Ama Guadalupekoa ontziaren lemazaina da Ioseba Amunarriz patroia (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978). Pasioz bizi du arrauna, maite du kluba, eta dakiena gazteei erakusteko gogoz dago. Hondarribiak etorkizun oparoa izango duela uste du, baina, horretarako, argi du lanean jarraitu beharko dutela. Haren etxeetako batean elkartu da kazetariarekin, Hondarribia Arraun Elkartean, eta patxadaz aritu da hizketan iraganaz, orainaz eta etorkizunaz.
25 urte egingo dituzu udan Hondarribiko patroi. Erraz esaten da... Zer esan nahi du zuretzat?
Egia da kostatu egiten dela hainbeste urtez aritzea, eta aurten pixka bat bat kostatu zait hastea, baina tira. Gazte pila bat daude, eta haiei bidea erakusten saiatuko naiz beste urtebetez, ea noraino iristen garen.
Etxekoa izanda, ilusio berezia egiten dizu?
Bai, beste klub batean banengo, ez nintzateke hasiko. Etxekoa naiz, harrobikoa, hondarribiarra... eta ilusioa egiten dit etxeko jendearekin lan egiteak eta haiekin egoteak. Gazteei erakutsi nahi diet, guri erakutsi ziguten bezala.
Segitu edo ez, duda egin duzu orduan?
Bai... Urte asko dira, eta jende asko aritu gara elkarrekin arraunean. Haiek jada ez daude, eta bertigo moduko zerbait sentitu dut. Baina, tira, kluba bide onetik doa, Mikelekin ere [Orbañanos, entrenatzailea] urte asko daramatzat, eta banekien lana ondo egingo genuela. Horrek piztu dit gogoa beste urtebete egiteko.
Inoiz espero zenuen hainbeste urtez aritzea arraunean? Non dago sekretua?
Ez nuen espero. Azkenean, klubak eman dit ziurtasuna, ilusioa, konfiantza... Eta ez gara arraunlariak bakarrik, familia on bat izan gara. Gustura ibili naiz, eta 25 urte egingo ditut gustura nagoelako, bestela ez nintzateke hemen egongo. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, arraunlariekin eta zuzendaritzakoekin, bidaia asko egin ditugu atzera-aurrera, eztabaida asko izan ditugu gauzak ondo egiteko... Denok leku berera iritsi nahi dugu: udan Hondarribia ondo ibil dadin nahi dugu.
Jarraitzea erabaki duzu. Zerk motibatu zaitu? Edo oraindik zerk motibatzen zaitu?
Asko gustatu behar zaizu hau. Egia da aurten semea seniorra izango dela, eta pentsatu nuen aukera izango nuela neguan harekin entrenamendu batzuk egiteko. Jakinda zail izango duela, B traineruan ibiliko dela, harekin entrenamendu batzuk egiteak ilusioa egiten zidan. Horrez gain, daudenei ere ilusioa egiten zien nik jarraitzeak.
«Ilusioa egiten dit etxeko jendearekin lan egiteak eta haiekin egoteak. Gazteei erakutsi nahi diet, guri erakutsi ziguten bezala»
Honela iragarri zuen taldeak: «Iosebak belaunaldi berri hau gidatzen jarraituko du beraien ibilbidean aurrera egiten laguntzeko». Hori izango da zure eginbehar nagusia?
Bai, batzuekin badaramatzat urte batzuk, baina ilusioa egiten dit guri irakatsi zigutena orain beraiei erakusteak. Ea ikasi, ondo jaso, eta gu ez gaudenean segitzen duten ikasitakoa transmititzen. Beti esan izan dut norbaitek aritu behar duela gazteekin, haiei erakusteko. Bestela, bakarrik egongo dira, eta ez dute guk izan genuen bide hori izango.
Bikendi Alzak, Iñigo Sagarzazuk eta Galder Ezpondak erretiroa hartu dute. Haiekin irabazi zenituen, besteak beste, 2018ko, 2019ko eta 2020ko Kontxako Banderak. Pena eman dizu?
Bai, pena handia eman dit. Etxekook lagun multzo berezia egin dugu, eta oso ondo ibili gara elkarrekin, gustura. Bizitza horrelakoa da, buelta asko ematen ditu, eta haiek ere beraien bidea egin behar dute.
Zein izango da datorren denboraldian zure helburua? Eta taldearena?
