Ia ezer ere ez da aldatu

Urdaibai liderrak irabazi du Pedreñan, seigarren estropada puntuagarrian, eta San Miguel liga irabazteko faboritoa da

Igor Susaeta.
2008ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Arraunlariek sailkapen nagusiaren araberako txandak nahi zituzten, eta atzo, Pedreñako (Kantabria, Espainia) uretan, San Miguel ligako seigarren estropada puntuagarrian, halaxe egituratu zituzten. Hala nahi zituzten, joan den igandean Donostian Castrori eta San Pedrori gertatu zitzaiena saihesteko, adibidez. Aurreko bost estropadetan zozketa eginda egituratu zituzten txandak, baina ezustekoak, ez pentsa, gutxi. Hirutan Urdaibai nagusi, beste batean Castro, eta azkenekoan Orio. Eta zorte txarra, zorte txarra, aurreko igandean La Marinera eta Libia ontzi indartsuek. Bestelakoan... Hartara, txandak sailkapenaren arabera egituratuta ia ezer ere ez da aldatu. Urdaibaik ondo irabazi zuen atzo Marina de Cudeyo Bandera, eta San Miguel liga irabazteko hautagai nagusia dela erakutsi. San Pedro eta Castro, bigarren eta hirugarren, euren mailan ibili ziren; eta baita Zarautz ere, laugarren. Oriok, aldiz, kale egin zuen berriro, pare bat estropada txukun egin ostean.

Hortaz, hori bakarrik aldatu zen atzo; Orioren postua, alegia. Izan ere, San Pedron hirugarren izanda eta Telefonica Bandera irabazita, Mirotza traineruak gorako bidea hartu zuela zirudien, baina atzo, indartsu hasi arren, lehen palakadetan estropadaren buruan jarrita ere, hondoratuta bukatu zuen. Zortzigarren azkenean, eta Urdaibai liderrak jada 12 puntu ateratzen dizkio.

Eta lider sendoa, fidagarria da Patxi Bilbaok entrenatutakoontzia, Bou Bizkaia. Orain, gainera, puntu gehiago ateratzen dizkio bigarren sailkatuari. Egia esan, iazko denboraldian gailurrera eraman zuen bidea hartu du aurten ere Bermeoko ontziak. Arlo horretan gauza gutxi aldatu dira, hortaz. Iaz, aurten bezala, 63 puntu zituen sei estropada jokatu eta gero, baina sailkapen nagusian bigarren zen, Orioren atzetik. Bilbaok iazko koadrilari eutsi dio aurten ere, eta arraunketak, hortaz, iazkoak baino hobea behar du.

Dena den, ia ezer ere ez da aldatu. Ontzi barruko sentsazioak onak dira, aurreko sasoian bezala, eta Urdaibai Pedreñan nagusitu zen atzo; iaz ere bai. Gainera, estropada eremuko marka ezarri zuen. Atzo arte, Bou Bizkaia-k berak iaz egindako 19.59koa zen denbora onena, baina 10 segundoan hobetu zuten atzo.

Atzetik aurrerako estropada egin zuen Urdaibaik, atzo hain nahasia ez zen estropada eremuan. San Pedro, Castro eta Orio parean eduki zituen lehen maniobra egin arte, baina ziabogan Bou Bizkaia aurretik. Gero, bigarren luzean ontzi bateko aldea atera zien San Pedrori eta Castrori, eta hirugarren luzean, aldiz, hanka egin zuen. Atzetik lehia polita eduki zuten aipatutako bi ontziek, eta Orio, berriz, hondoratu egin zen.

Urdaibaik bederatzi segundotan hobetu zuen Zarautzek bigarren txandan egindakoa. Bikain Enbata. Buruan jarri zen, eta horri eutsi zion, etxeko trainerua gertu ibili arren. Atzetik Zumaia eta Cabo da Cruz. Galiziako ontziak atzetik aurrerako estropada osatu zuen, baina Telmo Deun-ek hortzak estutu zituen txandan hirugarren izateko.

Aurrenekoan, berriz, Arkote txukun antzean. Hondarribia, aldiz, pattal berriro, indartsu hasi arren; Tiranek ere aurrea hartu zion azkenean. Zazpigarren estropada puntuagarria jokatuko da gaur Plentzian (ETB 1, 12:00), eta txanden egituraketa atzokoaren bera izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.