PUTZUAZ BESTALDETIK. SASKIBALOIA. NBA

Hilabete eroa

Andoni Urbistondo.
2003ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
EGITURAKETA BERRIA. NBAk Ligako arauak aldatuko ditu 2004/2005 denboraldian. Konferentziak bi izango dira, orain arte bezala, baina dibisioak sei: hiru konferentzia bakoitzean. Charlotte Bobcats hurrengo urtean hasiko da NBAn jokatzen, eta 30 taldeak sei dibisiotan banatuko dituzte. Eraztuna lortzeko kanporaketak dibisio bakoitzeko garaileek (sei), eta Konferentzia bakoitzeko bost onenek (10) jokatuko dituzte. Konferentzia bereko taldeen aurka erabakiko da kanporaketetarako sailkapena. Dibisio bereko taldeek lau partida jokatuko dituzte elkarren aurka. Hiru edo lau Konferentzia bereko taldeen aurka (berrikuntza nabarmenena), eta bi besterik ez beste konferentziako taldeen aurka. Garaipen eta porroten balantze onena dutenek jokatuko dituzte partida gehien etxean.

MENDEBALDEKO KONFERENTZIA.
NBAk aitortu ez duen helburu, asmo ezkutua du egituraketa berriak: Mendebaldeko Konferentziaren nagusitasuna mozorrotzea. Nekez lortuko dute panorama aldatzea, Mendebaldeko taldeen aginteak bere horretan mantentzeko itxura duelako. Nahikoa da lehen hilabeteko balantzeari begiratzea horretaz jabetzeko. Konferentzia horretako bi taldek bakarrik dituzte garaipen baino porrot gehiago: Phoenix (7-9), eta Clippers (5-8). Ekialdean 10 talde dira egoera horretan. Mendebaldeko taldeak kexu dira, 41 garaipen lortuta (%50a, 82 partida jokatzen baitira Liga erregularrean) titulua lortzeko kanporaketetatik kanpo gera baitaitezke. Ekialdean, aldiz, 35 garaipenekin, kanporaketak joka daitezke.

LAKERS-INDIANA... Bi talde horiek dira Ligako onenak. 15-3 dago Indiana, 14-3 Lakers, baina azken honek 99-77 egurtu zuen Indiana orain gutxi. Errazagoa da Indianak balantze hobea lortzea Liga erregularrean, eta litekeena finala jokatzea, baina finalean, kale. Lakersen aurka, eta beste askoren aurka.

SAN ANTONIO-NEW JERSEY. Jarduneko txapelduna eta finalista pattal ari dira. 9-9 marka du San Antoniok, 7-10 New Jerseyk. Duncan, Ginobili eta Parker okerxeago ari dira, eta Mercer eta Horry gutxi laguntzen. New Jerseyk benetako arazoak ditu. Kidd izarrak Scott entrenatzailea aldatzeko eskatu zuen udan. Iskanbila azaletik konpondu zen orduan, eta ondorioak orain ikusten ari dira. Hilabete eroa. Udazkeneko hego-haizea ote?

LEBRON JAMES.
Aurrean zuen guztia irentsi behar zuen, baina azkar jakin du High schoola ez dela NBA. 17 puntu sartu eta ia 7 errebote jaso ditu partidako. Zenbaki txukunak rookie (hasiberria) batentzat. Talde galtzailean dago (Cleveland), eta galtzailea dena irabazle egitea da jokalari bikainen ezaugarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.