Arrauna

Hirugarren hautagaia azaldu da

Urdaibairen eta Hondarribiaren arteko kontua izango zela ematen zuenean, Zierbena sartu da Ligako garaipenaren borrokan. Asteburuko bi banderak irabazi ditu, eta lau puntura du lehen postua.

Zierbenako arraunlariak, asteburuan irabazitako bi banderekin. AITOR ARRRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Asteburua hasi aurretik, sei punturen tartea zegoen lehen sailkatuaren (Urdaibai) eta bigarrenaren (Hondarribia) artean. Hirugarren postuan, Zierbena zegoen, 11 puntura. Azken estropaden bilakaera ikusita, bazirudien lehen bi traineruen artean erabakiko zela Ligaren patua, baina inor gutxik espero zuen zerbait gertatu zen. Isilpean iritsi zen Zierbena Galiziako uretara, eta kolpe bat eman zuen mahai gainean. Bi banderak eskuratu, eta lau puntura murriztu du Urdaibairekin zuen tartea. «Ia ezinezkoa» izango dela dio Urdax Antepara arraunlariak (Bilbo, 1996), baina sei estropada geratzen dira oraindik, eta ezin da esan ezinezkoa denik.

Motibazioa izaten da txapelketako une honetan aurrera egiten laguntzen duen faktore garrantzitsuenetako bat. Batez ere, Liga irabazteko hain aukera gutxirekin zegoen talde batentzat. Zierbenak, bost arraunlari galiziar ditu, baita entrenatzailea ere. Anteparak dio motibazio «gainjarria» zutela asteburura begira. «Astean zehar gustura genbiltzala ikusita, gogotsu gindoazen Galiziara. Galiziar dezente dituen taldea garenez, beraientzat berezia zen, eta zer esanik ez gure entrenatzaile Danirentzako, larunbatean haren etxean jokatzen baitzen estropada».

Orain, ordea, Liga irabazteko aukerak handitu dituzte, eta bolada onenean dagoen trainerua dela ematen du. «Emaitza eta arraunketa aldetik, bai, baina ez dut uste goia jo dugunik oraindik. Aste hauetan landuko dugunari eskerpixka bat finduko dugula uste dut» adierazi du Anteparak.

Hiru bandera altxatu ditu Zierbenak denboraldi honetan, eta hirurak Galizian lortu ditu. Hala ere, hiru eremuak desberdinak dira elkarren artean, eta, Antepararen ustez, ez da «kasualitatea» garaipen horiek lortu izana. «Coruñan lortu genuen lehen garaipena, itsaso zakarrarekin, eta denborale aldaketarekin zortea izan genuen. Denboraldian zehar ikusi dugu ur bareetan errendimendu hobea emateko gai ginela, eta bagenekien aukerak izango genituela asteburuan, gure trainerua lehiakor ibiliko zelako».

Oraindik Liga bizirik badago, ez da Zierbenak asteburu ona egin duelako bakarrik, Urdaibaik hutsegite handia egin duelako baizik. Moañan hirugarren izan ziren, eta Boiron seigarren. Denboraldi osoko sentsazio txarrenak utzi dituzte Iker Zabalaren arraunlariak. Anteparak dio ez duela beste taldeen dinamiken inguruan informazio gehiegi, baina gauza bakarra dakiela, beraien lana ona izaten ari dela da. «Entrenatzaileak konfiantza izugarria du guregan, eta, txandakatzeen bidez, lehiakor mantendu da trainerua. Urdaibaik ez du asmatu aste honetan, eta badakigu beraiek ez dutenean asmatzen guk asmatu behar dugula».

Zaila bai, ezinezkoa ez

Denboraldiko azken txanpan sartu dira, eta Zierbenan datorrenari buru-belarri egingo diote aurre. «Kontuan izanda nolako maila erakutsi duten, Urdaibaik eta Hondarribiak itsasoko estropadetan... Lau puntu asko dira, baina geurera jarraituko dugu, pausoz pauso hobetzen, eta ikusiko dugu zer gertatzen den».

Zaila bada ere, ez du amore emango Zierbenak, eta Anteparak dio aukera guztiak baliatuko dituztela borrokan jarraitzeko. «Oso zaila dago, eta, argi eta garbi, aukera gutxien guk ditugu, Urdaibairekin eta Hondarribiarekin alderatuta. Hala ere, erregulartasuna mantentzen saiatuko gara, eta, tartea laburtzeko, estropadetan sendo iraute horrek emango digu aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.