Bazekiten ez zela erraza izango. Finalerdiak finalerdiak dira, eta jakina da kanporaketetan ez dagoela norgehiagoka errazik. Real Madrilek Cajasol menderatzeko izan zituen arazoak, egoera horren erakusle. Finalerdia gogorra izango da, luzea, ziurrenik, baina Baskoniak lasaitasuna irabazi zuen herenegun. 1-0ekoak aurkaria behartzen du, eta asko, bigarrena galtzen badute oso zail izango dutelako kanporaketari buelta ematea. Baskoniak ere ondo kudeatu behar du bigarrena irabazteak ekar dezakeen onura. Finala hatzekin uki dezakete gasteiztarrek Real Madril bigarrenez garaitzen badute, eta lorpen handia litzateke hori.
Llull gabe, Real Madrilek Felipe Reyes, Tomic eta Novica Velickovicekin jokatu zuen herenegun. Kanpoko lerroan fidatzeko moduko baliabide bakarra dauka Messinak, Louis Bullock, baina saskipean Baskonia baino indartsuagoak dira. Baliabide gehiago dituzte, eta banan bana Splitter denak baino hobea izanda ere, batek hiruren aurka ezin du ezer egin. Aparteko azterketa merezi du brasildarraren jokoak. Defentsa on-ona egin ziolako Real Madrilek, eta halere partidako onena izan zelako. Messinaren taldeak, ordea, ondo ikasita dauka lezioa. Badaki Splitter estutzea funtsezkoa dela, baina baita neurrian egitea ere, pibotak taldekideak libre bilatzen baditu Baskoniak edozein aurkari txikitu dezakeelako.
Baskoniak zer hobetu franko dauka. Hirukoetan ez zen ondo ibili, eta komeniko litzateke portzentajeak igotzea -%21 herenegun-. Era berean, irtenbideren bat bilatu behar dute Splitter aulkian dagoenerako, taldeak asko nabaritzen duelako ikurraren gabezia. Olesonek ondo ulertu zuen egoera lehen partidan, eta erantzukizuna hartu zuen. Baina Huertasek, San Emeteriok eta Herrmannek ere ardura handiagoa hartu behar dute. Partidaren erritmoa ere erabakigarria izango da. Baskoniak asko izango du irabazita korrika egitea lortzen badu.
BASKONIA-REAL MADRIL
Txapelketa. ACB ligako finalerdietako bigarren partida.
Baskonia. Palacio, Huertas, Pau Ribas, English, Oleson, San Emeterio, Herrmann, Teletovic, Eliyahu, Splitter eta Golubovic.
Real Madril. Prigioni, Jaric, Llull, Bullock, Almond, Vidal, Velickovic, Garbajosa, Darjus Lavrinovic, Van den Spiegel eta Tomic.
Lekua. Buesa Arena (9.700 ikusle).
Ordua. 12:30 (ETB1).
Beste finalerdia. Bartzelona 71; Unicaja 58 (2-0).
Hobekuntzak finala dakar
Baskoniak 2-0ekoa lortu nahi du gaur eguerdian, finalera hurbildu eta Madrilera lasaiago joateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu