Hirugarrena, Manchester United

Ingalarretako taldeak 1-3 irabazi dio Sporting Bragari, eta Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan da

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Hiru dira jadanik Txapeldunen Ligan etxeko lanak egin dituzten taldeak. Herenegun Porto eta Malaga izan ziren lehenak sailkatzen final-zortzirenetarako, eta atzo Manchester United gehitu zitzaien. Ingalaterrako taldeak 1-3 irabazi zuen Sporting Bragaren zelaian, eta garaipen horrekin tokia lortu du kanporaketetan. Ez hori bakarrik, multzoko lehen postua ere ziurtatu du Alex Fergusonek entrenatutako taldeak.

Dena, halere, ez zen izan arrosa kolorekoa Manchester Unitedentzat, sufritu egin baitzuen. Etxeko taldeak sartu zuen partidako gola bigarren zatia hasi eta berehala. Ingelesak, ordea, emaitzari buelta emateko gai izan ziren azken hamar minutuetan hiru gol sartuta. Partidak ere izan zuen bitxikeriarik, neurketa hamar minutuz egon baitzen etenik argia joan zelako. Etenaldi horrek zerikusi handia izan zuen neurketaren nondik norakoan, etxeko taldearen indarra eten baitzuen.

Xakhtar Donetsk-ek eta Bartzelonak ere final-zortzirenetarako txartela ziur zezaketen atzo, baina ez batek ez besteak ez zuen helburua lortu. Biek galdu zuten, ukrainarrek azken unean Chelsearen zelaian (3-2), eta kataluniarrek ezustean Celtic Glasgowen zelaian (2-1). Hala ere, Bartzelonak dena du alde aurrera egiteko. Nahikoa du gelditzen zaizkion bi partidetako batean puntu bat lortzea sailkatzeko. Xakhtarrek, ordea, gehiegi sufrituko du, Chelsea eta Juventus baititu lehiakide.

Azkenik, F multzoan, Bayern Munichek eta Valentziak garaipen argiak lortu zituzten Lille eta Bate Borisoven aurka: 6-1 eta 4-2, hurrenez hurren. Alemaniarrek eta kataluniarrek bederatzina puntu dituzte, Bate Borisovek baino hiru gehiago. Ezustekorik ezean, Bayern Munichek eta Valentziak egingo dute aurrea multzo horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.