IDK-k eta Gernikak etxetik kanpo ekingo diete gaur kanporaketei

Mann Filterren kontra ariko dira gipuzkoarrak, eta Ferrolen aurka bizkaitarrak. Ezustea eman nahi dute, kantxa faktorea kontra eduki arren

ainara arratibel gascon
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abagune erabakigarrian sartu da Espainiako Ohorezko Maila. IDK Gipuzkoak eta Lointek Gernika Bizkaiak gaur ekingo diete titulurako kanporaketei. Aurrera egiteko gutxienez partida bat irabazi beharko dute Mann Filterren (21:00) eta Uni Ferrolen (20:00) pabiloian, hurrenez hurren. Izan ere, kantxa faktorea aurka dute. Gaur dute horretarako lehen aukera, etxetik kanpo ekingo baitiete kanporaketei.

Liga erregularrean, IDK-k Mann Filterren pabiloian irabaztea lortu zuen: 68-73. Iva Brkicen, Toch Sarren eta Lyndra Weaverren ekarpena erabakigarria izan zen partida hartan. 50 puntu sartu zituzten hiruren artean. Etxeko taldeak Donostian aski ezagunak dira bi jokalari ditu: Gaby Ocete eta Paola Ferrari. Aurreko sasoian IDK-n jokatu zuten. Ferrari taldeko saskiratzailerik onena da. 18,8 puntu daramatza partidako batez beste, eta haien mehatxu nagusia da, Shacobia Barbeerekin batera (15,3 puntu batez beste).

Azu Muguruza IDK-ko entrenatzaileak honela ikusten du kanporaketa: «Bigarren itzuliko emaitzak ikusita, haiek zertxobait faboritoagoak dira. Baina ligako partidak oso parekatuak izan ziren, eta, kanporaketetara sailkatzeko presioa gainetik kenduta, ilusioz gaude».

Sasoi honetan Gernikak Ferrolen aurka jokatutako partidak oso lehiatuak izan dira. Bakoitzak bere pabiloian irabazi du. Hala, Ferrolen 86-82 galdu zuen Gernikak, eta Malosten 89-82 irabazi zuen. Jokatzeko modu berezia du Ferrolek, oso irekita jokatzen baitu, eta haien uztaipeko jokalariak kanpoko jaurtitzaile onak dira.

Hain zuzen, kanpoko jaurtiketa horietan erabaki daiteke norgehiagoka. Izan ere, Gernika hirukoetan portzentajerik onena duen taldea da ligan: %38,4; Ferrol, berriz, gehien jaurtitzen (685) eta sartzen duena (237). Gernikan, Ameryst Alston jokatzeko duda da, min hartuta baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.