Hobera egin duela berretsi nahi du

Portlandek Tatran Presov hartuko du gaur Iruñean, Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldian

edurne elizondo
2007ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Pixkanaka, baina hobera egin du Portlanden jokoak azken asteotan. Larunbatean, A1 Bregenz erraz hartu zuen mendean Austrian. Gaur, bide onean direla berresteko aukera izanen du Iruñeko taldeak, Eslovakiako Tatran Presov taldearen aurka. Iruñean jokatuko du Txapeldunen Ligako ligaxkako D multzoko hirugarren jardunaldiko partida.

Portlandek ez luke arazo handirik izan behar aurkaria mendean hartzeko. Maila apalagoko taldea da, eta iruindarren entrenatzaile Javier Cabanasek hori badaki. Zuhurtasunez jokatu nahi izan du,hala ere, eta Europan ezustekoek beti tarte bat badutela azpimarratu du.

Ezin ezustekoei atea itxi, baina Portlandek garaipena behar duela argi du, halaber, Cabanasek. Multzoko buru amaitu nahi du ligaxka entrenatzaileak, eta horretarako irabazi beste aukerarik ez du. Egun, Gudmerekin batera dago lehen postuan Portland. Elkarren kontra jokatu zuten partida berdindu zuten bi taldeok Iruñean. Bigarren jardunaldiko norgehiagoketan, berriz, biak atera ziren garaile. Larunbatean Bregenz izanen du aurkari Gudmek.

Tatran Presovek baino talde hobea du Portlandek, baina huts garrantzitsuak izanen ditu Cabanasek bere deialdian, min hartuta jarraitzen baitute Andorinhok eta Kjellingek. Beste izen bat gehitu dakioke, gainera, min hartuak direnen zerrendari, Svensson atezainarena alegia. Eskuineko belauna du gaizki. Lesioa ez da larria, baina ez dago argi gaur jokatzerik izanen ote duen. Azken ordura arte ez du erabakiko Cabanasek. Svensson deialditik kanpo gelditzen bada, Matosevicek zainduko du nafarren atea.

Svenssonekin edo gabe, zaleen gustuko partida egin nahi du entrenatzaileak gaur etxean. «Azken asteotan hobera egin dugu, eta jarraitzaileek oraindik hobetzeko tartea dugula ikus dezaten nahi dut; golak ikus ditzatela, goza dezatela partida».

Emaitza sendoa lortu nahi du gaur Cabanasek, Gudmeren kontra haren pistan jokatu beharko duten partidan berdinketa lortuz gero golak alde izateko. Hori lortzeko, Tatran Presoven kontraerasoari egin beharko dio aurre Portlandek. Cabanasen hitzetan, hori da aurkariaren arma nagusia. «Informazio askorik ez dut haien inguruan, baina azkar mugitzen dira pistan, kontraerasoari etekina ateratzeko».



AURKARIAREN ERRITMOA APURTU. Kozlov ezker hegalekoa da arriskutsuena Eslovakiako jokalarien artean, Portlandeko entrenatzailearen hitzetan. «Europako bi partidetan hamabost gol sartu ditu; bera da taldeko izarra».

Tatran Presovek 31-26 irabazi zion Bregenzi ligaxkako lehen jardunaldian, baina 42-32 galdu zuen azkenekoan Gudmeren aurka, haren pistan. «Gol asko sartzen ditu, baina asko hartzen ditu, halaber», nabarmendu du Javier Cabanasek.

Aurkariaren erritmo azkarra hutsean uzteko beharra berretsi du, eta, horretarako, Portlandek partida bere alde hasieratik jarri beharko duela azpimarratu du Iruñeko taldeko entrenatzaileak. «Kontzentrazioari eutsi beharko diogi une oro, eta bi taldeon artean dagoen aldea lehen unetik agerian utzi pistan».

Defentsa sendotzeko, eta erasoan hutsak saihesteko beharra azpimarratu du Cabanasek, halaber, eta nafarren jarraitzaileei laguntza eskatu die partida haien alde jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.