Igor Anton da 2010eko denboraldian lasterketa bat irabazi duen lehenbiziko euskal txirrindularia. Euskaltel-Euskadiko galdakoztarrak Gaztela eta Leongo Itzuliko hirugarren etapa irabazi, eta lider jarri da.
Leon eta El Morrederoko gainaren (Espainia) artean jokatu dute hirugarren etapa -158,8 kilometro-. Antonek bi kilometroren faltan erasoa jo eta 13 segundoko aldea atera die Alberto Contadorri (Astana), Ezequiel Mosquerari (Xacobeo) eta Mauricio Solerri (Caisse d'Epargne).
Denboraldiko hirugarren garaipena da Euskaltel-Euskadirentzat. Aitzineko biak Samuel Sanchezek irabazi zituen: Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa eta Udaberriko Sari Nagusia.
txirrindularitza