Bera Berak denboraldiko lehen titulua zakuratu du gaur Iruñean, Portugalgo Benfica 38-21 garaituta. Hasieratik, donostiarrak izan dira aurretik, eta lisboarrek ez dute gerturatzeko imintziorik ere egin. Gaur gailenduta, hirugarrenez jarraian irabazi du Bera Berak Iberiar Superkopa, eta indarra eman dio aurtengo denboraldia hasteko.
Anaitasunaren pabiloian aritu dira aurrez aurre Iberiar penintsulako bi talde onenak, eta Bera Berak hasieratik garbi utzi du koska bat gorago dagoela. Bi golen aldea lortu dute hasieran, azkar egin ere, eta ordutik partida amaitu arte aurretik izan dira beti. Lisboarrek markagailuan 2-1ekoa jarri ostean etorri dira partida ia guztiz ebatzi duten jokaldiak, donostiarrek zortzi gol sartu baitituzte errenkadan, eta 10-1 aurreratu dira. Hurrengo bost golak portugaldarrek egin dituzte, baina gehiago gerturatzear zirela, Bera Berak beste bi gol sartu ditu, eta lisboarrei burutik kendu die titulua etxeratzeko ametsa.
Hurrengo golak txandaka sartu dituzte bi taldeek, baina, markagailuan 15-10ekoa ageri zenean, beste gol zaparrada bat sartu du Bera Berak, eta atsedena iristean bederatzi golen aldearekin joan dira aldageletara: 19-10. Donostiarren hemezortzigarren golak irudikatu du lisboarren ezintasuna, portugaldarren eraso baten ostean Bera Berako atezainak baloia eskuratu, defentsari pasatu eta ia bere areatik gola sartu baitu.
Atsedenetik bueltan ere sasoi onean jarraitu du Donostiako taldeak, aldea are gehiago handitzeko gogoz. Sei gol sartu dituzte zazpi minutu baino gutxiagoan, eta, hala, portugaldarrek halako bi zituzten zakuan: 24-12. Joera horri eutsi diote, eta 38-21ean utzi dute markagailua. Beti Onak-ek, berriz, laugarren postuarekin konformatu behar izan du, 24-27 galdu baitu Madeiraren kontra.
Bidasoa, Europara berriz
Joaneko partidako bederatzi golen aldea zuela aurre egin dio gaur Bidasoak Bragari, eta itzuliko partida ere irabazita (24-30), etxetik kanpo, Europa Ligako taldekako faserako sailkatu da Irungo taldea (Gipuzkoa). Joan den denboraldian ere txapelketan izan zen, eta final laurdenetaraino iritsi zen.