Emakumezkoen txirrindularitzaren egoera Euskal Herrian

Ilunpetan arnasestuka

Kopuruz, hainbestean, baina baliabidez oso urri dabil emakumezkoen txirrindularitza. Joane Somarribaren garai onenak ahaztuta, astindu handi bat behar dela aitortu dute txirrindulariek eurek eta arduradunek.

unai zubeldia
Donostia
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bizikleta guztiek dauzkate bi pedal. Baina batzuenak gogorrago egoten dira eragiteko. Ordekan ere aldapa igo behar izaten dute horiek. Entrenatu, inor ez bezala entrenatzen dira; zaindu, xehetasunik txikiena ere zaindu behar izaten dute; bidaiatu, baldintza kaskarragoetan bidaiatu behar izaten dute; baina komunikabideetan eta gizartean bertan itzalean geratzen dira gehienetan. Haien garaipenak ez dira hain garaipen. Lance Armstrongen kasua eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) egokitutako puntuen sistema; besterik ez dago gaur egungo txirrindularitzan. Aleksandr Serebriakov Euskaltelek fitxatu berri duen errusiarra ezagunagoa da Ane Santesteban errenteriarra baino. Eta Limburgoko Munduko Txapelketan aritu zen Santesteban; 54. postuan amaitu zuen, Marianne Vos herbeheretarrarengandik 5.03 minutura.

Errepideko lehiari dagokionez, gizonezkoetan Euskaltel da Euskal Herrian gorengo mailan dagoen talde bakarra, eta aurten arte goi mailako hiru talde aritu dira emakumezkoetan: Bizkaia-Durango, Lointek eta Debabarrena-Gipuzkoa. Azken horrek, halabeharrez, herren egin du, eta beste bi taldeek soilik segiko dute maila gorenean lehiatzen. Baina maila goren hori guztientzat ez da maila goren. Begiratu diru kontuei; talde bakoitzaren irabaziei; lortzen duten oihartzunari... Erretiratu zen Joane Somarriba, eta erretiratu da Eneritz Iturriagaetxebarria ere (Abadiño, Bizkaia, 1980). «Atsedena behar nuen; asko sufritu dut honaino iristeko».

Bere garaian atzerrira joan behar izan zuen bizkaitarrak nor izateko. «Ikaragarri gogorra izan zen. Maila baneukan, baina asko kostatu zitzaidan etxetik ateratzea eta haien erritmora egokitzea. 24 orduz eliteko txirrindulariak ziren haiek; hor dago gakoa». Hortik aurrerako guztia samurragoa izan zela aitortu du. «Asteburu guztietan haien ondoan lehiatuz gero, ikasi egiten duzu une bakoitzean zer egin behar duzun. Ez da egia hemen mailarik ez dagoela. Ez dezagun engaina geure burua. Maila badago, baina dirurik eta interesik, ez».

Hyundai Oarso Car Gipuzkoako pistako talde berriaren gisako proiektu politak sortzen ari dira tantaka-tantaka —Unai Iparragirre eta Irene Usabiaga dira taldeburuak—. Baina kezkatzeko modukoak dira errepideko datuak. Euskal Herri osoko zenbakiak aintzat hartuta, emakumezkoen lizentzia kopurua ez da iristen 50era; Gipuzkoan daude lizentzia gehien elite eta elite UCI mailan: hamazazpi denera. «Nahiko negargarria da egoera». Leire Olaberriak (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977) badaki zerbait emakumezkoen txirrindularitzaren egoeraz. «Eta gero eta okerrago gaude».

Antzeko hausnarketa egin du Iturriagaetxebarriak. «Oso gaizki dago emakumezkoen txirrindularitza». Maila badagoela onartu du bizkaitarrak. «Txirrindulariak badaude, baina inork ez dauka konfiantzarik gugan. Eta, noski, ezinezkoa da etxean bi probatan arituta atzerrian onenen pare ibiltzea». Buruan dago irtenbidea. «Onenen pare ibiltzeko, onenen ondoan lehiatu behar da. Mentalitate hori barneratu arte ez dugu emango aurrerapausorik».

Egutegiaren arazoa

Arazoa zenbaki hotzetatik haratagokoa dela argitu du, hala ere, Hector Rondan Reyno de Navarra pistako gorengo mailako Nafarroako talde bakarreko managerrak (Fray Bentos, Uruguai, 1953). «Ez dut uste egin dezakegun guztia egiten ari garenik emakumezkoen txirrindularitzaren alde». Ezina hobeto ulertze aldera, adibide praktiko bat jarri du uruguaitarrak. «Gazteak azterketetan daudenean izaten dira lehiaketa gehienak, eta, ondoren, abuztu erditik aurrera, ez daukate lehiatzeko aukerarik. Oharkabean, beste kirol batzuetara bideratzeko aukera eskaintzen ari gara gazte horiei». «Batasun falta» nabari du Roldanek. «Eskoletan ondo ari dira lanean, baina ideiak falta zaizkigu gero; biderik errazenari heltzen diogu beti. Ez dut uste egokiena denik neska horiek kadete edo junior mailako mutilekin batera lehiatzea. Eskaintza zehatzagoa egin behar diegu».

