Osasunako entrenatzailea

Alessio Lisci: «Ikasi egin behar izan dut futbolaz nola deskonektatu; lehen ez nintzen gai»

Hasiera nahasia izan zuen Liscik Osasunan, eta italiarrak aitortu du beste klub batean, agian, kargua galduko zukeela udazkeneko bolada txarraren erruz. Gauzak zeharo aldatu dira geroztik, baina zuhurtziaz mintzatu da: «Behera begira jarraitzen dugu».

Alessio Lisci Osasunako entrenatzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
enaut agirrebengoa
Iruñea
2026ko martxoaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jendea joan-etorrian dabil Sadarren, Osasunaren lehen taldeak entrenamendua bukatu berritan. Jokalari gehienek aldagelarantz egin dute, eta zelaia libre geratu da. Lorezainek hartu diete txanda. Alessio Lisci (Erroma, 1985) solasean ari da talde teknikoko kideekin, baina aulkirantz jo du laster elkarrizketako galderei erantzuteko prest. Bertatik zuzenduko du Osasunak gaur Mallorcaren aurka jokatuko duen partida garrantzitsua (14:00, Movistar).

Hasteko, gaurkotasunari loturiko galdera bat: nola eragiten dizu zuri, teknikari moduan, Braulio Vazquezek [kirol zuzendaria] eta Cata Prietok [idazkari teknikoa] kontratua 2029ra arte luzatu izanak?

Luxua da beraiekin lan egitea. Oso onak dira beren lanean, eta haiek hemen jarraitzea garrantzitsua da niretzat, eta oro har, Osasunaren parte garen denontzat. Emaitzez harago, taldea beste inork ez bezala ezagutzen dute Brauliok eta Catak.

Normala da zu pozik egotea haien jardunarekin, goi mailako taldea osatu baitute zuk zuzendu dezazun.

Uste dut azken bi merkatuak oso onak izan direla. Asko esan da talde murritza geneukala, baina nik horrela izatea onartu nuen. Bestela, ematen du garai zailetan errua kirol zuzendariak duela, eta ez da horrela. Erabakiak elkarrekin hartu ditugu. Urtarrilean, beste klub askok baino diru gehiago geneukan, aurrez talde murritza osatu izanaren ondorioz, eta horrek aukera eman digu neguko merkatuan oso fitxaketa onak egiteko.

Honako hau esan zenuen zure aurkezpenean: «Osasuna klub egonkor baten definizioa iruditzen zait». Egonkortasun hori ondo islatu zen urrian eta azaroan izan zenuten bolada txarrean. Beste klub batean egon izan bazina, kargua galduko zenukeen?

Baliteke. Agian ez zen bidezkoa izango, baina askoz ere kargugabetze arraroagoak gertatu izan dira futbolean. Guk izandako bolada txarra justifikatuta dago, hainbat jokalari garrantzitsu min hartuta izan zirelako. Orain bolada onean gaude, eta ematen du entrenatzaile ona naizela. Baina gakoa da ia jokalari guztiak ditugula eskuragarri. Horri esker, lauko defentsara pasatu ahal izan gara. Denboraldiaurretik esan dut gure futbola lau atzelariko sistemaren baitan egituratu behar zela, baina momentu batzuetan ez da posible izan; orain, ordea, bai.

Zer esan zizuten agintariek garairik txarrenean, eta zer igorri zizuten zaleek Sadar futbol zelaiko harmailetatik?

Klubak babestu egin nau beti. Hori oso garrantzitsua da lasai lan egiteko, ahaztu gabe emaitzak sakratuak direla. Klub bat egonkorra denean, agian bi edo hiru aukera gehiago izan ditzakezu, baina erantzun beharra duzu lehenago edo beranduago. Bestalde, zaleek gure alde egin dute garai txarrenean, taldeak hori behar zuela ikusita. Sadar altxor bat da.

«Zaleek gure alde egin dute garai txarrenean, taldeak hori behar zuela ikusita. Sadar altxor bat da»

Realaren aurka 1-3 galdu zenutenetik, nabarmen hobetu da taldearen jarduna, joko nahiz emaitza aldetik. Min hartuta izan diren jokalariak berreskuratzeaz harago, zein izan da aldaketaren gakoa?

Funtsezkoa izan zen Realaren aurka galdu ondoren emaitza onak lortzea, Mallorcaren aurka berdindu eta Sadarren bi garaipen kateatuta. Jaitsieratik apur bat aldenduta, gauzak lasaitasun handiagoz egiteko aukera izan genuen. Neguko oporretara sentipen onekin joan ginen, eta horrek asko lagundu digu aurrera begira.

Jokalariei zenbateraino kosta zaie zure metodologia eta jokamoldea barneratzea?

Ez dakit. Aldaketa bat dagoenean, beti mugitzen da zerbait, eta beharrezkoa da aldebiko egokitzapena gertatzea: jokalariek teknikari berriak dakarrenera ohitu behar dute, baina entrenatzaileak ere aintzat hartu behar du non dagoen eta zer jokalari dituen. Oso itxia izateak ez dio inori laguntzen. Uste dut jokalariek urrats bat egin dutela niregana, eta, era berean, nik pauso bat eman dut haiengana.

Eta zertan datza zuk eman duzun pauso hori?

Zenbait egoera egokitu behar izan ditut: adibidez, baloirik gabe, arrisku gutxiago hartzea momentu jakin batzuetan. Orain alor hori fintzen ari gara, taldea aldarte onean baitago. Hasiera batean neukan ideiara gerturatzen ari gara. Baloiarekin, berriz, dena apur bat gehiago automatizatu dugu, jokalariei gauzak sinplifikatzeko. Uste dut ondo etorri zaigula.

Taldea zer zentzutan hazi da gehien denboraldiak aurrera egin ahala? Eta zer hobetu nahiko zenuke denboraldia amaitu baino lehen?

Izan dugun hazkundeari dagokionez, zelatatze aldetik izan den egitura aldaketa nabarmenduko nuke. Horrek trantsizioan jasotako gol kopurua asko murriztea ekarri du. Eta, horri esker, taldeak baloiarekin segida handiagoa izan dezake. Aurrera begira, hobetzeko tartea dugu aurkariek goian estutzen gaituztenean. Halaber, B plana aktibatzeko gai izan behar dugu Budimir erdiraketen bidez aurkitzen ez dugunean.

«B plana aktibatzeko gai izan behar dugu Budimir erdiraketen bidez aurkitzen ez dugunean»

Ezin da jakin zenbat urtez izango zaren Osasunaren aulkian, eta zurekin zenbat garaipen handi lortuko dituen taldeak. Baina zaila izango da Sadarko azken partidan gertatu zena gainditzea.

Asko gozatu dugu, baina ezin gara bertan goxo geratu. Itzela da Real Madrili irabazi izana, horren zain urte asko pasatu ondoren; ordea, sailkapenari begiratuta, hiru puntu izan ziren, besterik ez. Garaipen hori behar bezala ospatu genuen, baina aurrera begiratu beharra dago.

Eta sailkapenari erreparatzean, gora edo behera begiratzen duzue?

Behera, oraindik ez baitiogu mailari eutsi. Dugun puntu kopuruarekin, sasoi amaieran Bigarren Mailara jaitsiko ginateke ziurrenik. Puntuak biltzen jarraitu behar dugu. Eta, alde horretatik, sekulako garrantzia dauka asteburuan [gaur] Mallorcaren kontra jokatuko dugun partidak. Irabaziz gero, birtualki salbazioa lortuko genuke: hamabi puntura izango genuke jaitsiera, eta horri golen aldea batu beharko litzaioke. Baina galduz gero, ia hutsetik hasi beharko genuke. Kontu handia izan behar dugu.

Mirandesekin igotzeko borroka betean zinela eman zenion baiezkoa Osasunari. Nola bizi izan zenituen aste horiek?

