Hondarribia eta Arraun Lagunak. Horiek dira Gipuzkoako txapeldun berriak traineruetan. Denboraldiko lehen garaikur garrantzitsua zegoen jokoan gaur Donostian, Kontxan, eta eguraldiak erraza jarri ez duen arren, bi taldeek denboraldi honetan edozer irabazteko gai direla erakutsi dute.
Gizonezkoetan, iaz bera izan da azkarrena: Hondarribia. Gizonezkoen txapelketako lehen txanda jokatu ostean, orduerdi itxaron behar izan dute txanda nagusiko ontziek lehiari ekiteko, eguraldiaren ondorioz. Trinkoa zen behelainoa.
Behin arraunean hasita, lehia estua izan dute Ama Guadalupekoak eta Donostiarrak. Hondarribia aurretik joan da uneoro, baina azken luzera arte ezin izan du estropada hautsi. Azkenean, zazpi segundo atera dizkiete etxekoei, eta euren hamabigarren Gipuzkoako Txapelketa poltsikoratu dute hondarribiarrek. Mikel Orbañanosen mutilak aurten ere denboraldi ona egiteko bidean direla dirudi. Hirugarren izan da Orio, eta laugarren San Pedro.
Etxekoen ezustekoa
Emakumeetan, berriz, Orio zen faborito nagusia estropada hasi aurretik. Itsasoak, ordea, bere lekuan jarri du bakoitza, eta bigarren luze zoragarria eginda garailea Arraun Lagunak izan da. Sei segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Oriori. Hirugarren izan da Tolosaldea, eta laugarren Hondarribia.