintzen. Horrez gain, hemen tabernak eta kafetegiak zabalik daude beti, eta asko gustatzen zait. Paisaiaren berdetasuna ere gogoko dut, baita herriek duten bizitasuna ere, beren festa eta inauteriekin. Familiaren hutsunea sumatzen dut, noski, baina sare sozialekin errazagoa da dena.
Taldekideek euskaraz hitz egiten dutenean, gero eta gehiago ulertzen diezu?
Ez naiz moldatzen nahi bezain ongi. Eskolak hartzea gustatuko litzaidake; izan ere, bost urte daramatzat hemen, eta nire maila oso oinarrizkoa da oraindik. Ondo legoke gutxienez solasaldiak hobeto ulertu ahal izatea.
Zer nabarmenduko zenuke Euskal Herriko txirrindularitzaren inguruan?
Zaletasun handia dagoela. Laboral Kutxa-Euskadiko txirrindularia izanda, ardura sentitzen duzu. Era berean, asko nabaritzen da euskal zaleen babes eta estimua. Lasterketetan ez ezik, entrenamenduetan ere agurtu eta animatu egiten naute. Azkenean, ez dugu talde soil bat ordezkatzen: Euskal Herria ordezkatzen dugu. Bestalde, hemen neska gazte asko dabiltza bizikletan, Txilen ez bezala. Ederra da.
Eta hori horrela izanik, nola barneratu zinen zu txirrindularitzan?
Santiagon, gauez elkarretaratzeak egiten ziren bizikletan ibiltzeko. Nik amarekin hartzen nuen parte, eta, egun batean, belodromora iritsi ginen. Amak lagunak zituen han, eta aukera eman zidaten proba egiteko. Hasieran, paseoan ibiltzeko bizikleta eramaten nuen, baina gustatu egin zitzaidan halere. Gero, amak pistako bizikleta xume bat oparitu zidan, eta lehiatzeari ekin nion. Emaitza onak berandu gabe iritsi ziren.
«Asko nabaritzen da euskal zaleen babesa. Lasterketetan ez ezik, entrenamenduetan ere animatu egiten naute»
Gerora, batetik bestera ibili zara, harik eta Euskal Herrian egonkortasuna topatu duzun arte.
14 urterekin, Australiara joan nintzen amarekin, eta, dena ezberdina izanik, bizikleta zen ezaguna egiten zitzaidan gauza bakarra. Gero, Suitzara joan nintzen, beka bat jaso bainuen UCIren mundu mailako zentroan aritzeko. Eta, aurrerago, Herbehereetako talde batean aritu nintzen. Hango bizimoduari ezin izan nion neurria hartu, eta ziklismoa uztekotan izan nintzen. Baina dena aldatu zen Bizkaia-Durangon. Geroztik gozatu besterik ez dut egin bizikleta gainean. Oraindik gaztea naiz, eta ea etorkizunak gauza polit gehiago ekartzen dizkidan. Ametsik handiena, Olinpiar Jokoetan emaitza ona lortzea izango litzateke, eta Tourrean etapa bat irabaztea.