Athletic 2-0 Granada

Hirugarren garaipena segidan

Athleticek irabazi egin dio Granadari San Mamesen, lehen zatian Raul Garciak penaltiz sarturiko golari eta Yurik azken minutuetan sarturikoari esker.

jarraia174553.jpg
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 1a
13:56
Entzun

Athletic bolada onean da, eta hirugarren garaipena segidan lortu du gaur, San Mamesen Granadari irabazi eta gero. Azken bost partidetatik lau irabazi eta bat berdindu ditu, eta sendotu egin da lehen bosten artean sailkapenean. 

Aise irabazi dio etxeko taldeak kanpokoari, ez baitu estutasun handirik igaro defentsako lanean. Erasoan ez du gauza askorik egin, baina beharrik ere ez. Lehen zatian, 41. minutuan sartu du aurreneko gola Raul Garciak, penaltiz. Rui Silvak atezainak baloia eskuan zuenean, Raul Garcia eta Duarte, Granadako erdiko atzelaria, elkarri bultzaka ibili dira; nafarra hasi da, eta portugaldarrak berea egin duenean, Athleticeko kapitaina lurrera joan da. Epaileak penaltia adierazi du. Kapitainaren jaurtiketa urrundu egin du Rui Silvak, baina VAR bideo epaile laguntzaileak errepikarazi egin du, atezainak bi oinak ateko marra baino aurrerago zeuzkalako. Bigarrenean ez du hutsik egin Raul Garciak. Gola saria izan da Athleticentzat, erasoan minutu onenak jokatzen ari zelako une horretan. 

Bigarrenean, defentsako lan oso ona egin du Gaizka Garitanoren taldeak, Granada ez delako gai izan ezer sortzeko. Batere estutasunik gabe joan dira bigarren zatiko minutuak etxekoentzat, eta aukera garbiena Raul Garciaren burukada bat izan da, langak urrundu duena, 68. minutuan. Handik ordu laurdenera, 83.ean, Yurik sartu du bigarrena area barrutik, Unai Lopezen pase bat baliatuz eskuin aldetik. 

Garaipenaren eta bolada onaren gozoak izan du gazitik, ordea. Izan ere, Raul Garciari denboraldiko bosgarren txartel horia atera dio epaileak, eta ezingo du jokatu datorren jardunaldian, Betisen zelaian (hurrengo igandean, 14:00etan). 

FITXA

Athletic 2: Unai SimOn; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani
GarcIa, Unai Lopez; Williams, Sancet (Lekue, 71. min.), Cordoba (Ibai,
64. min.); eta  Raúl Garcia (San Jose, 81. min.).

Granada 0: Rui Silva; Victor Diaz, Domingos Duarte, Martinez,
Quini; Gonalons, Yangel Herrera (Carlos Fernández, 57. min.), Montoro;
Antonio Puertas, Machis eta Soldado (Vadillo, 67. min.).

Golak: 1-0: Raul Garciak, penaltiz (41. min.). 2-0: Yurik (83. min.).

Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak: Athleticeko Dani Garcia, Córdoba, Capa, Sancet eta  Raul Garciari; Granadako
Domingos Duarte,  Rui Silva, Montoro eta Quiniri.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.