Frantziako Tourra

Hindleyk ezustekoa, eta Vingegaardek erakustaldia

Australiarrak etapa eta lidergoa lortu ditu Pirinioetan, Tourreko bosgarren etapan. Vingegaardek minutu baten aldea atera dio Pogacarri. Landa ahul aritu da, eta 3.13ra du orain lidergoa.

Jai Hindley garaipena ospatzen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 5a
18:13
Entzun

Pirinioetan jai egin du Jai Hindleyk (Bora): Tourreko lehen etapa menditsua bereganatu, eta maillot horia kendu dio Adam Yatesi (UAE). Beste faboritoekin buruz buru lehiatu ordez, eguneko ihesaldian sartuta lortu du saria Larunseko helmugan (Okzitania). Tropel itxurako multzo batek aurrea hartu dio tropelari, eta bertan sartu da australiarra. Gero, iheskideei aise gailendu zaie Marie Blanquen. Jonas Vingegaardek ere (Jumbo) erakustaldia egin du igoera horretan. Erasora jo du, eta atzean utzi du Tadej Pogacar (UAE). Hindley baino 34 segundo beranduago sartu da helmugan, eta 1.04 atera dio Pogacarri. Mikel Landa (Bahrain), berriz, 2.55era iritsi da, Pello Bilbao taldekidearekin batera.

Hindley besoak goian iritsi da Larunsera, eta Giulio Ciccone (Lidl) eta Felix Gall (Ag2r) izan ditu atzetik. Australiarrak gainsariak lortu ditu helmugan eta Marie Blanquen, eta, hala, sendo finkatu da lider poostuan. Bigarren Vingegaard dago, 47 segundora, eta hirugarren, Ciccone, 1.03ra. Pogacar seigarren ageri da orain, 1.40ra; eta Landa hamalaugarren, 3.13ko atzerapena pilatuta.

Atzo txangoa, eta gaur, lehiarako gogoa: suhartasun handiz abiatu dira txirrindulariak Pauetik (Okzitania). Erasoari erasoa lotu zioten, eta trumilka egin dute alde tropeletik. Jendetsuak ez ezik, maila handikoak izan dira ihesaldia osatzeko saiakerak. Bada, bi ezaugarri horiek uztartu ditu lasterketa buruan finkatu den multzoak: 36 txirrindularik osatu dute, eta horien artean ziren Gall, Ciccone eta Mads Pedersen (Trek), Julian Alaphilippe (Soudal), Wout van Aert (Jumbo), Daniel Felipe Martinez eta Omar Fraile (Ineos), Matteo Jorgenson (Movistar), Rigoberto Uran (Education) eta Valentin Madouas (Groupama); baita Hindley ere, Tourreko podiumera igotzeko hautagai nagusietako bat izan arren. Atezuan jarri ditu beste liderren taldeak, baina tropelean ez da aparteko larridurarik nabaritu.

Van Aert, Pedersen eta Victor Campenaertsek (Lotto) lasterketa buruan iritsi dira Zuberoara. Soudet zetorkien berehala, aurtengo Tourrean igo beharreko mailaz kanpoko lehen mendatea (15 kilometro eta %7,2ko pendiza). Magalean minutu bateko errenta ateratzen zien iheskideei; tropela, berriz, ia hiru minutura zegoen. Pedersen ezinean gelditu da, eta Garateko lepotik igaro eta Zuberoa atzean utzita, harrapatu egin dituzte Van Aert eta Campenaerts. Gallek eraso egin du Soudeteko tontorrera bidean, eta puntu sorta ederra bildu. Mendiko lider jarri da. Berehala iritsi dira gora beste hainbat iheslari. Tropela, aitzitik, lau minutuko atzerapenarekin pasatu da gailurretik.

Soudetek sufriarazi egin die esprinterrei, baita Victor Lafayri ere (Cofidis), Euskal Herriko etapetan gehien nabarmendu diren ziklistetako bati. UAE taldea ari zen erritmoa jartzen. Igoerak, halaber, zatikatu egin du aurreko saila, eta, jaitsiera bukatuta, hemezortzi ziklista geratzen ziren; hots, hasiera batean ihes egin dutenen erdiak. Frailek galbahea igaro du. Hurrengo mendatea Ichere zen, hirugarren mailakoa, eta aurrea hartuta iritsi da Krists Neilands (Israel). Harekin bat egin dute Van Aertek eta Alaphilippek.

Etapak Marie Blanquen egin du eztanda. Frailek erruz egin du lan, baita Ag2r taldeak ere, eta mendatearen azken zati beldurgarrira iritsita, garaipenaren bila abiatu dira Gall eta Hindley. Australiarra bakarrik gelditu da gailurrera iritsi baino bi kilometro lehenago, eta bakardadean gozatuz egin ditu goitik helmugaraino gelditzen ziren hemezortzi kilometroak. Hautagaien multzoan, berriz, ekimena hartu du Jumbo taldeak, eta Vingegaarden erasoa prestatu. Danimarkarrak piztutako suak erre egin du Pogacar. Jumboko liderrak bat egin du Buchmann, Ciccone eta Gallekin. Pogacar, berriz, Yates anaiekin, David Gaudurekin (Groupama) eta Mattias Skjelmoserekin (Lidl) helmugaratu da, besteak beste.

Bihar beste etapa menditsu bat jokatuko dute Pirinioetan. 144 kilometroko saioa izango da, eta amaieran Aspin, Tourmalet eta Cauterets igoko dituzte. Hautagaiak nor baino nor gehiago ariko dira beste behin, eta baliteke ihesaldiakzeresana ematea berriro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.