Nire helburua denen helburua izango da. Neguan, nork bere maila ematera iritsi behar du, eta bakoitzak bere maila ematen badu, traineruan nabaritu egingo da. Negu ona egin behar dugu, sasoiko jarri, eta, gero, udan, trainerua ahalik azkarren ibil dadin saiatuko gara.
Ari zarete lanean. Zer moduz zabiltzate?
Ondo, ondo. Ilusioa dago traineruan. Lana ondo egiten ari gara, eta horren emaitzak iritsiko dira udan. Orain lana egin behar da, egunez egun, eta despistatu gabe. Arraunak gauza bat du txarra. Zortzi hilabetez entrenatzen duzu bi-hiru hilabetean lehiatzeko. Ez da beste kirol batzuetan bezala.
Nola ikusten dituzu taldea eta kluba?
Kluba ondo ikusten dut. Orain dela bi urte ulertu zen trantsizio bat behar zela, eta bidea egiten ari da. Urtez urte ari da pausoak ematen. Nire ustez, ondo egiten badute lana, horrela lan egiten segitzen badute, urte batzuk barru Hondarribia berriro ere hor goian ikusiko dugu. Batzuetan pauso bat atzera eman behar da. Badakigu gazteak hobetuz joango direla, eta pixkanaka-pixkanaka traineru azkar bat lortuko dugula.
Aurrera begirako proiektua da, beraz?
Hori da. Helburua da Hondarribia ondo ikustea. Gu iritsi ginen hor gora, eta nire ustez oraingoak ere iritsiko da.
Geroz eta gizonezko arraunlari gutxiago daude. Nola erreparatzen diozu horri?
Urte askoan aritu da jende bera, hemen eta klub askotan, eta jende hori erretiroa hartzen ari da. Orduan, arraunlari berriak datoz. Lana egin behar da horiekin, eta klubak hartua du bide hori. Orain garrantzitsua izango da lana ondo egitea.
Urte asko daramatzazu patroi lanetan, eta eskarmentu handia duzu. Zer nabarmenduko zenuke?
Hemendik pasatu den jendea. Eta, batez ere, etxean egon diren arraunlariak; dena eman dute uretan Hondarribia ondo aritu zedin. Alza, Sagarzazu eta Ezponda aipatu dituzu, baina beste asko ere aritu dira. Etxeko jendea nabarmenduko nuke. Kuadrilla bat baino gehiago izan gara. Iritsi garen tokira iristeko, harmonia izan da gakoa.
Eta baduzu garaipen edo urte kuttunen bat?
Askotan erreparatzen zaie garaipenei edo ondo egindako urteei, baina nabarmendu nahi nuke urte askoan ibili garela kuadrilla bat oso ondo. Nahiz eta bigarren, laugarren, bosgarren edo seigarren egin. Denboraldia bukatu arte batuta egon gara, eta bukatutakoan ere, beste bat hasteko gogoz amaitu dugu. Hori da garrantzitsua. Irabazten denean oso erraza da. Baina urte asko pasatu, irabazi ez, eta bukatutakoan ilusioa izatea beste urtebetez jarraitzeko... horixe da onena.
«Irabazten denean oso erraza da. Baina urte asko pasatu, irabazi ez, eta bukatutakoan ilusioa izatea beste urtebetez jarraitzeko... horixe da onena»
Urteotan asko aldatu da arrauna?
Arrauna ez da profesionala, baina azken urteetan profesionalizatzeko bidea hartu du. Bai kirol arloan, bai elikaduran, bai materialean... salto handiak egin dira. Eta liga ere pila bat aldatu da. Egin daitezkeela jauzi askoz gehiago? Bai. Arraunak badu zer hobetua. Eta espero dut urteak pasatu ahala hobetzea.
Lau aldiz irabazi duzu Eusko Label ligan patroirik onenaren saria. Zer behar du patroi on batek?
Patroi on batek, azkenean, talde, kuadrilla on bat behar du. Beti esan dut kuadrilla on batek patroi on bat egiten duela, eta alderantziz, patroi on batek kuadrilla on bat egiten duela. Azkenean, denen lana da.
Oraingoz esan duzu beste urtebetez jarraituko duzula. Gerora ere arraunari lotuta jarraitzeko asmoa duzu?
Badakite gerora ere gustatuko litzaidakeela klubaren barruan egotea. Ikusiko da. Arrauna niretzako bizitzeko modu bat da, eta kirol honen bidez asko ikasi dut.