Iban Mayo garbi dagoela esan du kontranalisiak. EPO hartzeagatik positibo eman du aurten Frantziako Tourrean uztailaren 24an egindako kontrolean, itzuliko bigarren atseden egunean, Pirinioetan -uztailaren 30ean eman zuten albistea-, baina gaur Espainiako Federazioak jakinarazi dio negatibo eman duela azken frogak; Espainiakoari, berriz, UCI Nazioarteko Federazioak eman dio albistea. UCIren komunikazio ofiziala jasotzea baino ez zaio falta Mayori. Hala, ez du bi urteko zigorrik bete behar izango.
Txirrindulariak berak eskatu zuen kontranalisia egitea, eta abuztuaren 20an egin zioten. Tourrean 16. tokian bukatu zuen, Alberto Contador irabazlearengandik 27.09ra.
Mayok beti esan du berak ez duela EPOrik hartu eta kontranalisiaren zain egon behar zela. Horren emaitza jakin artean Sauvier Duval taldeak soldata kendu zion. Josean Fernandez Matxin zuzendariak, baina, uztail bukaeran bazioen kasuak "zentzurik ez" zeukala. "Tourra hasi baino lehen lau kontrol pasatu zituen Mayok, eta taldean bertan beste sei kontrol egin zaizkio. Ez du sekula dudarako tarterik utzi. UCIk ere ez zigun arazorik jarri eskatutakoa sinatu genuenean, ez du sekula aurretik ezer eduki. Ez genuen inolako susmorik. Kontratu ona zeukan, eta ez zuen gainsari berezirik irabazteagatik. Tour txukuna zeukan egina, eta mendiko etapa bakarra falta zen. Arriskua hartzekotan irabazteko izango zen. Ongi ibili zen, baina ez zizkion inori sei minutu sartu".
Aurtengo Tourreko laugarren positiboa izan zen. Aurreko kasuak Patrik Sinkewitz, Andrea Moreni eta Aleksandr Vinokurovenak izan ziren.
Mayok (1977; Igorre, Bizkaia) aurten Italiako Giroan etapa bat irabazi du. 2000tik da profesionala, eta ordutik 2007ra arte Euskaltel-Euskadin egon zen. 2003koa izan du urterik onena: Frantziako Tourrean etapa bat -Alpe d'Huezen- eta seigarren sailkapen nagusian, Euskal Herriko Itzulia eta bi etapa, Dauphine Liberen aitzin-etapa eta beste etapa bat.
Txirrindularitza
Iban Mayoren kontranalisiak negatibo eman du
EPOagatik positibo eman zuen Frantziako Tourrean. Ez du bi urteko zigorrik bete behar izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu