Elkarrizketak, telefono deiak... Atseden hartu ezinik dago Ander Garaiar (Oiartzun, Gipuzkoa, 2007) ostiraletik. Ez da gutxiagorako, 20 urtez azpiko Europako atletarik bizkorrena baita. Nagusitasunez irabazi zuen 100 metroko proba.
Jabetu zara dagoeneko lortutakoaz?
Elkarrizketa ugari izan ditut azken egunetan, eta telefonoan ere mezu ugari jasotzen ari naiz; baina pixkanaka ari naiz barneratzen. Oso pozik nago.
Zer oroitzen duzu lasterketaz?
Oso ondo irten nintzen. Irteerako erreakzio onenen artean bigarrena izan zen nirea. Uste dut hori izan zela irabazteko gako nagusietakoa. 10 metro ingurutik aurrean nindoala ikusi nuen, eta ondo eutsi nion. Dena den, gure proban dena oso estu izaten da, eta estadioko pantailan denbora ikusi nuen arte ez nuen guztiz sinetsi.
Espero al zenuen irabaztea?
Ez, ez. Sasoi onean nago, baina denborarik onenen artean bosgarrena edo seigarrena zen nirea. Gehienez brontzezko domina lortzeko lehian egongo nintzela uste nuen. Sailkapen probaren aurretik arazo txiki batzuk izan nituen oinean eta iskioan, baina sailkapen lasterketa gainditu eta finalerdian eta finalean ez nuen minik izan. Oso ondo ikusi nuen neure burua, eta dena primeran atera zen.
10.40. Horixe izan zen egin zenuen marka. Orain arte egin duzun lasterketarik onena izan da?
Ez. Denbora oso ona da, baina egin izan ditut hobeak. Dena den, korritu genuen pistan ez dira marka asko egin, eta gainera haizea ere ez genuen alde izan.
Kritikak egin dizkizute taldekideekin batera Espainiako banderarekin argazkia ateratzeagatik. Zer duzu esateko horren inguruan?
Kritikei ez diet kasu asko egiten. Bandera hartu nuenez, alde batetik iritsi dira kexuak; hartu izan ez banu, edo beste bat hartu, beste alde batetik iritsiko ziren kexuak. Gustatu edo ez, hartu egin behar nuen, bestela isun bat jaso nezakeen eta.
Duela sei urte hasi zinen atletismoan, baina azken urtebetean egin duzu urratsik handiena. Zer izan da horretarako gakoa?
Hala da, duela sei urte hasi nintzen atletismoan. Etxetik Haurtzaro ikastolako atletismokoak ikusten nituen patioan entrenatzen, eta probatzea erabaki nuen. Iaz arte, ikastolako patioan eta Arditurriko bidegorrian entrenatzen nintzen. Bertan aritzen nintzen serieak egiten. Iaz, hirugarren egin nuen 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, eta erabaki nuen beste pauso bat ematea. Valentin Rocandiorekin jarri ginen harremanetan, haren aginduetara entrenatzen hasteko. Oso entrenatzaile ona da. Denboraldi hasieran esan nion nire helburua 10:60tik jaistea zela. Hasieratik nabarmen jaitsi nuen denbora hori, eta bilakaera etengabea izan da.
Zertan aldatu dituzu entrenamenduak?
Orain Donostiako estadio txikian entrenatzen naiz, egun gehiagotan, iltzedun zapatilekin... Gimnasioan ere lanketa handia egiten ari gara... Hori eta serieak izaten dira entrenamenduaren oinarria. Sasoiaurrean serieak luzeagoak izaten dira, baina gero motzak eta oso biziak.
Eta zer duzu hobetzeko? Zertan ari zaizu estutzen Rocandio?
Zer hobetua beti dago, baina uste dut korrika egiterakoan teknika ona dudala. Irteeran dut zer hobetua, irteeran izaten dudan erreakzioa are bizkorragoa izateko. Horretarako, ezinbestekoa da hanketan, giharretan, indarra izatea, eta horregatik ari gara lanketa egiten gimnasioan. Lesioak eragozteko ere funtsezkoa da hori.
«Irteeran dut zer hobetua, irteeran izaten dudan erreakzioa are bizkorragoa izateko. Horretarako ezinbestekoa da hanketan, giharretan, indarra izatea»
Lasterketak ikusi eta aztertzeko ohitura izaten al duzu?
Bai, hortik ere ikasten baita. Gainera, nik uste 100 metrokoa atletismoan dagoen probarik ikusgarriena eta bereziena dela: atletak irteteko prestatzen diren momentua, estadioan sortzen den isiltasuna, abiatzeko unea...
100 metrokoan lehiatzen diren atleten artean, zein da zure erreferentea?
Asafa Powell da gehien gustatzen zaidana; batetik, korrika egitekoan oso ona da teknikoki; bestetik, oso indartsua da. Atleta osoa dela uste dut.
Los Angelesko Olinpiar Jokoetan egotea zer da: utopia bat, amets bat edo aukera bat?
Amets bat dela esango nuke. Urruti ikusten dut, eta oso zaila izango da han egotea. Baina hiru urte geratzen dira. Hobetzen eta hazten jarraitu nahi dut.
Eta datozen asteetan zer egin nahi duzu?
Atseden hartu eta lagunekin egon. Azken bi hilabeteetan atletismoan izan dut arreta osoa.
Herriko jaiak ere galdu dituzu.
Hala da, baina, lortutakoa kontuan hartuta, merezi izan du.
Ikasten ere ari zara.
Hala da. Informatikako erdi mailako gradu bat egin dut, eta orain goi mailako bat egiteko asmoa dut.