Hendersonek irabazi du Paris-Nizako bigarren etapa

Sky taldeko zeelandaberritarra izan da azkarrena esprintean, eta De Gendtek jarraitzen du lider

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Aurreikuspenak bete dira Paris-Nizako lehen bi etapetan, eta esprinterren arteko lehia bilakatu. Herenegun Thomas De Gendt belgikarrarentzat (Vacansoleil) izan zen garaipena ustekabean. Ustekabean, hura baino sona handiagoa duten hamaika esprinter ari direlako Paris-Nizan. Atzo, ordea, ez zen ezustekorik izan. Esprinter onenak dituzten taldeak adi-adi aritu ziren, eta probako txirrindulari azkarrenen zerrendan dagoen ziklista bat nagusitu zen: Gregory Henderson.

Sky taldeko zeelandaberritarra garaipenik lortu gabe zegoen denboraldi honetan, baina atzo berea izan zen pedal-kolpe indartsuena azken zuzengunean. Ez zen izan nolanahiko garaipena, esprinter bikainei hartu baitzien aurre: Matthew Goss australiarrari (HTC-Highroad), Denis Galumzianov errusiarrari (Katuxa) eta Heinrich Haussler australiarrari (Garmin-Cervelo), besteak beste. Igandeko irabazlea, De Gendt oso atzean sailkatu zen (41. postuan). Hala ere, lider da. Lau segundo ateratzen dizkio Hendersoni eta zazpi Jeremy Roy frantziarrari.

Hendersonek ezin hobeto errematatu zuen Sky taldeak Montfort-l'Amauryn hasi eta Amillyn amaitu zen 198,5 kilometroko etapan egindako lana. Erresuma Batuko taldeak eta esprinterrak dituzten beste hainbat taldek egindako lanari esker lortu zuen tropelak elkarrekin helmugaratzea. Etxeko hiru txirrindulari —Yoann Offredo (FDJ), Maxime Bouet (Ag2r) eta Tony Gallopin (Cofidis) —izan ziren lan horren kaltetuenak. Hiru txirrindulariok etapa hasi bezain laster egin zuten ihes, baina haien ahalegina bertan behera geratu zen helmugarako 31 kilometro falta zirela.

Gaur hirugarren etapa jokatuko da, Cosne-Cours-sur-Loire eta Nuits-Saint-Georgesen artekoa (202 kilometro). Ihesaldientzako etapa aproposa izan daiteke, bigarren mailako mendate bat igoko baitute txirrindulariek azken 30 kilometroetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.