Hortzak luze, aizkorak zorrotz

Aizkora apustu handia jokatuko dute Iker Vicentek eta Julen Alberdi Txikia IV.ak, Tolosan. Hamalau kana-erdiko eta sei 60 ontzako moztuko ditu bakoitzak.

Iker VIcente eta Julen Txikia, Tolosako zezen plazan, elkarren arteko apustua jokatu bezperetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker VIcente eta Julen Txikia, Tolosako zezen plazan, elkarren arteko apustua jokatu bezperetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko apirilaren 27a
05:10
Entzun

Herri kirol zalearen irrika pizten duten saio horietako bat egingo dute gaur Tolosako zezen plazan (18:00). Distira handiko aizkora desafioa jokatuko dute Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Iker Vicentek. Azken urteetako bi kirolari onentsuenak ariko dira urtarrilaren 5ean lotutako deman. Tolosa bertako Kantabriko tabernan hitzartu zituzten lanak, mahaiaren jirako sokatira luzearen ondoren. Azkenerako, eskua eman zioten elkarri, eta hitzemandakoa paperean islatu. Guztira, 22 enbor moztuko ditu bakoitzak: kana-erdiko hamalau —54 ontzako egurrak dira—, eta 60 ontzako zortzi. Alde bakoitzak 7.000 euro jarri ditu jokoan.

Grina handia sortzen dute halakoek, gisa horretako jokoak ez baitira sarri egiten. Hain justu ere, «historiako apusturik handiena» izendatutakoa jokatu eta 65 urte bete ondorengo egunean lehiatuko dira biak. 1959ko apirilaren 26an jendetza ikaragarria bildu zen Juan Joxe Narbaiza Luxia-ren eta Ramon Latasaren arteko demarako: 17.890 lagun Donostiako Txofre zezen plazan. Edukieraz ezinezkoa da gaur horrenbeste lagun biltzea. Azkoitiarra zen Luxia, Txikia IV.a bezalaxe; Latasa, berriz, nafarra, Iker Vicente nola. Sunbillakoa bat, Otsagabikoa bestea.

Handia izan zen ordukoa, baina zale ugari bilduko da Tolosara ere. Ez alferrik, Euskal Herri osoko herri kirol zaleen artean ikusmin handia sortu du lehiak. Vicenterentzat hirugarren apustua izango da. Aurreko biak irabazi egin zituen, Xabier Orbegozo Arria V.aren eta Mikel Larrañagaren aurka. Aldiz, Alberdik lehendabiziko aldia izango du. Bestelako lehietan asko aritu dira elkarren aurka, eta azken urteetan parekatu egin dira bien indarrak.

Kontuak horrela, bi kirolariek tentu handiz prestatu dute desafioa: 112 egun izan dituzte horretarako. Lau hilabete eskas. Denbora tarte horretan egindakoarekin gustura agertu da Alberdi: «Urruti zegoela ematen zuen, baina ailegatu da. Data honi begira egin dugu prestakuntza; lehendabizi atseden hartu nuen hiru astez, eta gero bolumen lana egin dut, lan luzea delako. Ondoren, bizitasuna. Gimnasioko lanaz gain, mendian ibili naiz, bizikletan eta arraun ere egin dut ergometroan. Eta aizkoran, entrenamenduen kargaren arabera, egun gehiago edo gutxiago».

Vicente ere «oso gustura» dago neguko lanarekin: «Fisikoki ondo nago, nire bertsiorik onena eramango dut plazara. Indar gehiagorekin nago, erresistentzia mantendu egin dut, eta teknikoki, gustura. Uste dut ongi landu ditudala alderdi guztiak».

«Fisikoki ondo nago, nire bertsiorik onena eramango dut plazara. Indar gehiagorekin nago, erresistentzia mantendu egin dut, eta teknikoki gustura nabil». IKER VICENTEAizkolaria

Tolosako saioak bi aldagai nagusi ditu arlo fisikoan: erresistentzia eta indarra. Bestela esanda, hauspoa eta kolpea. Bi kirolariek adierazi dutenez, kilo batzuk hartu dituzte probarako. Kolpean lagunduko die horrek, baina Txikia IV.ak ohartarazi du garrantzitsua dela bien arteko oreka lortzea: «Motorraren aldetik ondo ailegatzen saiatu naiz, eta indarra hartu nahi horretan kilo batzuk hartu ditut. Askotan kiloak hartzeak motorra kondenatzen du, eta saiatu gara orekari eusten». Estrategia bertsua izan da Vicenterena. Otsagabikoak prestaketa hasi aurretik baino «bospasei kilo gehiago» ditu: «Egurra harrotzeko garaian ikaragarri nabaritzen da».

Gordean, baina ezagunak

Aizkolari bakoitza nor bere kasa aritu da azken lau hilabeteetan. Etxean, kuadrillaren babesean entrenatu dute biek. Gaur da egindako lana azaleratzeko unea. Bi-biak baikorrak dira lan saioetako emaitzari erreparatuta, baina errespetu handiz mintzatu dira aurkariaren inguruan. Vicenteren esanetan, Alberdik aurrerapauso nabarmena eman du azken urteetan: «Ez du ahulezia nabarmenik. Lehen aizkolari indartsua zen, teknikoki ona, baina lan luzeetan pixka bat jaitsi egiten zen. Asko landu du hori, eta sekulako erresistentzia du, indarra ere bai, eta teknikan ere hobetu egin du. Detaileek erabakiko dute finala, Julenek ez baitu ezer oparitzen. Zaila izango da irabaztea», adierazi du nafarrak.

Txikia IV.ak, berriz, «saio gogorra» aurreikusi du: «Aurkari indartsua da, eta asko sufritzea egokituko zaigu. Horretan mentalizatuta nago. Iker oso teknikoa da, ez du akatsik egiten. Burua hotz mantentzen du, eta ondo prestatuta dago. Hari irabazteko nire bertsiorik onena eman beharko dut, eta espero dut hark ere hala egin behar izatea».

«Motorraren aldetik ondo ailegatzen naiz, eta indarra hartu nahi horretan kilo batzuk hartu ditut. Saiatuko gara orekari eusten». Julen Alberdi 'Txikia IV.a'Aizkolaria

Vicentek eta Alberdik ohi baino lan luzeagoa egingo dute. Egurren arabera, 50 minutu eta ordubete artean mugi daiteke kronoa. Huraxe izaten da ezkutuko aldagaia. Apustuarekin batera hitzartzen da enborren banaketa. Azkoitiarraren kuadrillak plazaratuko hamabi kana-erdiko plazaratuko ditu; Otsagabikoarenak, gainontzeko bi kana-erdikoak eta 60 ontzako zortziak. Txikia IV.ak aurreratu du «Nafarroa inguruko» materiala hautatu duela. Vicentek, zehatzago, Iratikoak eramango dituela adierazi du. Hortik aurrera, mutu. Ohi bezala, isil gordean aritu dira gogortasunaren inguruan.

Gipuzkoako Federazioak epaituko du lehia. Aurrez, bi taldeek goizeko hamarretan ezarri dute egurrak josteko ordua. Ordubete geroago zabalduko dituzte zezen plazako leihatilak, sarrerak erosteko (11:00). Ordurako, giro bikaina ziurtatzeko adina sarrera saldu dira nola Kantabrikon eta Azpeitiko Mendizabal erretegian, hala telefono bidez. Herri kirol zalea goseti da halako egunetan. Hortzak luze jartzen dituzten horietakoa da lehia, aizkorak zorrotz dituzten bi aizkolari neurtuko baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.