Bittor Alkiza. Osasunako bigarren entrenatzailea

«Igoera kanporaketetan sartzea sinatuko nuke, zalantzarik gabe»

Sasoiko boladarik gozoenean dago talde nafarra, baina zuhurtziaz mintzo da Bittor Alkiza. Gogorarazi du «luzea eta gogorra» dela Bigarren Maila, eta nabarmendu «oso zaila» izango dela etxeko boladari eustea. Bideoa albistearen amaieran.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
<i>Iruñea</i>
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Sei denboraldi daramatza Bittor Alkizak (Donostia, 1970) Jagoba Arrasateren aldamenean. Lehenik, hirugarren entrenatzaile gisa jardun zuen Realean, eta azken hiru sasoiak Numantzian eman ditu, bigarren teknikari lanetan. Arrasateren «kontrapuntua» omen da: «Asko gustatzen zaigu batak gauza bat esan eta besteak justu kontrakoa esatea. Bakoitzaren ideiak mahai gainean jarri, eta hortik emaitza onak ateratzen ditugu». Futbolari garaiak urrun gelditu zaizkio, baina ez zaio nabari; jokalari itxura du oraindik.

Hezur eta azal zaude. Noiz edo noiz zelaira ateratzeko asmoa duzu, ala?

Gauza bat da itxura, eta beste bat hauspoa. Kirol pixka bat egiten saiatzen naiz, burua garbitzeko batez ere. Etengabe gaude futbolean pentsatzen, eta nire ihesbidea da kirola. Kirolaria izan naiz betidanik, eta elikadura ere zaindu egiten dut.

Osasuna ere sasoiko dago. Izan ere, Bigarren Mailako liderra da Granada eta Malagarekin batera. Orain, hor irautea da zuen erronka, ezta?

Bai. Hau oso luzea eta gogorra da, ordea. Ematen du dena erraz joan dela, baina asko kostatu zaigu gauden tokira iristea. Hasiera gogorra izan zen, joko zein emaitza aldetik. Orain hobeto gaude, baina oraindik denboraldi erdia gelditzen zaigu. Talde guztiek dituzte gorabeherak, hori garbi izan behar dugu. Teorian gu baino indartsuagoak diren taldeak ditugu inguruan, eta helburua haien alboan irautea da.

Sinatuko al zenuke igotzeko kanporaketetan sartzea?

Bai, zalantzarik gabe, gainera. Orain goi-goian gaude, eta jendea oso gustura dago, baina esan bezala, hau oso luzea eta gogorra da. Asteburuero irabazten saiatuko gara, eta ea sailkapenak non jartzen gaituen.

Abantaila handia duzue: jokalariek ondo barneratu dute Jagoba Arrasatek eta biok ezarritako jokamoldea, eta oso eroso sentitzen dira estilo horrekin.

Entrenatzaile bat beti saiatu behar da hori lortzen. Horrez gain, funtsezkoa da estiloa aldi bakoitzean dituzun jokalarietara egokitzea. Malgutasun hori eduki behar da. Uste dut bide horretatik goazela gu. Gero, badaude ideia nagusi batzuk, noski. Jagobari futbola ulertzeko modu jakin bat gustatzen zaio, eta taldea ondo ari da egokitzen jokamolde horretara.

Hasieratik izan zarete talde erasokorra, baina defentsan kosta egin zaizue zuloak ixtea. Dena den, atea hutsean utzi duzue azken hiru partidetan. Aurrerapauso handia da hori, ezta?

Bitxia da. Etxeko azken partidetan, uste dut zaleek gutxiago gozatu dutela aurreko beste lehia batzuetan baino. Guretzat, berriz, partida borobilak izan dira. Batzuetan, golik sartu ez diguten arren, akatsak egin ditugu defentsan. Alabaina, bestelako sendotasuna izan dugu azken partidetan. Aurkariak oso gutxitan iritsi zaizkigu. Horren bila genbiltzan.

Oro har, zer duzue hobetzeko?

Defentsan are hobeto aritu gaitezke oraindik. Oreka lortzen saiatu behar gara: defentsan sendoago aritzeagatik ez dugu erasoan okerrera egin behar. Aurrera joatea, areara jende askorekin iristea eta goian estutzea gustatzen zaio Jagobari. Horri eustea eta aurkariei aukera gutxi ematea da helburua. Alde horretatik, hobetzeko tarte handia dugu oraindik.

Etxetik kanpo hobera egin duzue azkenaldian, baina zenbakiak are gehiago hobetu ditzakezue oraindik. Horretarako aukera izango duzue hurrengo bi partidetan, Sportingen eta Numantziaren zelaietan.

Talde guztioi kostatzen zaigu etxetik kanpo irabaztea. Gu askoz erosoago gaude orain. Emaitzez aparte, jokoak ere hobera egin du Iruñetik kanpo. Ordea, gerta daiteke orain etxean behera egitea. Oso zaila da Sadarren izaten ari garen boladari eustea.

Halako goraldi batean, zer mezu igorri behar zaie jokalariei?

Bigarren Mailan, arnasa hartzen duzunean, kolpe handiak jasotzen dituzu. Hori garbi utzi diegu jokalariei. Horrez gain, jokalari guztiak inplikatu nahi ditugu. Badaude orain arte gutxi jokatu duten batzuk, baina ziur gaude aukerarik izango dutela, Liga oso luzea baita. Jokalari horiek ere behar ditugu.

David Rodriguez zen gutxi jokatzen ari zirenetako bat, eta Numantziara joan da neguko merkatuan. Rober Ibañez hegalekoa fitxatu duzue, baina ez al zaizue aurrelari bat falta?