Mendateak igotzen hasi aurretik aldapa gehiegi igo behar izaten dituzte emakumezkoek. Barru-barrutik bizi izan dute hori Iturriagaetxebarriak eta Olaberriak. Pistan hazi da ikaztegietarra. «Eta horrek eman dit aukera nire lekua aurkitzeko». Domina kolkoratu zuen Pekingo Olinpiar Jokoetan, orain lau urte; eta, ezinean ibili arren, Londresko Olinpiar Jokoetan aritzeko aukera izan du aurten. Aldapei izkin egiten asmatu du gipuzkoarrak. «Debabarrena taldean aritu naiz ni, baina pistako errendimenduari esker bihurtu ahal izan dut lanbide hau nire ofizio. Txirrindularitza ofizio izateko, munduko zortzi-hamar onenen artean egon beharra dago». Eta, egungo egoerarekin, ezinezkoaren mugan geratzen da helburu hori.

Euskadiko Txirrindularitza Federazioko emakumezkoen alorreko burua da Arantzazu Azpiroz txirrindulari ohia (Berastegi, Gipuzkoa, 1981). «Gu lehiatzen hasi ginenean baino hobea da egoera, azken urteotan goi mailako hiru talde eduki ditugulako». Baikor antzean hasi du gogoeta. «Baina kanpora ateratzeko baliabide askorik ez daukagu».

«Emakumezkoen errepideko txirrindularitzaz hitz egitean, galdu egiten da profesional hitza». Alderatzen hasi da Olaberria. «Bai, hiru talde zeuden orain arte elitean, baina ez dauka zerikusirik gizonezkoek darabilten profesional hitz horrekin». Arazoaren muinera joan da gipuzkoarra. «Emakumezkoen txirrindularitzak ez du ezer sortzen; ez irrikarik, ez publizitaterik, eta ez ezer». Ikaztegietarrak leku bakarrean aurkitu du argi pixka bat. «Gizonezkoen taldeen egiturapean daude emakumezkoen proiekturik sendoenak. Rabobank taldearen kasua da argiena, akaso. Daukaten egiturarekin, ez zaie askorik kostatzen emakumezkoen talde bat mantentzea; eta gauza bera gertatzen da Specialized taldearekin ere». Iritzi berekoak dira Iturriagaetxebarria eta Azpiroz ere. «Euskaltelen gisako talde batentzat ez da hain zaila emakumezkoen talde bat mantentzea, baina... Diru gehixeago beharko dutela? Bai. Baina gizonezkoekin alderatzerik ere ez dago». Gipuzkoarrarena da azken iritzi hori.

Hausnarketa gehienetan bat datoz guztiak. Ondorengoan ere bai: «Inoiz ez diot aurkitu zentzu handirik Euskal Herrian, hain eremu txikian, UCIko hiru talde izateari, baliabideak erdizka xahutzea esan nahi duelako horrek. Hiru talde horiekin egin genezake talde bakarra, euskal txirrindulari onenekin, erreferentzia politekin, nahiz eta kanpotar batzuk beharko liratekeen taldea indartzeko». Olaberriarena da iritzia. «Zentzuzkoena hori litzateke, baina gizonezkoek egutegi profesionala eta egitura garatua daukate, eta emakumezkoek...». Iturriagaetxebarriak ere batasun hori jarri du oinarri gisa txirrindulariek garapena lortzeko. «Badakit taldeen arteko harremanak ez direla oso onak, baina benetan emakumezkoen txirrindularitzari lagundu nahi badiote, eseri, hitz egin, eta alde batera utzi behar dituzte bakoitzaren arazoak eta interesak. Neskek, zuzendariek, federazioek... denek bat egin behar dute».

Bide bakarra, sufrimendua

Diruak ezin, eta «ilusioak» mugitzen ditu emakumezkoen bizikleten pedalak. «Baina ilusioak ere muga bat dauka», zehaztu du Olaberriak. «Kirol honetan asko sufritu behar da, asko, eta ilusioek errealitate pixka bat ere behar izaten dute une jakin batean; emaitza batzuk behar dira». Baina munduan emaitzak lortzeko egitura bat behar izaten da inguruan. «Eta munduko onenekin lehiatzeko, haien ondoan sufritu beharra dago, otsail-martxoan hasita. Urte guztiko egutegia behar da onenen artean lehiatzeko». Inguru berean topo egiten dute gogoeta gehienek.

Ezkutuan geratzeko egitura handia dauka emakumezkoen egutegiak; 2013rako 84 proba dude goi-goi mailan; tartean daude Durango-Durango klasikoa eta Emakumeen Bira ere. «Baina etxean lasterketak irabazten dituen erreferentziarik ez badago, zaila da beste pauso hori ematea». «Erreferentzialtasuna» eskatu du Olaberriak, eta «sakrifizioa» Azpirozek. «Gogorra da kirol hau, baina merezi du sufritzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.