Hervelle gabe, lan zaila dauka Bilbo Basketek Badalonan

Indarrak gorde nahi dituzte bizkaitarrek, etzi sasoiko partida garrantzitsuena jokatuko baitute Rigaren aurka

Andoni Urbistondo.
2013ko otsailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Europan eta ACB ligan jokatzeak halako dikotomiak sortzen ditu. Zer egin? Ligan zortzi onenen artean eusten saiatu, dena eman, edo astearteko norgehiagokari zeharka begiratu, eta indarrak gorde? Orain hiru aste ere antzeko egoeran egon zen Uxue Bilbo Basket. Orduan, Bartzelonan jokatu zuen, eta bi egun geroago, Valentzian, Eurokopan, irabazi beharreko partida zuen. Justu-justu galdu zuen Bartzelonan, luzapenean, baina Valentzian garaipen garrantzitsua lortu zuen.

Gaur dagoen tokian egoten lagundu dion garaipena, hain zuzen. Hiru garaipen lortu ditu jarraian Katsikarisen taldeak Eurokopan, baina, espero bezala, emaitza bolada on horrek ez die final-laurdenetako txartela ziurtatzen. Hortik dator galdera. Merezi al du gaurko Badalonako partida bigarren mailan uztea, asteartekoa hobeto prestatzeko? Lasaiago jokatuta bermerik ba al da, etzikoa irabazteko? Ez. Horregatik, ia ziurra da Uxue zortzi onenen artean mantenduko duen garaipena bilatzen saiatuko dela. Bilakaerak esango du bete-betean ahaleginduko den edo ez, baina neurketa hasi aurretik ezin da esan lehiatuko ez denik.

Hutsune garrantzitsu bat dauka gaur Uxuek. Axel Hervellek ezker orkatila bihurritu zuen Nymburken aurka, eta partida hura bukatzeko adorea izan bazuen ere, bueltako bidaian orkatila ikaragarri hazi zitzaion, eta belgikarrari atseden ematea hobetsi dute medikuek. Asteartean jokatu ahal izango duen ere ez da ziurra. Normalean osatuko da, edo jokatzeko modua bilatuko dute medikuek, baina orduan arriskatzea merezi dezake, eta gaur ez.

Hamilton ere nekatuta iritsiko da partidara. Pragatik New Yorkera joan zen zuzenean, taldeak baimenduta, eta ostiral iluntzean bueltatu Bilbora. Horregatik, litekeena da gaur hark eta Rakovicek minutu asko jokatzea elkarrekin, eta Sambek minutu batzuk izatea, haiei atseden apur bat emateko. Moerman eta Mumbruk ere ohi baino minutu gehiago joka ditzakete saskipean. Joventut ondo ari da azken astetan, eta zortzi onenen multzoan sartu nahi du.

JOVENTUT-BILBO BASKET

Joventut. Oliver, Fisher, Barrera, Ventura, Quezada, Ehambe, Pere Tomas, Gaffney, Trias, Llovet, Savane eta Kuzmic.

Uxue Bilbo Basket. Raul Lopez, Zisis, Sanchez, Pilepic, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Moerman, Hamilton, Samb eta Rakovic.

Sailkapena. Joventut bederatzigarren da: 10-10 (-49); eta Uxue, seigarren: 12-8 (+71).

Lekua. Badalona Olinpiar Pabiloia (10.100 ikusle).

Ordua. 12:00 (ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA