Balorazioak egiteko garaia da, eta, egia esan, oso-oso pozik nago. Izugarri poztu naiz Denis [Mentxov] podiumeko hirugarren koskara igoko dela ikusi dudanean. Urteotan ikasi dut hiru asteko lasterketetan inoiz ezin dela etsi, amaierara arte liderra babesten jarraitu beharra dagoela. Lasterketa hauetan ez da egin behar egunean eguneko azterketa. Hiru asteko itzuliak dira, eta hiru asteak bihar amaituko dira. Bihar ere liderraren ondoan egon beharra dagoela esan nahi dut. Bai, festa giroa izango da tropelean, baina Denisen ondoan egon beharra daukagu.
Azken batean, horixe izan da nire lana; eta ez lasterketan bakarrik. Lan psikologikoa ere egin behar izan dut nik. Nire gelakidea izan da Denis, taldeak uste zuelako esperientziadun txirrindulari bat behar zuela ondoan; haren jarrera ondo ulertuko zuen norbait. Gauzak ulertzeko modu bera daukagu biok, eta hori antzeman egiten da azkenean. Ederki moldatzen gara biok, eta Tourreko hirugarren postu honen zati txiki bat nirea dela sentitzen dut. Hunkigarria da taldeburu bat podiumera igoko dela ikustea, haren alde lanean aritu ondoren .
Gaur gauean ardo botilaren bat husteko asmoa daukagu. Mahasti artean ibili gara gaur, eta aprobetxatu beharra dago. Baina Denis oso profesionala izan da hiru asteotan. Inoiz ez dut ikusi dena hain zorrotz zaintzen. Hiru asteotan gauza bera egin du egunero. Gauza berberak gosaldu, bazkaldu eta afaldu, postre berdina jan, ohera beti ordu berean joan, film bat ikusi... Robota izan da. Guk baso bat ardo edan dugu azken egunetan, eta badakit ardoa asko gustatzen zaiola. Baina berak hori ere ez. Basoa parean jarrita ere ez du edan ezer.
Erlojupekoaren aurretik, autobusetik irten naizenean, elkarri begiratu, eskua luzatu, eta «zorte on» esan diot. Eta oraindik ez da iritsi hotelera, baina iristen denean besarkada handi bat emango diot. Ez du askoz gehiago behar Denisek, kontu horietarako hotza delako, eta ez zaiolako gustatzen zorionak jasotzea.
Biharko eguna berezia izango da; ohorezko itzulia bera ohi baino askoz ere hunkigarriagoa izango da. Simonik Giroa irabazi zuenean haren ondoan nengoen, baina Parisko podiuma desberdina da. Kito, amaitzera doa Tourra, baina aurretik eskerrak eman nahi dizkizuet guztioi, egunero nire ondoan izateagatik.
Hunkigarria da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu