Ia dena argitu da

Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako sailkatu dira beste zazpi talde, tartean Inter Milan iazko txapelduna

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligako lehen fasea amaitzeko jardunaldi bat falta den arren, atzo beste zazpi taldek ziurtatu zuten final-zortzirenetako sailkapena: Inter Milanek, Tottenhamek, Schalke 04k, Olimpique Lyonek, Manchester Unitedek, Valentziak eta Bartzelonak.Etxeko taldeak nabarmendu ziren jardunaldi batean, Inter Milan, iazko txapelduna izan zen sailkatzeko gehien sufritu zuen faboritoetako bat, lan eskerga eginda irabazi baitzion Twenteri, Giuseppe Meazzan (1-0). Gauzak hala, D multzoko bigarren txartela zeinentzat izango den argitzea falta da bakarrik.

Inter txapeldunak eta Tottenhamek A multzoko final-zortzirenetako txartelak ziurtatu zituzten atzo, baina modu oso ezberdinean. Inter emaitza krisian murgilduta dago Italiako Ligan, eta Twenteren aurka majo sufrituta lortu zuen arnasa hartzea (1-0), Cambiassok sarturiko golari esker (56. min.).Tottehnamek, aldiz, azken asteetako bolada ona luzatu zuen, eta irudi ona emanez irabazi zion Werder Bremeni (3-0). Ingalaterrako taldea dago lehen postuan, eta Interren aurkako partidetan gol alde hobea duenez horri eutsiko dio bi aste barru.

B multzoan, berriz, Schalkek 3-0 irabazi zion Lyoni. Dena den, ez zen porrot hain garratza izan Frantziako taldearentzat, bi taldeek final-zortzirenetarako sailkapena ziurtatu baitzuten -Lyonek gol kopurua alde du Benficaren aurkako partidetan -. Izan ere, multzoko beste norgehiagokan Happoelek mesede handia egin zien, Benficari Tel Aviven irabaziz (3-0). Portugalgo taldea zen faboritoa, baina kareletik bota zituen aurrera egiteko zituen aukerak. Israelgo taldeak lorturiko lehen garaipena izan zen, eta bete betean sartu da eta Europa Ligan jarraitzeko lehian. Bi aste barru multzoko lehen eta hirugarren postuak zeinentzako izango diren argituko da.

Valentziaren astindua

Valentziak eta Manchester Unitedek C multzoko lehen bi postuetan amaitzea ziurtatu zuten, eta bi aste barru Old Trafforden argituko da zeinek bukatuko duen sailkapeneko buruan. Joaneko partidan deabru gorriek 0-1 irabazi zuten Valentzian, eta ondorioz, Valentzia irabaztera behartuta dago lehen postua lortzeko. Atzokoan, Manchesterrek 0-1 irabazi zuen Glasgow Rangersen etxean , Rooneyk partidaren azken txanpan penaltiz lorturiko golari esker (86. min). Aurrelariaren golak zelai gaineko merituak saritu zituen. Jardunaldiko talderik onena, berriz, Valentzia izan zen.Unai Emeryk zuzentzen dituen jokalriek nagusitasunez irabazi zioten Bursaspor ahulari kolorerik gabeko partida batean (6-1). Aritz Adurizek sartu zuen hirugarren gola, 30. minutuan.

D multzoan, azkenik, Bartzelonak multzoko lehen postua ziurtatu zuen Panathinakoisi partida txar batean irabazita (0-3). Kataluniarrek baloi jabetza izan zuten lehia osoan osoan, baina bigarren zatira arte ezin izan zuten euren joko alaia egin. Hori bai, Pedrok lehen gola sartu zuenean (26. min.), patxada handiagoz saiatu ziren greziarren harresiko zirrikituak bilatzen. Multzoko beste partidan bigarren posturako borroka bizitu egin zen, Rubin Kazaken 1-0 irabazi ziolako Kopenhageri. Danimarkako taldea ligaxka hasieran lorturiko puntu aldea xahutzen ari da, eta bi aste barru Panathinaikosi etxean irabazi behar dio sailkapena ziurtatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.