Pozik gaude taldearekin, lehen geunden bezala. Juan Villar aurrelari bezala ikusten du Jagobak, eta, Rober ekarrita, pentsatu genuen Davidek are aukera gutxiago izango zuela. Batzuek esango dute gutxi mugitu garela, baina guk hasieratik pentsatu dugu talde oso ona geneukala.

Zale denen ahotan dabil Ruben Garcia. Nolakoa da hura bezalako jokalari bat zuzentzea?

Erraza. Batez ere, erasoan egiten duenari erreparatzen dio jendeak, baina nik defentsan duen inplikazioa azpimarratu nahiko nuke. Eta berdin gertatzen da gainontzeko aurrelariekin. Hobeto ari gara presio egiten orain, eta uste dut horrek eragin handia izan duela azken emaitzetan.

Sailkapenaz harago, Sadarreko giro beroa berpiztea jarri zitzaizuen helburutzat, eta ari zarete betetzen. Zer da, jokamolde edo emaitza kontua?

Esango nuke ez dela helburu zaila. Taldeak lan egiten badu, eta gogoa eta grina erakusten baditu, zaleak pozik ateratzen dira Sadarretik, emaitzaz aparte. Harmailetan giro oso ona dago, eta horrek asko ematen dio taldeari. Hau da, elkar elikatzen dugu.

Arrasateren alboan zaude 2013-2014ko denboraldiaz geroztik. Nolakoa da teknikari gisa?

Askok dioten moduan, oso tipo normala da. Egungo futbolean oso zaila da halako norbait aurkitzea. Hori kontuan hartuta, oso erraza da harekin lan egitea. Asko daki futbolaz, eta hitz gutxirekin eta denbora laburrean helarazten du bere mezua.

Nolako harremana duzue?

Haren kontrapuntua naiz. Asko gustatzen zaigu batak gauza bat esan eta besteak justu kontrakoa esatea. Bakoitzaren ideiak mahai gainean jarri, eta hortik emaitza onak ateratzen ditugu. Pertsona gisa ezberdinak gara, eta, askotan, futbola ere modu desberdinean ikusten dugu. Hori bai, bera da lehen entrenatzailea, eta erabakiak berak hartzen ditu. Nire zeregina, ahalik eta laguntza handiena eskaintzea da.

Lehen Mailako futbolari ohia izatea lagungarria al da jokalariekin mintzatzerakoan?

Ni ez naiz horretaz jabetzen. Aspaldi izan nintzen futbolari, eta dena normaltasunez egiten saiatzen naiz. Taldea familia baten modukoa izatea nahi dugu, eta, horretarako, egia esan, erraztasun handiak ditugu hemen.

Asko aldatu al zarete Jagoba eta biok Realaren lehen taldean elkartu zinetenetik?

Hala uste dut. Bolada zailetan bizi izandako esperientziek beste ikuspuntu bat ematen dizute; baita etxetik atera eta beste toki batean lan egiteak ere. Logikaz, Jagoba orain dela lau edo bost urte baino entrenatzaile hobea da, eta gauza bera gertatzen da nirekin. Harengandik asko ari naiz ikasten.

Eskertu duzu hiri aldaketa? Nahiago Iruñea, Soria (Espainia) baino?

Bere garaian, asko kostatu zitzaidan Donostiatik ateratzea. Familiarekin irteten nintzen lehen aldia izan zen, eta zalantzazko aldiak bizi izan nituen. Ez nekien zer aurkitu behar nuen. Gero, jabetzen zara aldaketak normaltasunez hartuz gero egoera berrietara segituan egokitzen zarela. Niretzat, lehen gauza familia gustura egotea da, eta, orain, pozik dago, aurrez Sorian bezala.

Euskara asko entzuten al da Osasunan?

Jokalari euskaldunen, fisioterapeuten eta entrenatzaileon artean, dezente. Egia da guztiok baldin bagaude, erdaraz egiten dugula. Jokalarien artean, Oier, Unai [Garcia] eta Endika [Irigoien] dira euskaldunak, eta haiek gainontzekoei hitz batzuk euskaraz egiten saiatzen dira. Besteek normaltasunez ikusten dute gu euskaraz mintzatzea, ez zaie arraroa iruditzen.

Zer moduz ikusten dituzu Reala eta Athletic?

Bi taldeek aldatu dute entrenatzailez, eta hori normalean ez da albiste ona izaten. Ordea, aldaketak on egin die biei. Itxura eta emaitzak hobetu dituzte. Azken derbia Realak irabazi zuen, baina bi taldeak doaz bide onetik.

Imanol Alguacilen taldekide izan zinen zu, eta zerorrek ekarri zenuen Zubietara. Zer azpimarratuko zenuke berataz?

Nik ez dut entrenatzaile profesional gisa ezagutu, harrobiko langile gisa baizik. Pertsona gisa, fenomeno bat da. Nortasun irmoa du, eta, Jagobaren inguruan esan dudan bezala, tipo normala eta naturala da. Ez zaio gustatzen fokupean egotea. Horri garrantzi handia ematen diot nik.

Gaizka Garitano ere ondo ezagutzen duzu. Antzekoak al dira bi entrenatzaileak?

Hein batean, bai. Ez dute emango lerrobururik astero, baina oso eraginkorrak dira. P. Ferreira [Athleticeko 2. entrenatzailea] ere oso ondo ezagutzen dut; hark oreka ematen dio Gaizkari, Jagobaren eta nire artean gertatzen den bezala.

[youtube]https://youtu.be/LG2ngsTVduo[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.