Izerdia eta nekea. Nadalek eta Verdascok finalerdi luzea jokatu zuten atzo. Biak ala biak sendo aritu ziren. Guztira, bost set jokatu zituzten, eta horietako hiru tie-break-ean erabaki ziren. Hain justu, lehen seta tie-break-ean irabazi zuen espainiarrak. Bigarren eta hirugarren setak, ordea, Nadalek irabazi zituen. Kataluniarrak jokorik onena erakutsi eta zorte pixka batekin aurrea hartu zuen. Baina Verdascok ez zuen amore eman. Finalerdietara ez zen besterik gabe iritsi. Aurretik, Andy Murray eta Wilfried Tsonga gainditu zituen; munduko laugarren tenislaria eta iazko finala jokatu eta galdu zuen frantziarra, hurrenez hurren. Horrela, espainiarrak laugarren seta irabazi, eta bosgarrena behartu zuen.
Finala gertu eta urrun. Verdascok urduri jarri zuen Nadal. Finalera hurbiltzen ari zen. Baina kataluniarrak presioa gainditu eta behar bezala bideratu zuen azken seta. Gero espainiarraren oparia iritsi zen. Seta berdintzeko aukera zuela, Verdascok lehen sakea kanpora bota zuen, eta bigarrena sarera. Falta bikoitza egin zuen. Sarera bota zuen bost orduan egindako lan ona.
Mendekua eta marka
Bigarren finalerdia jokatu aurretik, Federerrek adierazi zuen finala Verdascoren kontra jokatu nahi zuela. Bihar, ordea, Nadalekin konformatu beharko du. Suitzarra aise zebilen tenisean kataluniarra agertu zen arte. Lorpenen zakua ez du horren erraz gizentzen ordutik. Ondorioz, bihar mendekua hartu nahiko du. Horrezaz gainera, Australiako Irekiko historian Nadal finalera iritsi den laugarren kataluniarra da. Aurretik, Juan Gisbert, Andres Gimeno eta Carlos Moya iritsi ziren. Hirurek galdu egin zuten. Hori dela eta, Nadalek aukera paregabea du historia egiteko. Pixka bat gehiago.