Atletismoa

Hodei Caballerok ez daki poliki ibiltzen

Ibiltari ordiziarra denboraldi bikaina egiten ari da. Horren erakusle da bitan ondu duela 23 urtez azpiko Euskal Herriko marka 20 kilometrokoan. Orain, Europako Txapelketarako sailkatu nahi du.

Hodei Caballero. BERRIA
Hodei Caballero Realeko ibiltari ordiziarra, ahalegin betean, proba batean. BERRIA
Julen Etxeberria.
2025eko ekainaren 26a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ibiliz egiten da bidea. Eta ibiliz egiten ari da bidea Hodei Caballero Parra Realeko atleta (Ordizia, Gipuzkoa, 2003). Azkar ari da, baina ez korrika. Ezin du, ibilketa egiten baitu. Berdin dio. Kronometroari hozka egiten dabil azkenaldian. Bitan hobetu du 23 urtez azpiko Euskal Herriko marka: 1.26.25ean ezarri du. Bi minutu eta 42 segundo kendu dizkio urtebetean. Puska handia da hori. Urrun du oraindik maila nagusiko marka, Mikel Odriozolarena: 1.22.29. Baina Caballeroren gorakada oso berri ona da, ibilketa umezurtz baitzebilen duela zortzi urte Odriozola erretiratu zenetik.

«Azken urtea dut 23 urtez azpiko mailan, eta gogotsu nengoen azken hiru urteetan pilatutako esperientziari etekina ateratzeko; itxaropena nuen ondo aritzeko eta marka hobetzeko. Baina ez nuen inondik inora espero horrenbeste hobetuko nuenik. Zorionez, neguan egin genuen lana islatu da, eta jauzia egin dut. Oso pozik nago», azaldu du Caballerok.

Hiru arrazoi aipatu ditu horrenbeste hobetzeko. «Ohi baino gehiago entrenatu naiz. Hasieran, emaitzak ez ziren izan espero genituen bezain onak, baina pazientzia izan genuen, eta bete-betean sinetsi lan ona egin genuela eta inoiz islatuko zela hori. Pentsatu, eta gertatu ere bai».

Asko eta ondo entrenatzeaz gain, «onenekin entrenatzen eta onenengandik ikasten» duela azpimarratu du. «Lau urte daramatzat Granadan [Espainia], Sierra Nevadako Goi Errendimenduko Gunean. Espainiako selekzioko ibiltari onenak dabiltza hemen: punta-puntan ibiltzen dira nazioarteko txapelketa guztietan. Haiekin entrenatzen naiz egunero, eta horri esker, asko ikasi eta hobetu dut, baita neure buruarengan konfiantza hartu ere».

Azkenik, «esperientzia» nabarmendu du. «Heldu egin naiz bai kirolari gisa, bai pertsona gisa. Egun, gehiago zaintzen dut neure burua, eta garrantzi handiagoa ematen diot entrenatzeari».

Argi du zertan hobetu duen gehien: «Asko hobetu dut teknika, eta hori oso garrantzitsua da, teknika funtsezkoa baita ibilketan. Baina oraindik badut zer hobetua: adibidez, gorenean lehiatzeko, abiadura bizian ibiltzeko teknika hobetu behar dut. Elikadura ere gehiago zaindu behar dut: garai bakoitzean zer jan behar dudan jakin. Esparru hori lantzeko daukat».

23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa du begiz joa. Uztailaren 6an jokatuko dute, Badajozen (Espainia). «Lehen hiru sailkatuen artean geratu nahi dut. Hori egiten badut, maila horretako Europako Txapelketan ariko nintzateke uztail amaieran, Norvegian. Sei ibiltarik daukagu gutxieneko marka han aritzeko, baina hirurentzako tokia besterik ez dago». 

Europako Txapelketan aritzea «ametsa» litzatekeela dio, baina ez dago horrekin itsututa. «Sekulakoa litzateke sailkatzea, baina lortzen ez badut ere oso pozik egongo naiz, gertatzen dena gertatzen dela, denboraldia jada oso ona baita».

Familia atletismozalea

Atletismoari oso lotutako familia baten azken katebegia da: Jose Manuel Caballero atletismo entrenatzailea zen haren aitona, eta osaba (Eneko Caballero) eta aita (Jon Ander Caballero) atletismoan aritu ziren. Hain zuzen, ibilketan lehiatu ziren biak ala biak. «Atletismorako zaletasun handia izan dugu betidanik familian: aitona, osaba, aita... Ez da kasualitatea ni atletismoan aritzea», azaldu du.

Hastapenetan futbola eta atletismoa egiten zituen aldi berean, biak herrian: Ordizia eta Txindoki klubetan, hurrenez hurren. Baina aitak berea egin zuen. «14-15 urterekin probatu nuen lehen aldiz ibilketa, aitak animatuta. Gustatu egin zitzaidan, eta horretan hasi nintzen». Berehala hasi zen nabarmentzen. «Lehiatzeari ekin, eta emaitza onak lortzen hasi nintzen. Horrek asko motibatu ninduen, eta, batxilergoa hasi aurretik futbola utzi eta atletismoan hasi nintzen buru-belarri. Pena eman zidan futbola uzteak, oso gustura aritzen bainintzen lagunekin. Baina, gaur egun, oso pozik nago atletismoaren alde apustu egin izanaz. Atletismoak dena eman dit: esperientziak, lagunak... Oso gustura nabil».

Ibilketak «xarma» duela dio. «Batetik, iraupeneko proba bat da. Bestetik, modalitate oso zehatza eta berezia da. Baina hasieratik harrapatu ninduena zera izan zen: jende asko korrika dabilen erritmoan ni ibilian nabilela; lau minutu eta erdi eta bost minutu artean kilometroko».

«Ez nuen inondik inora espero horrenbeste hobetzea. Zorionez, neguko lana islatu da, eta jauzia egin dut»

HODEI CABALLERO PARRARealeko atleta

Lehen esan du: lau urte daramatza Granadan bizitzen. «Hori da egin behar izan dudan sakrifiziorik handiena. Euskal Herrian ia beti bakarrik entrenatu behar nintzen. Hastapenetan gustura egiten nuen, baina mailak igaro ahala, mentalki gero eta gehiago kostatzen zitzaidan. Hala, batxilergoa bukatzean, etxekoekin eta Josu Gomez nire entrenatzailearekin hitz egin, eta hona etortzea erabaki nuen. Denek animatu ninduten».

«Oso pozik» dago pauso hori eman zuelako. «Hasieratik oso ondo hartu ninduten, etxekoa banintz bezala. Oso gustura nabil, oso giro ona dugu. Argi dut: mesede handia egin dit hona etortzeak». Ez du aspertzeko denborarik, ikasi ere egiten baitu Granadako Unibertsitatean: Arkitektura.

Etxean «oso harro» daude. «Zoriontsu dira, ni zoriontsu bainaiz». Aitak aspaldi utzi zion adarra jotzeari. «Lehen, askotan esaten zidan berak nik baino marka hobeak zituela, baina jauzi handia egin dut, eta aurrea hartu diot. Ez dio axola. Aitzitik, oso pozik dago nire bilakaera ikusita. Gainera, oraindik badu errekorren bat. Konforme dago horrekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.