Bigarren itzuliaren lehen zatia Liga hasiera bezain txarra izan da Athleticentzat. Lehen zortzi jardunaldietan bost puntu besterik ez du irabazi Joaquin Caparrosen taldeak. Halere, jaitsiera bost puntura du oraindik. Infernuko suak larregi berotzen ez duelako batetik, eta taldearen itxura sasoi hasieran baino hobea delako bestetik daude lasai jarraitzaileak. Caparros bera ere ez dago estututa. Ez du itxura hori eman gura, behintzat. «Ez gaude kezkatuta. Jokalariak gogo eta ilusio handiarekin daude. Izaera positiboa duen taldea gara», esan zuen atzo Athleticeko entrenatzaileak.
Athleticek sarri askotan erakutsi du une latzetan batuta egoten dakien taldea dela. Elastiko zuri-gorria defendatzen duten gazteak konpromiso handikoak dira, baina ez da komenigarria denboraldiro konpromiso hori erakusten ibili beharra egotea. Nekagarria da. Buruak asko sufritzen du. Horregatik, ezinbestekoa da berandu baino lehen sailkapenaren erdian lasai bizitzen jarraitzeko aukera emango duten puntuak eskuratzea. Horrek ez du esan gura Espainiako Kopako finala jokatu aurretik matematikoki salbatuta egoteko puntuak irabazi behar direnik. Pentsatzeko era hori delako, hain zuzen ere, taldea Ligan jarraitu beharreko bidetik atera dezakeen arrazoi nagusia. «Finalaren aurretik etxeko lanak eginda edukitzea komenigarria izango ote den galdetzeak erakusten du finalean pentsatzen ari zarela», erantzun zion Caparrosek atzo kazetari bati, Kopako lorpenak Ligan izan dezakeen eragin negatiboaz galdetuta.
Athleticek «gaitz» horrekin bizitzen jakin beharko du denboraldia amaitu bitartean. Baina Kopa alde batera utzi eta jardunaldiz jardunaldi erakusten ari den gabeziei irtenbidea ematea izan behar da zuri-gorrien lehentasun bakarra. Erasoan Llorente da taldearen muga gehienak tapatzen dituen jokalaria. Aurrelaria ondo jokatzen hasi zenetik, zuri-gorriek zituzten arazo asko konpondu dira. Baina beste batzuk ez direla sekula konponduko dirudi. Caparrosek Lezama zapaldu zuen lehen egunean argi azaldu zuen futbola ulertzeko duen teoria. Defentsako lana ipini zuen arrakastaren oinarri nagusi gisa.
Defentsan hobetu beharra
Athletici gol asko sartzen zizkioten, eta aurkariari bidea itxi behar zitzaiola agindu zuen. Baita lortu ere. Joan den sasoian, gol gutxien jaso zuen taldeen artean egon zen. Baina jokalariek ez dute ikasgaia behar den moduan ikasi, antza. Horregatik, apur bat lasaitu direnean, betiko akatsak errepikatu dituzte. Denboraldion gol asko ari da jasotzen. Sasoiaren bi herenak jokatu berritan, joan den sasoi guztian jasotako gol kopuruaren inguruan dago Athletic. Ia bi gol sartzen dizkiote batez beste neurketako Caparrosen taldeari. Eta Athleticek ez dauka norgehiagoka bakoitzean gol bi edo gehiago sartzea berma diezaiokeen erasorik. Horregatik egin zuen autokritika Pablo Orbaizek aste hasieran. «Gauza asko hobetu behar ditugu. Elkarren ondoan egon behar gara, eta baloiaren jabetza handiagoa izan behar dugu». Aldagelan egin beharreko hausnarketa hedabideen aurrean egin zuen. Real Madrilen kontra jokatutako partidak arrotu zituen hauts guztiak kontuan hartuta, ez zen une egokia izan kirol arloko hausnarketa egiteko. Bere taldekide asko leku txarrean utzi zituen. Baina Athleticen estatistikak eta jokoa aintzat hartuta, ezin daiteke esan okerreko irakurketa egin zuenik. Azken finean, neurketa guztietan jokalari guztiek %100 eman behar dutela esan zuen. Hori egin ezean, Athletic aurkari samurra dela txapelketako talde askorentzat, alegia.
Athleticek Madrigalen izango du gaur duela bi hilabete inguru galdutako bidera bueltatzeko aukera. Neurketa gaitza izango da. Sekula ez baita erraza izaten Europako zortzi talderik onenen artean dagoenari aurre egitea. Baina ezinezkoa ere ez da. Vila-realek ere sarri egiten ditu opariak. Horretan ez da Athletic baino gutxiago. Hori bai, opariak aprobetxatzean ez du barkatzen. Zelai erditik aurrera oso jokalari onak ditu. Hegaletatik zein erditik min handia egiten du. Jokalari on horiei euren kalitatea erakusten ez lagatzeko aldaketa bi egingo ditu Caparrosek hamaikakoan. Behartutakoak izango dira biak. Susaeta eta Gabilondo ariko dira David Lopezen eta Yesteren ordez. Lehenengoa min hartuta dago, eta bigarrenak partida bateko zigorra bete beharko du.
Hondoa jo aurretik
Espainiako Ligan arazoak izan aurretik, bolada txarra amaitu gura du Athleticek gaur Vila-Realen zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu