Altuna III.a 22-3 Dario

Ikuskizuna eman, eta finalaurrekoetarako sailkatzea lortu du Altuna III.ak

Amezketarra aise gailendu da Darioren aurka: 20-1 hasi da irabazten. Elordiren aurka jokatuko du, gaur zortzi, Bilbon.

Dario eta Altuna III.a, gaur, Tolosako Beotibar pilotalekuan (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
2022ko urriaren 30a
18:57
Entzun

Altuna III.ak joan den astean izan zuena egun txar bat besterik ez zen. Horixe erakutsi du gaur. Peio Etxeberriaren aurka galdu zuen ordukoan, baina atera ez zitzaizkion jokaldi guztiak gaur atera zaizkio. Dariori egurra eman eta finalaurrekoetarako sailkatzea lortu du amezketarrak. Ez da lehiarik izan Beotibar pilotalekuan (Tolosa, Gipuzkoa).

46 pilotakada eskasetan 12-0 aurretik zen Altuna III.a, atsedenaldiaren aurretik. Ez du pilotakada txar bat bera ere jo gipuzkoarrak, 20-0ra arte. Gehienak, gainera, sakez egin ditu (azkenerako, hamar). Dariok lortu du tanto bat edo beste luzatzea, baita Altuna estutasunetan jartzea ere, baina ez du behin ere errematatzen asmatu. Nahi eta ezin. Ikusgarri aritu da Altuna. Zazpigarren urtez jarraian izango da lau eta erdiko txapelketako finalaurrekoetan.

Kontuak hala, zehaztu dira finalaurrekoak: datorren larunbatean, Iruñean, Labriten, lehen finalaurrekoa jokatuko dute Peio Etxeberriak eta Joseba Ezkurdiak. Gaur zortzi, berriz, Bilbon erabakiko da bigarren finalista, Elordiren eta Altunaren arteko partidan. Aspekoak dira lau pilotariak: atzo Unai Laso kanporatuta, pilotaririk gabe geratu zen Baiko.

Ikusi gehiago:Ezkurdia, bi aldiz hobea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.