Arrauna

Hirugarren bandera eskuratu du Arraun Lagunak-ek, Zierbenan nagusituta

Donostiarrak nagusitu dira Euskotren ligako laugarren jardunaldian, eta atzoko arantza ateratzea lortu dute. Orio bigarren izan da, beste behin.

Arraun Lagunak taldea iragan asteburuan, Sestaon, garaipena ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Arraun Lagunak taldea iragan asteburuan, Sestaon, garaipena ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko uztailaren 13a
12:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Arraun Lagunak izan da garaile gaur, Bizkaiko uretan, eta Zierbenako bandera eskuratu du, orain arteko hirugarrena. Orio bigarrena izan da berriro ere, eta Astillero izan da hirugarrena, lehen txandako garailea. Hondarribiak egun txarra izan du, eta, atzo ondo aritu baziren ere, azkenak izan dira gaur. Sailkapen nagusian ere azken postuan daude orain.

Arraun Lagunak-ek eta Oriok parean egin dute lehen luzea. Elkarren aldamenean egin dute estropada, bata lehen kalean eta bestea bigarrenean, eta markaketa zorrotza egin diete elkarri. Ziabogan ere parean ziren, baina Juan Mari Etxaberen arraunlariek estropada puskatzea lortu dute bigarren luzean. Haiengandik bost segundo pasatxora iritsi da Orio, eta, aurrez jokatu diren estropada guztietan bezala, bigarren izan da.

Tolosaldeak sufritu egin du laugarren kalean. Hori izaten da Zierbenako eremuko kalerik kaskarrena, eta ezin izan diote jarraitu donostiarrek eta oriotarrek jarritako erritmoari. Txandako hirugarrenak izan dira, baina Astillero aurretik izan dute sailkapen nagusian —Astillero lehen txandan aritu da—.

Kantabriarrak azken-aurreko postuan iritsi dira Zierbenako uretara, baina sendo aritu dira, eta puntu sorta polita lortu dute. Lehen luzean, bost segundoren aldea atera diote tartez batez Zumaiari, baina ziaboga txar batek parean jarri ditu bi ontziak. Itzulerako luzean, ordea, nagusitasuna erakutsi dute.

Lau ontzi segundo erdiko tartean

Azken lau ontziak segundo erdiaren bueltan ibili dira, eta helmugako argazkia behar izan dute sailkapena zehazteko.

Donostiarra izan da bosgarrena, eta arnasa pixka bat hartzeko balio izan die gaurko egunak. Azkenak izan ziren atzo, eta gaur ere oso kaskar hasi dira. Bigarren luzean, berriz, askoz hobeto aritu, eta atzetik aurrerakoa egin dute. Hala ere, Astillerok bi puntu handitu du bi eskifaien arteko aldea, eta kantabriarrak lau puntu aurrerago daude orain.

Hibaika izan da seigarren, eta Zumaia zazpigarren, sasoia ezin hobeto hasi ostean. Eguneko ezustekoa Hondarribia izan da. Atzo alde handia atera zieten txandakideei, eta gaur ohorezko txandan aritu dira. Atzoko poza tristura bilakatu da gaur, ordea. Azkenak izan dira, eta hala daude sailkapen nagusian ere, Donostiarrarekin berdinduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.