Arrauna

Hondarribia eta Orio azkarrenak, Coruñako lehen jardunaldian

Eusko Label eta Euskotren ligetako lehen banderak bihar erabakiko dira. Gizonezkoetan, 1,90 segundo daude Hondarribia eta Santurtziren artean, eta emakumezkoetan, lau aurretik da Orio Donostiarraren aldean.

jarraia183813.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 4a
18:01
Entzun

Datua baino ez da, eta gaur hasi den Eusko Label ligan zer gertatuko den azaltzeko ez du balio, goiz delako, baina Coruñako(Galizia) estropadan gertatu denak badu antzik Malagan(Espainia) 2015ean jazo zenarekin: gaur, eta duela bost urteko ekainaren 28an, Hondarribia garaile. Orduko hartan, hasi bezala amaitu zen liga, eta Mikel Orbañanosenek irabazi zuten lehiaketa.

Oraingoz, gaurkoak ez dio ligarik ematen, ez eta bandera ere, bi egunetara jokatzen delako Coruñakoa. Bihar ere atzokoa bezalako lana egin beharko du Ama Guadalupekoa traineruak, gain-gainean duelako Santurtziko Sotera. 1,90 segundo baino ez daude bien artean, eta bihar eguerdian (12:10) erabakiko da. Azkeneko txandan izango dira biak, Urdaibairekin eta Oriorekin batera, baina bi horiek zailxeago dute azken garaipena eskuratzeko aukera, 16na segundo galdu dituztelako gaur Hondarribiarekiko.

Biharko egoerara heltzeko gaurkoa jokatu behar izan dute lau talde horiek eta gainerako zortziek. Coruñako eremua «infernua» izan ohi da, asteon Beni Silva Cabo da Cruzeko entrenatzaileak definitu duen bezala, baina gaur ez zen ipar edo iparrekialdeko haize zakarrik, eta leun ez bazegoen ere itsasoa, arraunean egiteko baldintzak on-onak izan gabe, gaizto ere ez zegoen eremua. Txandak zozketa bidez banatu zituzten aurreko astean, eta Hondarribiari azkenekoan egokitu zitzaion, Urdaibai, Zierbena eta Kaikurekin batera. Ordurako, Santurtzi hegan egina zen bigarren txandan, estropada erditik aurrera, eta aise botata zeukan Oriok lehen txandan egindako denbora, 14 segundo pasatxoan. Orbañanosenek bazekiten hasieratik hortzak estutu beharko zituztela, eta bai egin ere.

Bigarren kalean zen Hondarribia, eta aurreko txandetako joera ikusita, kanpora joateko ez ziren egokiak lehen bi kaleak. Baina talde onei halakoek kalte egitea zailagoa izaten da, edo bestela, baldintzak zeharo aldatu dira azkeneko txanda jokatzerako. Kontua da hasi eta berehala txikitu duela estropada, eta ez zuen lan samurra horretarako, Zierbena zeukalako alboan, hirugarren kalean, ustez kale hobea zenetik. Urdaibai lehen kaletik zihoan. Datu honek ederki azaltzen du zertara atera den Hondarribia: hirugarren minuturako bosna segundora zeuzkan txandako bi aurkari zitalenak, eta Kaikuri zortzi zizkion sartuak. Txikizioa iragartzen ari zen iazko ligan bigarren sailkatu zen taldea, eta ohiko moduari helduta ari zen egiten: arraunean luze, ondo bukatuz, eta presarik gabe. Eta iazko taldetik hiru berrikuntzarekin, hirurak istribor aldean: Ander Legazkue debutaria eta Santiagotarrak taldean hazitako arraunlaria, eta Alan Osanbela eta Gaizka Gorostiaga, aurrenekoa Donostiarran iaz, eta bigarrena Getarian.

Txandan aurkaririk gabe geratu da segituan, baina bazuen bat handi-handia bigarren txandan, eta Santurtzik baino segundo bat motelago eman du aurreneko ziaboga. Bigarren luzean, olatuxkak trebetasunez baliatuz, aurrea hartu dio Santurtziri bien arteko erreferentzietan, eta bigarren ziabogan, zortzi segundo aurretik zen Hondarribia. Alde ona zen, baina erronka ere parez pare zeukan, Santurtzik aurretik zer eta non egin duen ikusita. Bizkaitarren lan bikainari neurria Hondarribiak berak jarri dio hirugarren luzean, bi segundora murriztu delako bien arteko koska. Azkeneko luzean erabakiko zen dena, eta erabaki da bai, atentzioa eman duen egoera bat eta guzti. Izan ere, Santurtzik bere txandan, barrurako luzeetako azken metroetan atera du sua, eta azkeneko luzean, laugarren kaletik sartu da, barruko kaleetatik hobeto etortzen zela kontuan izan gabe. Hondarribiak ez du Santurtzirena egin, bere kale ingurutik sartu da, eta azkenean, 1,90 segundo izan ditu alde, hirugarren ziabogako alde bertsua.

