Igor Anton izango du taldeburu Euskaltelek Italiako Giroan

Gaztela eta Leongo Itzulia jokatuko da gaurtik igandera bitartean, eta Alberto Contador da faboritoa

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Igor Anton, Mikel Nieve, Juanjo Oroz, Iñaki Isasi, Javier Aramendia, Jorge Azanza, Pierre Cazaux, Daniel Sesma eta Miguel Minguez. Hori da Euskaltel-Euskadiren bederatzikoa aurtengo Italiako Girorako. Maiatzaren 7an hasiko da Giroa, Turinen, taldekako erlojupeko batekin, eta maiatzaren 29an amaituko da, Milanen, bakarkako beste erlojupeko batekin. Anton izango da taldeburua. Txirrindulariak berak argitu du «aurrekoen multzoan» ibiltzea dela asmoa. «Baina etapa bat irabaztea da helburua». Oraingoz ez dio begiratu nahi sailkapen nagusiari. Movistarrek Girorako 11 txirrindulariko hautaketa egin du, eta, oraingoz, tartean dago Javier Iriarte nafarra. Datozen egunetan ikusi beharko da euskal herritarrik izango ote den Giroan.

Hori bai, Giroaren aurretik, Gaztela eta Leongo Itzulia jokatuko da gaurtik igandera bitartean. Ez da World Tourreko itzulia, baina parte-hartze bikaina izango du. Tartean izango da, besteak beste, Alberto Contador (Saxo Bank). Antonekin batera, itzulia irabazteko lehian ibili beharko lukete Xavi Tondok (Movistar) eta Carlos Sastrek ere (Geox), nahiz eta azken hori oraindik ez dagoen sasoi punturik onenean.

Aurreko urteetan baino samurragoa da Gaztela eta Leongo Itzulia. Izan ere, begiratu batera, hiru etapa dira egokiak esprintean amaitzeko, eta mendiko etapa bakarra dago. Larunbatean, berriz, 11,2 kilometroko erlojupekoa edukiko dute txirrindulariek.

Fleche Brabanconne, gaur

Klasikoen garaia da udaberria, eta horietako bat jokatuko da gaur, Belgikan: Fleche Brabanconne. Lovaina eta Overijse artean 200,4 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek. Azken zatian bost itzuli beharko dizkiote 12,7 kilometroko zirkuitu bati, eta guztira 31 muino igo beharko dituzte. Sebastien Rosseler belgikarrak irabazi zuen iaz, Quick Stepekin. Atzo, berriz, Paris-Camembert Le Petit klasikoa jokatu zen, eta Sandy Casarrek (Francaise des Jeux) irabazi zuen. Zazpigarren helmugaratu zen Iker Camaño (Endura Racing).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.