Celta 3-4 Alaves

Hiru golen aldea irauli, eta garaipen garrantzitsua lortu du Alavesek

Celta 3-0 irabazten hasi da, baina Sanchez Floresen taldeak, bigarren zati ikusgarria egin, eta garaipena lortu du. Bi gol sartu ditu Toni Martinezek, bat Angel Perezek eta beste bat Abde Rebbachek.

Angel Perez, Alavesen bigarren gola ospatzen. SALVADOR SAS / EFE
Angel Perez, Alavesen bigarren gola ospatzen. SALVADOR SAS / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko martxoaren 22a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garaipen ikusgarria lortu du Alavesek Vigon. Lehen zati eskasa jokatu du Quique Sanchez Floresen taldeak, Celtak 3-0 hartu du aurrea, baina arabarrek, bigarren zatian bikaina jokatu, eta garaipen oso garrantzitsua lortu dute azkenean. Gaur lortutako hiru puntuak funtsezkoak izan daitezke mailari eusteko borrokan.

Partida hasieran baloia izan du Alavesek, baina, minutuek aurrera egin ahala, Celta nagusitzen hasi da. 15. minutuan Iglesiasek abisua eman, eta Jutglak lehenengoa sartu du 18.ean. Baloia gogor jo du aurrelariak, eta Siverak ezin gelditu. Alavesek estutu du, baina aurkariak kontraerasoan sartu du bigarren gola, 26. minutuan. Hugo Alvarez izan da golegilea.

Jutglak 37.ean sartu du bigarren gola, hori ere ikusgarria. Nahieran zebilen Celta, ezinean Alaves, eta itxura txarra zuen partidak Arabako taldearentzat. Emaitza txarra zen, eta jokalarien ezina, sekulakoa. Atsedenaldiaren aurretik Toni Martinezek sartu duen golari esker eutsi diote itxaropenari Sanchez Floresen mutilek.

Bestelakoa izan da bigarren zatia. Prestatzaileak lau aldaketa egin ditu —debuta egin du Diabatek—, Alaves indartsu zelairatu da, eta Celta, berriz, lo. Agerikoa izan da hori bigarren golean: presioari esker, baloia bi aldiz ostu dute Alaveseko aurrelariek, eta Angel Perezek errematatu du jokaldia, Martinezen pasea baliatuta.

Martinez eta Rebbach, ikusgarri

Hurrengo minutuetan bi taldeek izan dituzte gol aukerak. Celtari bat baliogabetu ere egin diote, baina´, azkenean, Martinezek asmatu du, berriro. Aurrelariak gol ederra sartu du area kanpotik. Eta Abde Rebbachek are hobea bost minutu geroago. Areara ezkerraldetik sartu, Celtako jokalariei izkin egin, eta sarera bidali du baloia. Sekulako gola. Azken minutuetan estutu du etxeko taldeak, baina, Siveraren geldiketa ikusgarri bati esker, Alavesek modua egin du emaitzari eusteko.

Hiru puntuei esker, jaitsiera postuetatik aldendu da Arabako taldea: 31 puntu ditu orain, eta hirura du hemezortzigarren sailkatua, Mallorca. Galtzen ari zenean, jaitsiera postuetan zegoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!