Pedro Horrillo (Ermua, Bizkaia; 1974) Rabobank taldeko txirrindularia erietxera eraman dute gaur, Italiako Giroko zortzigarren etaparen 70. kilometroan erorikoa izan ondoren. Zauri larriak dauzka, baina haren bizitza ez dago arriskuan, Giroko antolatzaileek esan dutenez. Buruan eta bularraldean traumatismoak dauzka, eta hainbat haustura ere bai; horietako bat, izterrezurrean.
Culmine di San Pietro mendatea jaisten ari zirela jausi da -60 metro egin ditu amildegian behera-, eta Bergamoko ospitalera eraman dute, helikopteroan. Horrillo hona igotzeko larrialdi zerbitzuetako kideek arbola batzuk ebaki behar izan dituzte.
Sailkapen nagusian 166. tokian zegoen, Danilo di Luca liderretik 58.58ra.
Morbegno-Bergamo (209 kilometro) etapa Konstantsin Siutsouk (Colunbia) irabazi du, ihes eginda -hamabost kilometro falta zirela egin du ospa-. 21 segundora heldu da tropela. Di Luca hirugarren heldu da eta zortzi segundoko gainsaria lortu du.
Di Lucak segitzen du lider, Thomas Lovkvist dago bigarren -13 segundora-, Michael Rogers hirugarren -44ra-, Levi Leipheimer laugarren -51ra-, Denis Mentxov bosgarren -58ra-, Ivan Basso seigarren -1.14ra-, Carlos Sastre zazpigarren -1.24ra-, Christopher Horner zortzigarren -1.25era-. Lance Armstrong 25. dago, 4:39ra.
Bihar, bederatzigarren etapa, Milanen (163 kilometro), laua. Etzi atseden eguna izango dute, eta asteartean mendiko etapa.
Txirrindularitza
Horrillo erietxera larri eraman dute, Giroan erorikoa izanda
Mendate bat jaisten ari zirela izan du ezbeharra. 60 metro egin ditu amildegian behera. Buruan eta bularraldean traumatismoak ditu, eta izterrezurrean haustura, besteak beste. Itzuliko zortzigarren etapa Siutsouk irabazi du, ihes eginda. Di Luca liderrak zortzi segundoko gainsaria lortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu