Almeria. Diego Alves; Michel, Carlos Garcia (Corona, 80. min.), Silva, Luna, M'Bami, Bernardello, Juanma Ortiz (Uche, 57. min.), Piatti, Crusat (Ortiz, 62. min) eta Ulloa.
Athletic. Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Castillo, Gurpegi, Javi Martinez (J. Martinez, 46. min.), Orbaiz, Muniain (Amorebieta, 82. min.), Toquero eta Llorente (De Marcos, 79. min.).
Golak.1-0. Piattik (5. min.); 1-1. Muniainek (28. min.);1-2. Toquerok (52. min.);1-3. Orbaizek (59. min.).
Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Almeriako Lunari; eta Athleticeko Javi Martinez.
Bestelakoak. 10,564 ikusle inguru Mediterraneo Jokoetako estadioan.
Athleticek Europa begiz jota du. Merezita, hori baita bere maila ligan, eta Europan aritzeko postuetan igaroko du aste osoa. Sailkapenaren erdi aldetik gorakoa da bere habitat-a. Maila hori, baina, irabazi egin behar da, lortu, eta sailkapeneko behe aldeko taldeen estadioak dira hierarkia hori erakusteko tokirik onenak. Atzo Athleticek hori egin zuen azken sailkatuaren etxean. Gehiago izan zen. Ekimena hartu zuen eta trebeago aritu zen ate aurrean. Lehen minutuetan utzi zuen orbain bakarra, handia, eta garesti ordaintzekotan egon zen, baina ordutik aurrerakoetan ezabatu zuen. Distira handirik gabe, egia da, baina modu eraginkorrean. Eta zorte pixka bat ere izan zuen, horren eredu Orbaizen hirugarren gola. Bolea itzela, eta atezainaren hutsa. Banakakotasunetan ere hierarkia sumatzen da.
Athleticek galduta ekin zion partidari halere. Caparrosek ukitzeko agindu zuen, baina jokalariek baloi luze eta joko zuzenarekin min gehiago egiten zutela ikusten zuten. Zalantzak argitzen zituzten bitartean bigun aritu ziren atzean, eta Almeriaren presioak fruitua lortu zuen hasi eta berehala (5. min). Zelai erdiko baloi batean Orbaizek atzera jo zuen begiratu gabe, eta Piattik, azti, lapurtu egin zuen. Punta erdi txikia ziztu bizian sartu zen San Jose eta Ekizaren artean baloia sareetara bidaltzeko. Caparrosen haserrea agerikoa zen, eta ulertzekoa.
Athleticek ordu laurden behar izan zuen nagiak aldendu, giharrak berotu, falta gutxi adierazten dituen epaile baten irizpidera egokitu eta ekimena hartzeko. Joko zuzena zen bidea, betikoa, eta geldikako jokaldiak aukera onak. Lehenbizikoa Toquerorentzat izan zen, Almeriak gaizki aldendutako falta batean (25. min.) area txikian baloia gora bidali zuenean. Bi minutu geroago, urruneko erdiraketa batean Silvak penalti ezin garbiagoa egin zion Llorenteri, baina epaileak ez zuen adierazi. Bai, ordea, kornerra. Gurpegik, indartsu jauzian, area barruan buruz jo zuen, eta Muniainek sareetara bidali zuen aldaratzea (28.min). Golak lasaitasuna ekarri zuen, agian gehiegi, Ulloak aukera ona izan baitzuen zuri gorrien atzeko lerroaren huts batean (33.min). Almeriaren aukera onenak Athleticen hutsen ondorio izan ziren.
Bigarren zatian Athleticek zelai erdia hartu zuen. Iturraspek zentzua jarri zion partidari, eta Orbaizek hartu zuen lema. Almeriaren aukera on baten ondoren kontraerasoa muntatu zuen Athleticek (52. min). Llorentek baloia area ertzean hartu eta Toquerori pasa zion. Gasteiztarrak, area barruan iskin egin zion Lunari eta Alves atezainaren laguntzaz bigarren gola gola sartu zuen. Alvesek egun hobeak izan ditu.
Partidako gauzarik onena, baina, ikusteke zegoen (59. min), Orbaizen eskutik. Zelai erdiko jokaldi nahasi batean bera gailendu zen, eta bortitz astindu zuen baloia. Atetik berrogeita bost metrotara zegoen, baina fede handiz jo zuen, eta sareetara joan zen zuzenean. Golak jota utzi zuen Almeria. Saiatu ziren etxekoak, gogotsu, baina ezinezkoa zen.
Almeria 1. Athletic 3
Hierarkia kontua
Gaizki hasi den arren, Athletic gehiago izan da, eta ondo merezita irabaziz itzuli da Europako postuetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu