Herri Kirolak

Herri kirolek baserritik hirira egin dute jauzi

Duela hilabete zabaldu zituen ateak Txirrika Herri Kirolen Zentroak, Bilbon. Pozik daude hango arduradunak. Herri kirolen transmisioa eta sustapena dituzte ardatz.

HERRI KIROLEN GUNEA. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Aitzol Atutxa, hiru ikaslerekin, herri kirolen gunean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
jon eskudero
2026ko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Historikoki, baserriari eta herri txikiei estuki lotua egon izan da herri kirolen mundua. Oro har, aizkoran, harri jasotzen edota beste herri kirolen batean ari den edonori familiatik datorkio har hori. Kirolari handienen izenei erreparatu besterik ez dago: perurenatarrak, saralegitarrak, izetatarrak, gisasolatarrak… Bada, baserritik kalerako jauzia egin nahian, orain dela hilabete eskas zabaldu zituen ateak Txirrika Herri Kirolen Zentroak, Bilboko Txurdinaga auzoan. Herri kirolen modernizazioa, transmisioa eta profesionalizazioa ditu oinarri Txirrikak, eta 850 metro koadro inguruko pabiloi bat eraiki dute hori guztia landu asmoz. Helburua garbia da: herri kirolak herritarrengana hurbiltzea. Horretarako, denetariko jarduerak eskaintzen dituzte, eta erabiltzaileak ez du inolako lanik materiala erosi eta prestatzen. Erraztasun guztiak eskainita, luzera begira herri kirolen inguruan jende gehiago mugitzea nahi dute arduradunek.

Hain zuzen, herri kirolak garai berrietara egokitzeko helburuz jaio zen Sustabiz fundazioa, 2023an, Gernika-Lumon (Bizkaia). Pauso garrantzitsua izan zen, baina orain herri kirolak beste eskala batean mugituko direla azaldu du Joseba Etxeberria Txirrikako zuzendariak. «Sustabiz proiektuak ondo funtzionatzen du, baina herri kirolak Bilbora ekarri nahi genituen, hiri handi batera. Zoritxarrez, herri kirolak oso urrun daude hainbat herritarrengandik, eta horri konponbidea jarri nahi genion». Zentroa sortzeko ideia aspalditik zuten buruan. «Bilboko Udaleko atea jo genuen, eta begi onez hartu zuten gure proposamena. Dagoeneko hamabost bat bazkide baditugu, eta lan egingo dugu herri kirolak beste kirolen pare egon daitezen. Adibidez, futbol eskolak eta pilota eskolak badaude. Orain, herri kirolek ere badute eskola».

«Lan egingo dugu herri kirolak beste kirolen pare egon daitezen. Futbol eskolak eta pilota eskolak badaude. Orain, herri kirolek ere badute eskola»

JOSEBA ETXEBERRIA Txirrikako zuzendaria

Bi zatitan banatzen da entrenamendu zentroa. Batetik, Baiforce Training deituriko gune bat dago. «Eredu hibrido bat lantzen dugu», azaldu du Inhar Urruzuno entrenatzaileetako batek. «Herri kirolak eta gimnasio arrunt bateko lana uztartzen ditugu. Hainbat makina dauzkagu, indar ariketak egiteko batez ere, baina nahi gabe ere herri kiroletan baliagarriak diren hainbat teknika lantzen ditugu bertan». Indarra, erresistentzia, egonkortasuna eta koordinazioa modu integralean lantzen dituzte. «Gune hau amu gisakoa da jendea herri kiroletara bideratzeko. Esaterako, gimnasio batean ohikoa da lasterka egitea, baina guk, lasterka egitea lokotxekin konpara genezake. Jendea ohartzen da nola herri kiroletako hainbat teknika erabiltzen diren beste arlo batzuetan».

Eta, beste aldetik, herri kirolei bete-betean heltzen dien toki bat daukate. Hainbat diziplina lantzen dituzte: aizkora, harri jasotzea, trontza, lasto jasotzea, ingudea, txingak, lokotxak, zaku eramateak, orga jokoak… Batzuek kirol bakarra hautatzen dute, eta beste batzuek nahiago dute denetarik probatu. Bazkideen gustuen arabera lan egiten dutela adierazi du Aitzol Atutxa aizkorako entrenatzaileak. «Toki askotako ikasleak ditut, eta adin ezberdinetakoak. Bakoitzak bere helburuak ditu. Adibidez, badut 48 urteko ikasle bat, baserri batera bizitzera joan berri dena. Berak ez du aizkolaria izan nahi, baina egurra txikitzen ikasi nahi du baserriko bizimodura egokitzeko asmoz. Gure zentroan edonork dauka aukera edozertarako». Helburua ez da kirolari bikain bat sortzea. «Guk zera nahi dugu, herri kiroletara jendea hurbiltzea. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeto. Kantitatetik kalitatea dator. Inork txapelketetan parte hartu nahiko balu, bikain. Baina gure helburuak haratago doaz».

TXIRRIKA HERRI KIROL ZENTROA. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Txirrika Herri Kirolen Zentroaren barrualdea. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Euskararen arnasgune

Materiala lortzea izan ohi da herri kirolek duten oztopo handienetakoa. Txirrika elkarteak berak jartzen du material guztia. Atutxa: «Aizkoran, egurra lortzea eta prestatzea izaten da zailena. Bada, hemen guk egiten dugu lan hori. Erabiltzaileak ez du ezertaz arduratu behar. Ezta aizkorak erosteaz ere». Harri jasotzeari dagokionez ere berdin, Urruzunoren esanetan. «Harriak guk ditugu, eta txalekoak ere bai. Bazkideak eskuak poltsikoetan sartuta etor daitezke». Beste kiroletan ere sobera dute materiala, Atutxak aitortu duenez. «Txingak, besteak beste, denentzat dauzkagu, bost kilorekin hasi eta 50era bitartekoak. Ingudearekin berdin, bi kilotik hemezortzira artekoak. Inor ez dadila geratu etorri gabe materialik ez daukagulako».

«Guk ziurtatzen dugu gure zentroan euskaraz soilik hitz egingo dugula. Euskararen arnasgunea izango gara»

AITZOL ATUTXA Txirrikako aizkora irakaslea

Horiek horrela, haurrekin ere lanean hasiak dira. «Dagoeneko 130 bat ikasle etorri zaizkigu bisitan ikastoletatik, eta harrituta geratu dira herri kirolekin. Ziur nago askok bizitzan lehenengo aldiz gure zentroan ikusi dutela zer den aizkorarekin enbor bat moztea. Irailetik aurrera askoz ikasle gehiago etorriko dira, zenbait ikastetxerekin lanean ari baikara», esan du Etxeberriak. Dena den, ikasgelako orduetatik kanpo, haurrei eskaintza zabaltzea dute buruan. «Haurrak futbol, pilota edo eskubaloi klaseetara joaten diren bezala, herri kirolen eskolara ere etortzea nahi genuke. Behintzat, izan dezatela aukera hori». Adimen urritasuna edo urritasun fisikoa dutenentzat ere zabalik dituzte ateak.

Herri kirolen transmisioari ez ezik, kulturaren eta hizkuntzaren transmisioari ere ematen diote balioa, Atutxak adierazi duenez. «Zoritxarrez, Bilbo erdialdean ez da euskara askorik entzuten. Datuek diote jakin badakiela jendeak euskaraz, baina ez duela erabiltzen. Guk ziurtatzen dugu gure zentroan euskaraz soilik hitz egingo dugula. Euskararen arnasgunea izango gara, uste baitugu gure hizkuntzak bere tokia merezi duela herri kiroletan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA