Sokatira

Herrialdeka, bi domina euskal sokatiralarientzat

Amaitu da Surseen Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa, azken urteotako jendetsuena. Euskal selekzioak zilarrezko bi domina lortu ditu; azkena, igandean, 580 kilotako mistoan.  

Euskal tiralariak Munduko Txapelketan. LUR GIL
Lur Gil.
2023ko irailaren 04a
13:03
Entzun

Ez da Lur Gaineko Munduko Txapelketarik onena herrialdekoa euskal sokatiralariena. Urrearen pauso bakarrera geratu ziren larunbatean gizonezkoen pisu txikian (560 kilo), eta igandean kategoria mistoan. 23 urtez azpiko neskak podiumaren pauso bakarrera geratu ziren, baina Ingalaterrak irabazi zien hirugarren posturako lehia. Beraz, herrialde arteko txapelketan zilarrezko bi domina eskuratu ditu euskal selekzioak. Taldeen artekoan, berriz, lau domina osotara, zilarrezko eta brontzezko bina, Gaztedik eta Goiherri-Abadiñok lortuta.

Bi herrialde gailendu dira aurtengo txapelketan: Taiwan emakumezkoen mailan eta Suitza gizonezkoetan. Etxekoek antolakuntzan egindako lanaren uzta jaso dute. Taldeen arteko txapelketan etxeko 26 talde aritu ziren, eta herrialdeen artekoan talde bakoitzeko sokatiralaririk onenekin eratu zuten selekzioa. Aurten besteak baino koska bat gorago egon dira suitzarrak, lan handia egin duten seinale. Harmailen babesa ere izan dute. Larunbatean eta igandean 6.000 zaletik gora bertaratu ziren. Giro bikaina sortzeaz gain, etxeko taldeen motibazioa zein epaileekiko presioa eragin dute harmailen oihu eta joareen burrunbak. Sokatiraren meka da Suitza, erreferentzia kirol mailan zein zaleen artean. Euskal sokatirak badu non begiratu.

Chinese Taipei izenpean lehiatzen den Taiwango taldea erreferentzia da goma gainean. Urte gutxi daramatzate lur gainean, eta jada nagusi dira emakumezkoen kategoria guztietan. Suitzako talderik indartsuenei urrea kentzea lortu dute txapelketan izan diren tiraldirik gogorrenetan. Urte luzez euskal sokatira izan da haien erreferentzia, asko ikasi dute, eta abegi handia diote Euskal Herriko sokatirari.

Beste herrialde indartsu batzuk saririk gabe geratu dira; Irlanda, Ingalaterra, Eskozia, Ipar Irlanda, Herbehereak eta Alemania esku hutsik itzuli dira etxera. Kategoria mistoan Suedia gailendu da. Euskal selekzioaren aurka irabazi zuen finala igandean, nagusitasunez.

Zapore gazi-gozoa

Euskal selekzioak pisu txikietara egin zuen apustu, ezinezkoa baita maila guztietan ehuneko ehun lehiatzea. Lau eguneko nekeak eragin handia dauka, eta sokatiralari batzuek aitortu dute azken urteotako pasadarik handiena hartu dutela. Azken tiraldietan eskuetako zauriak esparatrapuz babestuta lehiatu behar izan dira asko. Eskuetako mina mahukarekin babesteagatik arau haustea adierazi zion epaileak Jose Antonio Goirigolzarri Orue Litri-ri (Gatika, Bizkaia, 1960). Euskal ordezkaritzako beteranoena da Gaztedikoa; 63 urte dituela lehiatu da Suitzan, eta zilarrezko hiru domina ekarri ditu etxera. Euskal eta nazioarteko sokatiraren erreferentzia maitatua da bizkaitarra. Duela ia 50 urte hasi zen sokatiran, eta munduko txapelketetan 1988tik ari da. Urrezko domina gertu izan duen arren, txapelketa ongi baloratu du: «Beti nahi dugu gehiago, baina munduko txapelketa batean zilarra lortzea oso zaila da». Hala ere, zapore gazi-gozoa utzi die emaitzak sokatiralari askori. Sakrifizio handia dakar munduko txapelketa prestatzeak; entrenamendu asko eta oso gogorrak, pisua galdu beharraren komeriak, dirua… eta urrearen pauso bakarrera geratu dira.

Hala ere, Litriren esanetan «zaila» punta-puntan egotea:«Euskal Herrian hiru talde baino ez gara aritzen lur gainean. Etxeko txapelketek ez digute balio nazioartean dagoen mailari neurria hartzeko, eta ezjakintasunez goaz beti munduko txapelketetara. Maila honetan jarraitu nahi badugu sokatirari bultzada eman behar diogu Euskal Herrian. Talde gehiago behar ditugu, eta gazte gehiago», dio sokatiralari beteranoak. «Erreleboa behar da, gu laguntzeko prest gaude, baina gazteak batzen ez badira, akabo», gaineratu du. Balio beza Suitzako irakaspenak sokatiralari beteranoaren aldarriari heltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.