Euskal selekzioa - Costa Rica

Ilusioa berritzera

Costa Ricaren aurka adiskidantzazko partida jokatuko du gaur euskal selekzioak, Ipuruan (20:45). FIFAko daten barruan jokatzen duen hirugarrena da.

ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 16a
12:54
Entzun

Zalerik gabe bada ere, urte eta erdi geroago euskal selekzioa lehian ikusteko aukera izango da gaur, Ipuruan, Costa Ricaren kontra (20:45, ETB 1). Ikuskizun on bat eman, eta erakundeei ofizialtasunaren bidean urrats zenbait eginaraztea izango da helburua. Costa Rica 50. postuan dago UEFAren zerrendan, eta Europan hainbat partida ari da jokatzen.

Clementek 22 jokalariz osatutako zerrenda eman zuen aurreko astean. Baina, azkenean, hemeretzi izango ditu jokatzeko moduan. Ostiralean, Jokin Ezkieta Athleticeko atezainak positibo eman zuen COVID-19an, eta ezingo du jokatu. Ezta Dani Garciak ere, haren kontaktu zuzena izateagatik bakartuta baitago. Realak, gainera, larunbatean jakinarazi zion federazioari Zaldua eta Zubeldia giharretako arazoekin daudela, eta ez direla partidan izango. Hala, hauek osatzen dute deialdia: Athelticeko Herrerin, Yeray, Yuri, Balentziaga, Villalibre, Morcillo, Muniain eta Williamsek; Realek Aihen, Bautista eta Geberak; Alaveseko Manu Garcia, Martin Agirregabiria eta Aritz Castrok; Osasunako Oier Sanjurjo eta RobertoTorresek; eta, Eibarreko Arbillak.

FIFAk selekzioen lehietarako gordeak dituen datetan selekzioak jokatzen duen hirugarren partida da gaurkoa. 2018ko urriaren 12an Venezuelaren aurka jokatu zuen Mendizorrotzan, eta 4-2 irabazi zuen. Ibai, Bautista, Arbilla eta Elustondo izan ziren golegileak. Iazko maiatzaren 29an, berriz, 0-0 berdindu zuen Panaman. «Partida hauekin helburu hirukoitza dugu: selekzio lehiakor bat osatzea, aurkariek gure aurka jokatu nahi izatea eta ofizialtasunaren bidean urrats batzuk egitea», adierazi du Clementek.

Gaurko aurkaria, Costa Rica, 50. postuan dago FIFAren zerrendan, eta lagunarteko hainbat partida jokatzen ari da Europan. Larunbatean 1-1 berdindu zuen Austrian Qatarren kontra. Coel Campbell izan zen golegilea. Bera da Keylor Navas eta Celso Borgesekin batera selekzioko izarra. Ronald Gonzalez hautatzailea belaunaldi aldaketa bat egiten ari da 2022ko Qatarreko Munduko Kopari begira. 2014an Brasilen jokatutako Munduko Kopan lortu zuen emaitzarik onena halako txapelketa batean. Final-laurdenetan kanporatu zuten Herbehereetako selekzioak penaltietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.