Gaur goizean Iurbentia Bilbao Basket klubak bere webean jakinarazi du Marcelinho Huertas baseak hurrengo denboraldian ere Bilbon jokatuko duela, berriro Joventutek utzita -bi taldeak Espainiako ACB Ligakoak dira-, baina jokalaria azkenean Italian ariko da, Virtus Bolonian.
Jokalariaren ordezkariak eman du horren berri lehendabizi, eguerdian, eta Iurbentiak arratsaldean albistea egiaztatu egin dio BERRIAri.
Iurbentiak Huertas fitxatzeko eskaintza egina zuen, baina Joventutek ez zuen ahalbidetu fitxaketa, jokalaria berea zelako eta hari eusteko eskubidea zeukalako. Baina eskubide hori ACBko taldeekin baino ezin dezake erabili, eta jokalariak, horretaz baliatuta, Boloniarekin fitxatu du.
Huertasek 1,90 metro neurtzen du, 25 urte dauzka eta Brasilgoa da. Azkeneko denboraldian, Iurbentian zela, ACBko baserik onenaren saria eman diote; Liga erregularrean 14,5 puntu sartu ditu batez beste eta 3,9 asistentzia eman ditu.
Iurbentiak honako jokalariak ditu, oraingoz, hurrengo denboraldirako: Javi Salgado basea, Lucas Recker, Predag Savovic, Paco Vazquez eta Quincy Lewis hegalak, eta Fred Weis, Marco Banic, Drago Pasalic eta Salva Guardia -fitxatu berria- pibotak. Base bat eta hegaleko bat fitxatu nahi ditu.
Saskibaloia
Huertasek Italian jokatuko du, ez Iurbentian
Virtus Bolonian ariko da eta ez berriro Bilbon utzita, Joventutek jokalariari ezin izan baitio eutsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu