Leondik Bartzelonara. Asobal Ligako beste aurkari bat egokitu egin zaio Portland San Antoniori Txapeldunen Ligako final-laurdenetan. Jokalari nafarrek etxean jokatuko dute joanekoa, otsaileko azken asteburuan. Bartzelonaren pistan martxoaren 4an edo 5ean ariko dira.
Lehen mailako aurkaria da Bartzelona. Gogorra. Zaila. Kataluniarrak dira Europako egungo txapeldunak. Talde sendoa da bere pistan, eta sendoa, halaber, etxetik kanpo. Horregatik, zuhur agertu da Portlandeko entrenatzaile Francisco Javier Ekisoain Zupo, zozketaren emaitza ezagutu ondoren. Ez dago batere kontent Asobal Ligako beste aurkari bat egokitu zaiolako, Ademar Leon kanporatu eta gero.Iaz, gainera, Bartzelonak utzi zuen Portland txapelketatik kanpo. Hori gogoan du Ekisoainek, eta kontuz ibili beharko dutela azpimarratu du jada. Kataluniarrek, gainera, abantaila txiki bat izanen dute Ekisoainen hitzetan, «etxean jokatuko dutelako itzuliko partida».Portlandeko entrenatzaileak argi du, dena den, finalerdietara ailegatu nahi badute bi partidetan jokatu beharko dutela nafarrek ongi. Oso ongi. Sendo eta serio. Lehen mailako partidak egin beharko dituzte etxean eta etxetik kanpo. «Ez da erraza izanen. Europa ez da Asobal Liga, gauza asko hartu behar dira kontuan», gaineratu du Ekisoainek. Izan ere, aurtengo Asobal Ligako partidan mendean hartu zuen Portlandek Bartzelona Iruñean azaroaren hasieran, 31-27.Portlandek irabazi duen Europako Kopa bakarra, halaber, Bartzelonan eskuratu zuen, 2000-2001 denboraldian. Sasoi hartan, halaber, etxean jokatu zuten nafarrek joaneko partida, eta Bartzelonan itzulikoa.Zenbakiak kontuan hartuta, hala ere, salbuespentzat har daitezke Portlanden garaipenak: 33 aldiz jokatu dute elkarren kontra Ligan, eta 27 aldiz irabazi du Bartzelonak. Europan, berriz, lau partida jokatu dituzte elkarren aurka, eta bina irabazi dituzte.Final-laurdenetako beste hiru kanporaketak honako hauek izango dira: Ciudad Real-Celje Pivovarna Lasko; THW Kiel-SG Flensburg-Handewitt; eta Montpellier HB-MKB Veszprem KC.
Gaur, Alcobendasen aurka
Europa bazter utzita, Portlandek gaur Alcobendasen bisita jasoko du NUPeko pabiloian, Asobal Ligako 13. jardunaldian (20:30). Asobal Ligako buru da Portland, Bartzelonaren aurretik, eta, Alcobendas, berriz, azkena. Ondorioz, arazo handirik gabe irabazi beharko lukete gaur nafarrek. Ekisoainek argi du berdin duela aurkaria azkena edo bigarrena izan, jokoan diren puntu guztiak irabazi behar dituela Portlandek lehen postuari eusteko. Are gehiago etxean ari badira.
Gaurko norgehiagokarako jokalari guztiak jokatzeko moduan izanen ditu Portlandeko entrenatzaileak, Nikolic izan ezik. Pibotea da min hartuta jarraitzen duen bakarra. Andorinhok joan den astean jaso zuen senda-agiria, eta Martin Ademarren kontrako partidan aritu zen jada. Taldekideen erritmoa hartzeko lan egin beharko du nafarrak, baina horretarako prest dago.Bestalde, Portlandeko erdiko Ivano Balicek ukatu egin du hurrengo denboraldian RK Zagreb taldeko jokalari izanen denik. Hango egunkari batek argitaratu du. Balicek gezurtatu egin du.
ESKUBALOIA. TXAPELDUNEN LIGA.
Hurrengo geldialdia, Bartzelona
Portlandek joan den sasoiko Txapeldunen Ligako kitarako aukera izanen du, Bartzelona egokitu baitzaio final-laurdenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu