Ibarrolak eta Ozafrainek berriz ere batera jokatuko dute binakakoan

Bost bikotek jokatuko dute, batek atarikoetatik sailkatuta, eta sailkatze ligaxka martxoaren 22an hasiko da

Imanol Magro Eizmendi.
2009ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Buruz buruko txapelketako finala jokatzeko hamar egun falta badira ere, dagoeneko binakako trinket txapelketa diseinatuta dago. Frantziako Federazioak antolatuko du berriz, Patrick Ibarrola eta Patrick Ozafrain iazko txapeldunek batera jokatuko dute, eta sailkatze ligaxkan ariko diren bost bikoteek martxoaren 22an ekingo diote lehiari.

Iazko txapeldunekin batera beste hiru bikoteren parte-hartzea ziurtatuta dago: Sorhuet-Etxeto, Larretxea-Ezkurra II.a eta Waltary-Kurutxarri. Iazko txapelketan atzean jokatu zuen Waltaryk, eta aurtengoan bere betiko postura itzuliko da. Bosgarren bikotea atariko kanporaketetatik irtengo da. Hurrengo atarikoa Bielle-Ducassouk eta Alfaro-Lazkanok jokatuko dute, eta irabazleak Etxeberri-Arizmendiren kontra ariko dira gero. Bigarren partida horretako irabazleak izango dira txapelketako bosgarren bikotea.

Txapelketako lehen fasea ligaxka bidez jokatuko da, eta lehen sailkatuek finalerako txartela lortuko dute. Bigarren eta hirugarren postuetan gelditzen diren bikoteek finalerdi bakarra jokatuko dute. Finala, ohi denez, Baionan jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.