Euskal Herriko Itzulia

Igor Antonek gorazarre egin die oroimen gozoei

Itzuliko laugarren etapak Galdakaon izango ditu irteera eta helmuga, Antonen jaioterrian. Ziklista ohia ibilbidearen diseinuaz arduratu da, eta «igotzaileentzako klasiko bat» prestatu du. Tropelak hiru aldiz igo beharko du Ganguren.

Txirrindulariak Gangurenen gora, 2023ko Frantziako Tourrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Txirrindulariak Gangurenen gora, 2023ko Frantziako Tourrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko apirilaren 9a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ganguren ez da beste tontor bat. Ez, behintzat, Igor Antonentzat (Galdakao, Bizkaia, 1983). Umea zela, behin eta berriz igo zen bertara pedalei eraginez, eta ohiturari eutsi egin zion txirrindulari profesional bilakatu zenean. Gainera, mendate horrek lotura zuzena du Antonek bere kirol ibilbidean bizi izan zuen momenturik gozoenetako batekin. Bi aldiz igo zuten Ganguren 2011ko Vueltako 19. etapan, Bilbora bidean, eta galdakoztarrak bere legea ezarri zuen etxeko igoeran. Gauzak hala, «ilusioa» eta «nostalgia» nahastu zaizkio gaur Itzulian lehiatuko den etapa diseinatzeko garaian. Galdakao abiapuntu eta helmuga izango da, eta ibilbideak Antonen zigilua darama: Gangurenera hiru igoera egin beharko dituzte txirrindulariek.

Aspaldiko nahia zen Antonentzat Galdakaok berriz ere Itzuliko etapa bat hartzea, eta «oso pozik» dago gaur irteera eta helmuga bertan egongo direlako. «Goiz-goizetik txirrindularitza zalez beteko da herria». Ibilbidea haien denen gozagarri izatea espero du. Etaparen diseinuaz Anton arduratzea nahi zuten Itzuliko antolatzaileek, eta ziklista ohiak Galdakaoko Udalaren bidez jaso zuen proposamena. «Gogo onez onartu nuen. Galdakao zer den erakusteko aukera bat zen».

«Gogo onez onartu nuen. Galdakao zer den erakusteko aukera bat zen. Goiz-goizetik txirrindularitza zalez beteko da herria» 

IGOR ANTON Txirrindulari ohia

Nabari da Anton eskalatzaile petoa izan zela, gaurko etapa mendatez josia egongo baita —zazpi igoko dituzte guztira—. «Txirrindulari batzuek agian pentsatuko dute ez dudala gupidarik izan [barrezka]. Ibilbide aldetik, klasiko gogor baten antza du. Nolabait ere, igotzaileentzako klasiko bat izango da: distantziaz klasiko bat baino laburragoa (167 kilometro), baina gogorra. Adibidez, gehiegizkoa izan daiteke Amstel Gold Racen ondo dabiltzanentzat. Antz handiagoa du Lieja-Bastogne-Liejarekin».

Tropelak Gernika-Lumorantz joko du hasieran, kostaldera bidean, eta Galdakaora itzuliko dira gero, Laukiztik. Tarte horretan lau mendate gainditu beharko dituzte: Aretxabalgane, San Pelaio, Jata eta Unbe. «Bizkaiko kostaldearen edertasuna erakutsiko dute lehen kilometroek. Era berean, aurreneko mendateen ondorioz, ziklistak nekea pilatzen hasiko dira». 67 kilometro falta direnean, tarteko esprinta jokatuko da Galdakaon, eta, hortik aurrera, Ganguren bilakatuko da arretagune nagusia. Ez behin, ez bitan: hiru bider igo beharko dute. Gainera, hiru igoerak ez dira bide beretik egingo. «Horrek beste ukitu bat emango dio etaparen azken zatiari. Azken igoera puntuagarriari Legina deitu diote, baina funtsean, txirrindulariak Ganguren gainera iritsiko dira».

Antonek azaldu duenez, igoera jakin horri lehen aldiz egingo zaio aurre lasterketa profesional batean. Eta beste horrenbeste esan daiteke Gangurengo lehen pasaeraz; Elexalde auzoan egongo den helmugatik igaro, eta tontorrerantz egingo dute, asfaltatu berria den bide batean gora eginez. «Igoera guztiz berria da, eta zirrara eragiten dit. 200 metro oso gogor ditu, eta tropelean gauzak serio jarriko dira. Ez da eraso nabarmenik egongo ziurrenik, baina lasterketa bertan hasiko da gogortzen».

Hortzak are gehiago estutu beharko dituzte Ganguren igotzen duten bigarren aldian. Bengoetxe auzotik iritsiko dira, batez beste %8,1eko pendiza duen malda tentea gaindituta. «Bertan hautaketa nabarmena izango da tropelean». Benetako erasoak, berriz, Leginako mendatean ikusiko dira. «Etapako momenturik garrantzitsuena izango da. Azken mendatea da, eta gailurretik helmugara bederatzi kilometro daude bakarrik. Tontorra igaro ostean, ez dut uste txirrindulariak berriro bilduko direnik». Nolanahi ere, baliteke garaipena azken momentuan erabakitzea, helmugara iristeko kilometro bateko aldapa tentea gainditu beharko baitute.

Hauspoa harrobiarentzat

Horiek horrela, Antonek uste du faboritoak sakabanatu egingo direla. «Haien artean jokatuko dute etapa, eta, azken aldapara batera iritsita ere, helmugan aldeak egongo dira». Oraindik txirrindulari profesionala izango balitz, malda horren zain geratuko litzateke Anton? Edo lehenago egingo luke eraso? «Momentuko inspirazioaren arabera, baina garbi izanik hobeto moldatzen nintzela igoera luzeetan laburretan baino. Agian, Bengoetxetik egingo duten igoeran saiakeraren bat egingo nuke, baina erasorik gogorrena Leginarako gorde».

Igoerek ez ezik, jaitsierek ere garrantzia izan lezakete; 2023ko Tourrean, adibidez, Richard Carapazek eta Enric Masek eroriko txarra izan zuten Ganguren jaisten ari zirela. «Jaitsiera hori ibilbidetik kendu dugu, arriskua gutxitze aldera. Ez dut uste arazorik izango denik, baina ezin da ahaztu ziklismoak berea duela arriskua».

«Faboritoen artean jokatuko dute etapa, eta, azken aldapara batera iritsita ere, helmugan aldeak egongo dira»

 IGOR ANTON Txirrindulari ohia

Azkenekoz 1996an amaitu zen Itzuliko etapa bat Galdakaon. Orduan ere, Elexaldeko aldapan egon zen helmuga; amaiera lasterketa liburuan zirudiena baina gogorragoa izan zela salatu zuen Francesco Casagrande irabazleak. Antonek gogoan ditu egun hartako irudiak, baina etapa ez zuen zuzenean ikusi. «Ordurako bi urte neramatzan ziklismoan, baina lasterketak ez nituen apenas ikusten. Gozamenagatik hasi nintzen bizikletan, eta ez profesionaltasunak erakarrita». Gaur egun, Galdakaoko Txirrindulari Elkartearen eskolan dihardu Antonek, eta uste du Itzuliko etapa bat hartzea akuilu izan daitekeela herriko harrobiarentzat. «Umeen artean eragina izan dezake, azken finean mundu mailako ekitaldi bat baita Itzulia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA