«Ez dakit sekula eskertu ahal izango diedan artolatarrei eman didaten opari eder hau. Zorte eta pribilegio izugarria da hau guztia barrutik ezagutzea eta bizitzea». Iñaki Artolaren botileroak egin du aitormen hori, Iker Iriartek (Alegia, Gipuzkoa, 1984). Ez da ari bakarrik botilero lanaz. Haratagokoa da haien arteko harremana. «Autoan egiten ditugun bidaiak, elkarrekin pasatzen ditugun orduak... Sekulako zortea dut tarte horiek guztiak haiekin pasatzeagatik. Gainera, Iñakiren garairik onenean, kirol heldutasun gorenean, ari naiz hori bizitzen. Opari ikaragarria da».
Iriartek ia hiru urte daramatza Artolaren botilero. Oso ondo gogoratzen da nola egin zioten eskaintza Artola anaiek, Mikelek eta Iñakik. «Artola-Izagirre familia oso gertukoa dut aspalditik. Auzo berekoak gara, Larraitz auzokoak, eta Iñaki ikasle izan nuen bertso eskolan. 2023ko udazkenean Mikelek eta Iñakik deitu zidaten, eta Iñakiren botilero izatea proposatu. Mikel zebilen anaiaren botilero, baina aita izan berri zen, eta jo eta ke zebilen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa antolatzen. Orduan, nigana jo zuten». Ezustean harrapatu zuten. «'Zergatik jo dute nigana, eta zer espero dute nigandik?' pentsatu nuen. Baina baiezkoa eman nien». Gaur-gaurkoz, argi du zer eskaintzen dion Artolari. «Jakintza baino gehiago, denbora eta laguntasuna eskaintzen dizkiot. Hamaika gaiz hitz egiten dugu: politikaz, literaturaz, feminismoaz, musikaz, bertsolaritzaz... Ia ez dugu hitzik ere egiten pilotaz».
Dezentetan biltzen dira mahaiaren bueltan. Izan ere, kontatu duenez, Artolak badu ohitura bat partidak jokatu eta gero. «Irabazi ala galdu, elkarrekin afaltzen dugu». Gauza bera egin zuten Unai Lasori irabazi eta buruz buruko finalerako sailkatu zenean. «Nabari zen Iñaki finalerako sailkatu zela. Pozik ginen». Pozik bai, baina neurrian. «Horretan eredu handia da Iñaki. Kirol ibilbide luzea egin du, eta gauzak erlatibizatzen irakatsi digu: irabazten duenean euforiko ez jartzen, eta, galtzen duenean, dramara ez jotzen».
Afaldu arte oso gutxi egon zen Artolarekin. «Partida bukatu eta besarkatu egin ginen, baina gero ia ez ginen egon elkarrekin, Iñaki komunikabideekin hitz egiten aritu baitzen. Ni aldagelara sartu, eta Lasorekin hitz egiten aritu nintzen. Gero, komunean sartu, eta negarrez hasi nintzen. Jende askorekin gogoratu nintzen: Iñakiren zale sutsu diren lagun minekin, bereziki gaixo dagoen lagun min batekin, gure aita zenarekin... Gero, Iñakiren anaia Mikel, nire anaia eta hirurok elkartu ginen; izugarri hunkitu ginen».
«Inondik inora ere ez zen ezustekoa izan Iñakik [Artolak] Lasori irabaztea. Ezustekoa litzateke nik Lasori irabaztea»
IKER IRIARTE Iñaki Artolaren botileroa
Pilatutako tentsioaren eraginez, pilotari askori kosta egiten zaie lo hartzea partida bat jokatu ondoren. Gauza bera gertatzen zaio Iriarteri. Azkenekoz, egun horretan gertatu zitzaion. «Gauerdian iritsi nintzen etxera, eta ohean sartu. Baina ezin nintzen lokartu. Ezin izan nion tentazioari eutsi, eta ordenagailua piztu, eta partida ikusi nuen». Gozatu egin zuen pantailaren aurrean, Artolak erakustaldia egin baitzuen.
Larrazabalen aurkako ezina
Artolak txapelketan egindako lana aztertzeko, atzera egin du Iriartek, eta pasatutako sufrimendua gogoratu. «Sufritu egin dugu txapelketa honetan, batez ere, aurreneko partidan, Iñakik Larrazabalen aurka galdu zuenekoan. Kezkatu egin nintzen egun horretan, motel eta ahul ikusi bainuen Iñaki. Peñaren eta Zabalaren aurka, ordea, beste Iñaki bat ikusi nuen, freskoagoa. Lasoren aurka, berriz, dena oso bestelakoa izan zen. Iñaki oso ondo hasi zen, sakez min handia eginez. Aldiz, Laso ez zen ondo hasi. Horrek partidaren kudeaketa aldatu zuen: atsedenaldiena, aholkuena... Hala ere, Iñaki 20-13 zihoanean ere arriskua ikusten nuen, Lasok lasai asko egin zezakeelako Iñakik aurreko partidetan egindakoa: atzetik aurrera egin, eta irabazi. Ez zen horrelakorik gertatu, eta txapelketa honetan lehen aldiz, lasai xamar bukatu genuen partida».
Iriarte ez dago batere ados Artolak Lasori irabaztea ezustekoa izan zela diotenekin. «Inondik inora ere ez zen ezustekoa izan. Altuna eta Laso egungo izarrik handienak dira, baina Iñakik hirugarren finalerdia zuen jarraian, bitan iritsia zen finalera, eta iaz Altunari irabaztear egon zen finalean. Ezustekoa litzateke nik irabaztea Lasori, ez Iñakik Lasori irabaztea». Sutsuki nabarmendu du Artolaren balioa. «Egiten ari dena kontuan hartuta, jada ezin da ezustekotzat jo egiten duena. Komunikabide batzuek beste batzuei baino gehixeago eskatzen diote Iñakiri, eta egiten duena zalantzan jarri. Baina iruditzen zait Iñakik fama txar hori merezimendu osoz kendu duela gainetik».
«Komunikabide batzuek dudan jartzen dute Iñakik egiten duena. Merezimendu osoz kendu du fama txar hori gainetik»
IKER IRIARTE Iñaki Artolaren botileroa
Aitortu duenez, artolazale bat baino gehiagok esan dio finala Dario Gomezen aurka jokatzeak txapela irabazteko lanak errazten dituela. Errieta egin die horiei. «Dariorekiko errespetu falta handia da hori. Dariok zortzian utzi zuen Altuna! Aurretik Elordiri irabazi zion, eta, ondoren, Jakari. Hau da, buruz buruko hiru txapelduni irabazi die. Galdu egin zuen Lasoren kontra, baina jada sailkatuta zegoen finalerdietarako».
Haren ustez, Dario «azken urteetako buruz buruko pilotaririk onenetakoa» da. «Txapelketa nola joan den ikusita, galdetuko balidate nor ez dudan aurkari izan nahi finalean, Dario esango nuke: onena izan da, baita ikuskizun gehien eman duena ere. Finala jokatuko dutenekiko errespetu falta iruditzen zait esatea Laso edo Altuna ez daudela finalean. Altunak eta Lasok txapelketa jokatu dute, ez zeuden min hartuta. Guzti-guztiek jokatu dute, eta Iñaki eta Dario iritsi dira finalera. Haiek izan dira onenak. Orain, joka dezatela final on bat».
Artolarik onena espero dute
Sinetsita dago finala «oso-oso gogorra» izango dela. Bi finalistek dituzten dohainei erreparatu die. «Biek dituzte dohain fisiko izugarriak eta hanka azkarrak. Ez diote beldurrik partida gogortzeari, eta gogortzen denean borrokan jarraitzen dute. Borrokarako mentalizatuta joan behar dugu: tanto gogor asko jokatuko dituzte, eta baliteke zenbait unetan detaileak erabakigarriak izatea. Ea detaile horietan asmatzen dugun». Zailtasunak zailtasun, «itxaropentsu eta ilusioz gainezka» dago. Abisua eman du: «Oraindik ez dugu Iñakirik onena ikusi. Ea finalean beste koska bat egiten duen gora. Iñaki ondo ikusi nahi dugu. Ondo ikusten badugu, txapela gertu egongo da. Bestela, ez du irabaziko. Eta Iñaki ondo ikusita ere agian ez du irabaziko, litekeena da eta Dario hobea izatea. Hori gertatzen bada, Dario besarkatu eta zorionduko dugu. Ea azken urratsa egin eta Iñakik txapela irabazten duen».
«Txapelketa nola joan den ikusita, galdetuko balidate nor ez dudan aurkari izan nahi finalean, Dario esango nuke: onena izan da»
IKER IRIARTE Iñaki Artolaren botileroa
Hala ere, azpimarratu duenez, Artolak edo Dariok irabazi, ekainaren 1ean «eguzkia aterako» da, eta, «zorionez», gauzak ez dira horrenbeste aldatuko. «Lehen, uste genuen zerbait aldatuko zela binakako edo buruz buruko final bat jokatu eta gero, baina esperientziak erakutsi digu gauzak gutxi aldatzen direla. Debutatu berritan, jendeari eta enpresari erakutsi nahi izate horrek antsietatea eragiten du. Iñakik, ordea, erakutsi du erakutsi beharrekoa, baita hori ikusi nahi ez duenari ere. Lasai ari da orain. Elkarrizketaren batean esan du ez duela bizi final hau azkena balitz bezala, agian beste bi jokatuko baititu. Erabat ados nago berarekin. Ni ere lasaiago nabil final honen inguruan. Munduan gauza asko daude pilota eta kirola baino garrantzitsuagoak». Lasaiago ikusten du ingurua ere. «Iazkoa tsunami erraldoia izan zen. Jendeak uste zuen agian ez zuela beste finalik jokatuko. Aurten, ordea, ez dago euforia edo berritasun hori. Dario eta haren ingurua ariko da hori bizitzen, eta horrek dauzkan gauza on eta txar guztiak. Guk iaz ikasi genuena jarri behar dugu praktikan».
Gertatzen dena gertatzen dela, Iriartek plana egina du finalaren biharamunerako. «Turismo gida naiz ofizioz, eta Perutik iritsi berria naiz. Astelehenean, berriz, Kenyara noa. Ondo legoke txapela irabazita bidaiatzea».