Donostiarraren erreakzioa
Norabideek eta kaleek zalantza gutxiago eragin dute lehen bi txandetan, Santurtziren salbuespena aparte lagata. Hobeto joan dira kanporantz kanpoko bi kaleetakoak, eta hobeto etorri barrura barruko bietakoak. Oriori, hirugarren kaletik, esaterako, azkeneko luzean ez zaio olatu onik etorri, eta hirugarren ziabogan azkena zen Donostiarrak, hamalau segundo jan dizkio azken luzean lehen kaletik, bikain etorriz.

Bigarren txandan, Isuntza joan da aurrenekotik, eta barrurako luzeetan asko errekuperatuz, hirugarren egin du, Santurtziren eta Caboren atzetik. Laugarren kaletik zihoan Zarautzi aurrea hartu dio barruko bi luze horietan. Halakorik egin ez duena, ez joaten eta ez etortzen, Zierbena izan da. Kolpe latza hartu du, eta okerrago izan zitekeen, Zarautz azken-aurrenari bost segundo baino ez dizkiolako atera.

Sailkapena:
1.Hondarribia 20.11,80
2. Santurtzi 1,90era
3. Urdaibai 16,24ra
4. Orio 16,38ra
5. Donostiarra 23,14ra
6. Cabo 32,10era
7. Zierbena 33,52ra
8.Isuntza 35,02ra
9. Ares 35,28ra
10. Ondarroa 36,36ra
11. Zarautz 39,24ra
12. Kaiku 56,90era

Euskotren ligan, bi lehia izan dira gaur

Oriok irabazten jarraitzen du Euskotren ligan. Gaur ere aurrena izan da, Coruñako (Galizia) estropadaren lehen jardunaldian, eta iazko garaipen segida luzeari beste katebegi bat gehitu dio. Joan zen urtean, bigarren jardunaldian egin zion ihes udako garaipen bakarrak, eta ordutik, dena irabaztea lortu zuen, txapelketak eta Kontxako Bandera barne.

Ondo lortu du menderatzea bere burua, lehenik eta behin. Hasiera kaskarra eman diolako gaurko estropadari. Semaforoa berde jarri denean, trainerua ondo jarri gabe izan balu bezala harrapatu dio hasierak, eta aurreneko arraun kolpeetan, beste hiru taldeek aurrea hartu diote: Hondarribiak lehen kaletik, Arraun Lagunakek bigarrenetik, eta Donostiarrak hirugarrenetik. Azkeneko talde horrek aukera izan du Orio atzerago lagatzeko aurreneko metro horietan, baina ez du lortu, eta bigarren minuturako, Nadeth Agirre patroitzan duen taldea jarri da estropada buruan. Horrela jarraitu du lanak amaitu bitartean.

Eremua txar-txarra ez bazegoen ere, zikina zen kanpoaldean, eta arraunean ondo egin beharra zegoen gauzak bere onetik ez ateratzeko. Orio eta Donostiarra ondo moldatzen ari ziren zeregin horretan, baita Hondarribia ere. Lehen luzeko lan erdiak ondo pasatuta zituztenean, Nerea Perez patroiaren arraunlariak bost segundo galerarekin ziren Oriorekiko, eta Donostiarrak hiru baino ez zizkien kentzen. Baldar zihoana Arraun zen, Galiziako eremu hori batere gustuko ez duela agerian utziz. Laugarren minutu eta erdirako, hamar segundo galduak zeuzkan Oriorekiko.

Estu zindoazen lehen bi sailkatuak ziabogaren bila, bizpahiru segundoren barruan biak ere. Hirukoa izan da aldea lan erditan Orioren alde. Txikia, inondik ere. Ez zegoen atzoko estropada erabakita. Atzetik, Hondarribiak bederatzi segundo zeuzkan galduta Oriorekiko, eta hamalau Arraunek. Bi talde horiek gaurko garaipenaren lehiatik kanpo ziren, baita banderarenetik ere.

Bigarren luzearen lehen erdian, Xanti Zabaletak zuzentzen duen taldeak koska handitu du Maialen Arrazola arraunlari eta entrenatzailearen kouadrillarekiko, eta bost segundora ere igo da bien arteko aldea. Hortik aurrera, ordea, Donostiarra hasi da aurkari zuzenari gaina hartzen, eta bi segundora ere jaitsi du aldea. Baina azkenean, 4,62ra igo zdu Oriok, eta horixe du fabore biharko bandera zeinek irabaziko ariko direlako gaurko lehen biak. Egundoko ezustea litzateke Hondarribiak edo Arraunek trapua astintzea, atzean geratu direlako gaur:18 segundo galdu dituzte aurrenekoek, eta 23 iaz ligan bigarren izan zen taldeak. Hain zuzen, gaurko konturik deigarriena horixe izan da, Arraunek ez duela maila eman, neguko estropadetan erakutsi zuen hori.

Beste muturrean Donostiarrarena dago aipatzeko. Taldea alferrik ez duela indartu erakutsi du, eta bide horretatik segitzen badu, estu hartuko du Orio. Bihar bertatik hasita, Coruñan zeinek irabaziko ariko baitira (11:40).

Sailkapena
1.Orio 11.12,80
2. Donostiarra 4,62ra
3. Hondarribia 18,02ra
4. Arraun Lagunak 23, 14ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.