Eskaintza asko baztertu nituen hasiera batean. Oso klub garrantzitsuak zeuden tartean; batzuk atzerrikoak, Ingalaterrakoak adibidez. Eskaintza handiak ziren. Baina denei gauza bera erantzun nien: ez nuen ezer sinatu behar Mirandesekin zer gertatzen zen jakin arte. Lehen Mailara igo nahi nuen Mirandesekin, posible zela ikusten bainuen. Baina Osasunaren kasuan, dena gustatzen zitzaidan. Egin beharreko urratsa zen.

Zeintzuk dira zuregan eraginik handiena duten entrenatzaileak?

Ez dakit, entrenatzaile askori saiatzen bainaiz gauzak «lapurtzen», nolabait esatearren. Puri-purian dauden teknikariei begiratzen diet, baita aurkari gisa gustatu zaizkidanei ere. Gaur egun, denon ahotan daude Guardiola, Flick eta Arteta, besteak beste. Gertutik erreparatu beharrekoak dira. Fabregas ere gauzak oso ondo ari da egiten. Eta, noski, klub apalagoetan ere goi mailako entrenatzaileak daude. Izen guztiak aipatu beharko banitu, bihar amaituko genuke.

Oroz gain, zeintzuk dira prestatzaile batek eduki behar dituen bertute nagusiak?

Eguneratuta egotea, eredu malgua izatea duzun taldera egokitu ahal izateko, eta futboleko klub baten inguruan dagoen guztia kudeatzeko gai izatea. Horrez gain, oso garrantzitsua da partiden irakurketa egokia egin, eta gidoia norberak nahi duen moduan aldatu ahal izatea.

Zer gustatzen zaizu gehien teknikari lanaz? Eta zer gutxien?

Gehien gustatzen zaidana irabaztea da, batez ere landu duzuna zelaian islatzen bada. Horrez gain, ederra da talde batean zure esanetara izandako jokalari bat urte batzuen ondoren ikusi, eta bere esker ona eta aitortza jasotzea. Okerrena, berriz, lanean igarotzen dugun ordu kopurua da. Oso denbora libre gutxi dugu. Era berean, ez zaizkit gustatzen egiten dugunaz ideiarik ere ez duen jendearen kritika bidegabeak, baina onartu egin behar dira.

Denbora libre gutxi duzula diozu. Etxera iristean deskonektatzeko gai zara?

Gaur egun, bai. Ikasi egin behar izan dut futbolaz nola deskonektatu; lehen ez nintzen gai. Laguntza profesionalari esker lortu dut gogoa kontrolatzea. Bestela, ezinezkoa litzateke.

Nola deskribatuko zenuke zeure burua zelaietatik kanpo, etxekoekin edo lagunekin zaudenean?

Oso umoretsua eta gertukoa naiz, kanpotik ikusita agian ez dirudien arren. Pertsona normaltzat dut neure burua: ondo jatea eta edatea gustatzen zait, baita kirola ikusi eta egitea ere. Bidaiatzea ere oso gogoko dut, horretarako tarte handirik ez dudan arren.

«Galdezka nabil beti, ea euskaraz entzuten dudan hitz bakoitzak zer esan nahi duen»

Zer moduz bizi zara Iruñean, eta zer nabarmenduko zenuke hemengo bizimoduaz?

Primeran bizi naiz, eta nabarmenduko nuke oinez joan zaitezkeela ia edozein tokira. Niretzat, erromatarra izanik, luxu itzela da edozertarako autoa hartu behar ez izatea. Erroman zoratu egiten naiz horrekin. Bestalde, oso ondo jaten da hemen; ez dut Italiako janaren falta sumatzen.

Aurkezpen agerraldian, lehen hitzak euskaraz esan zenituen: «Ongi etorri». Hiztegia aberasterik izan duzu?

Bai! Galdezka nabil beti, ea euskaraz entzuten dudan hitz bakoitzak zer esan nahi duen. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit. Euskara, hori bai, oso zaila da. Hitz solte batzuk esateko gai naiz, baina besterik ez. Asko gustatuko litzaidake euskara ikastea; tamalez, ordea, ez daukat horretarako astirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA